Ignacio Francisco Caneda Deza Ezkabako preso galiziarraren gorpuzkiak identifikatu dira

Antropologia / desobiratzeak, Gerra Zibila

Ostirala, 2024eko azaroaren 22a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

Nafarroako Memoriaren Institutuak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Nafarroako Gobernuko DNA Bankuarekin lankidetzan, Ignacio Francisco Caneda Deza identifikatu berri du, Groveko (Pontevedra) bizilaguna, 2022ko martxoan Berriozarren lurpetik ateratako gorpuzkiak aztertzen. Anarkista eta marinela zen, eta 1934ko uztailaren 11n 4 urte, 7 hilabete eta egun bateko espetxe zigorra ezarri zioten Pontevedrako auzitegian.

Pontevedrarra 1936ko ekainaren 28an sartu zen San Kristobal gotorlekuan, 19 urterekin. Beste 24 kiderekin batera, Caneda San Kristobal gotorlekuan bertan hil zuten 1936ko azaroaren 1ean, gertaera ez oso argi batean ihes egiten saiatzea egotzita. 21 lagun Berriozarko udal hilerrian lurperatu zituzten. 2022an, Txinparta- Fuerte San Kristobal elkarteak Nafarroako Gobernuaren Desobiratze Planari emandako txostenean oinarrituta, Nafarroako Memoriaren Institutuak, Aranzadi Zientzia Elkarteko lantalde teknikoarekin batera, hobi horren desobiratzea aztertu eta burutu zuen.

Ignacio Francisco Caneda Dezarena,Nafarroako Gobernuko DNA Bankuak kudeatzen duen Nasertic-en laborategiaren lanei esker, desobiratzen horretan lortutako laugarren identifikazio genetikoa da. Orain arte, José Creagh, Tomás Nache eta Tomás Mardones identifikatu dituzte, eta haien gorpuzkiak senideei eman zaizkie.

Ignacio Francisco Canedaren familiak bere senitartekoa Berriozarko hobian zegoela Galiziako prentsaren bidez jakin zuen, Tomás Mardones identifikatu ondoren argitaratu zen oharra irakurri zuenean. Nafarroako Memoriaren Institutuarekin harremanetan jarri ondoren, DNA laginak hartu zituzten, eta horiek gorpuzkiak identifikatzeko aukera eman dute. Hori dela eta, Nafarroako Memoriaren Institutuak laguntza eskatu die herritarrei, inm@navarra.es posta elektronikoaren bidez, Berriozarren hobitik atera dituzten15 presoen familiekin harremanetan jartzeko, ez baitago lagin genetikorik horien gorpuzkiak erkatzeko.