Ikertzaileak egun batez

Antropologia / Egungo memoria historikoa

Asteazkena, 2025eko martxoaren 26a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

AZKOITIA BHI-ko ikasleek, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariekin batera, Memoria Historikoa Orainalditik ikastaroa egin zuten. Ikasleek ere, ikerlari izateko aukera izan zuten.

Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek, dokumentazio historikoa eta lekukotzak ekarri zituzten ikasgelara. Ikasleek, metodo zientifikoa baliatuz, 1936ko gerran edota Lehen Frankismoan gertakariak oinarri hartuta, frankistek era sistematikoan gauzatu zuten errepresioa eta hainbat euskal herritarrek pairatu zituzten Giza Eskubideen urraketa larriak identifikatu, eta hauek Aranzadik prestatutako txosten batean bildu zituzten. Horren bidez, Aranzadi Zientzia Elkarteak Egia historikoa berreskuratzeko erabiltzen duen metodo zientifikoa zein gerran zehar eta diktadura frankistako lehen urteetan zehar frankistek gauzatutako Giza Eskubideen urraketa larriak ezagutzeko aukera paregabea izan zuten ikasleek.

Aranzadi Zientzia Elkartearentzat, Egia Historikoa berreskuratzeaz gain, horren ezagupena gizartean zabaltzea ezinbestekoa da. Are gehiago, gure etorkizuna eraikiko duten belaunaldi gazteengan. Gipuzkoako Foru Aldundiak duen Kultura-Eskola programaren baitan Aranzadik proposatutako Memoria Historikoa Orainalditik ikastaroa, beraz, ezinbestekoa da belaunaldi gazteenek gure iraganaren jabe egin, eta egia jakinda, Giza Eskubideen urraketa larririk existituko ez den etorkizun hobeago bat eraiki dezaten.