Iñaki Sanz-Azkue berriz ere CAF-Elhuyar sariaren irabazle zientzia-kazetaritza kategorian
Osteguna, 2023eko apirilaren 27a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 3 minutu
“Begiratu urrunera” lelopean banatu dira gaur CAF-Elhuyar sariak Usurbilgo Sutegi aretoan. Aurtengo leloaren mezua Isaac Newtonen esaldi honi lotuta dago: “Urrunago ikusi badut, erraldoien sorbalda gainean eseri naizelako izan da”. Hain zuzen ere, hori da ezagutza zientifikoaren muina: hutsetik sortzen duen jenioaren estereotipoa alde batera utzita, aurrekoek egindakoaren talaiatik aurrera begiratzen dute ikertzaileek, urrunera, aurkikuntza berriak egiteko.
Sariketa Elhuyarrek antolatzen du, CAF enpresarekin batera eta NEIKERen babesarekin. Helburua da zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea.
Edizio honetan 41 lan jaso dira, eta epaimahaikideek lan hauek saritzea erabaki dute, kategoria bakoitzean.
Zientzia-kazetaritza kategorian, “Dragoi txiki bat egongelako horman” lana izan da saritua. Aranzadiko Herpetologia saileko bazkide den Iñaki Sanz Azkue da lanaren egilea, eta, epaimahaiak nabarmendu duenez, gai garrantzitsu bat landu du hernaniarrak bere artikuluan: klima-aldaketa. Baina, gaiaz harago, zein ikuspegirekin landu duen iruditu zaio azpimarratzekoa epaimahaiari. Izan ere, klima-aldaketari buruzko artikuluek hondamendi-kutsua izaten dute askotan, eta oraingoan, berriz, egileak xumetik eta txikitik heldu dio, eta estilo argia eta atsegina erabili du. Artikulua Gaur8 astekarian argitaratu zuten iazko uztailean.
Lehen sektoreko lanak saritzeko helburua du NEIKER sariak, eta aurtengo saritua Aitor Garmendia Etxeberria itsasondoarra da, “Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean” lanari esker. Kategoria honetako epaimahaikideek garrantzi berezia eman diote egileak gaurkotasun handiko auzi bati heldu izanari, eta aintzat hartu dute eztabaida handia sortzen duen gaia izanik eztabaida horretan parte hartzen duten eragile guztiak kontuan izatea artikuluan.
Saridun guztiek 2.000 euroko ordaina eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute.
Sariez gain, 5.000 euroko dirulaguntza bat ere eman ohi du CAF-Elhuyar sariketak, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurten, bi proiektuk jaso dute sorkuntza-beka, epaimahaiak beka ex aequo ematea erabaki baitu. Jon Sánchez Carrasco donostiarraren “Semiosi-genesi” proiektua da sarituetako bat, eta bestea, Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibaren “Ia dena” lana.
Epaimahaiaren esanetan, bi lan horiek adimen artifizialaren ertzak esploratzen dituzte, eta erabateko gaurkotasuna duen gai bati heldu diote hainbat alderdi uztartuta: artistikoa, filosofikoa, soziala eta teknologikoa. Bi proiektuak osagarriak eta bateragarriak dira epaimahaikideen ustetan; hori da beka ex aequo ematearen arrazoia.
Azkenik, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak CAF-Elhuyar merezimendu-saria ematen du, euskaren normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzea helburu izanik. Aurten, Jacinto Iturbe Barrenetxeak jaso du aitortza hori, euskara eta zientzia unibertsitatearen eremuan zabaltzeko egindako lan eskergagatik eta zientziaren dibulgazioan egindako ekarpen apartagatik.
Arg: Elhuyar