"Inguruko hegaztiak" proiektuak hegaztiei buruzko ezaguera handitzea duen helburu

Ornitologia

Osteguna, 2016eko abenduaren 1a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Inguruko hegaztiak” Urdaibai Bird Center-ek Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikagai Ekologikoaren Kontseiluaren kolaborazioarekin bultzatutako eta koordinatutako proiektu bat da, non gure etxeen inguruan bizi diren hegaztiei buruzko ezaguera handitzea duen helburu. Horretarako, neguan zehar janlekuak erabiliko dira, hegaztiei gure etxe ondoan elikatzeko aukera emanez eta gure ingurura erakarriz.

Hegazti horiek, janari nahikoa izaten dute udaberri eta uda aldean eta beraz, ez dute beste elikagaien ekarpenik behar intsektuak eta fruituak erraz aurkitzen dituztelako. Aldiz negua heltzearekin batera, janariaren eskuragarritasuna murriztuz doa apurka apurka tenperaturaren jaitsieraren ondorioz eta hegaztiok guk jarritako janlekuetara erraz hurbiltzen dira beharrezkoak dituzten karbohidrato eta gantz ekarpenen bila.

Garai horretan betetzen dute beraz janlekuek funtziorik garrantzitsuena, espezie desberdinetako hegaztiak hurbiltzen baitira gailu xume horietara janari eskuragarritasunak erakarrita. Horrela, espezie desberdinetako hegaztiak gure etxearen inguruan ikusteko aukera aparta izaten da.

Horrekin batera aurten ere aurrera darrai Urdaibai Bird Centerren eta ENEEKen artean iaz sinatutako akordioak.

Adostutako akordioaren arabera, “Inguruko Hegaztiak” proiektuan erabiliko den janariak, jatorri ekologikoa izango du, hala nola, ekilore haziek, artatxikiak zein kakahueteek, eta ahal den neurrian gure inguruan ekoitzitakoak izango dira, Ekilore hazien kasu, Arabako lautadetan ekoiztuak direnak eta ENEEK-k ziurtatuak daudenak.

Planteatzen dugun proiektua eskola guztietara eta parte hartu nahi dute partikular guztietara zabaldu nahi da.

Urte honetan ere, proiektuari buruzko Blog-ak martxan jarraituko du, eta bertan, parte hartzaileek euren inguruko hegaztiei buruzko argazki, informazio eta bideoak erakutsi ahal izango dituzte: http://ingurukohegaztiak.blogspot.com.es/

Eskandinaviatik datozen txonta txikiak, edota Herrialde Baltikoetatik iritsi berri diren tarin eta txantxangorriak gure lorategietan daude…Heldu da momentua prismatikoak eta kamerak atera eta begi bistan daukagun naturako espektakuluarekin gozatzeko…

Proiektuan izen emateko epea zabalik da. Proiektua amaitzerakoan (2017ko martxoa) partehartzaile bakoitzari bildutako datu guztiekin egindako txosten bat helaraziko zaio, proiektuan zehar lursaileko edo lorategiko janlekuak bisitatu dituzten hegazti espezie guztien urtaroko eboluzioa ezagutu dezagun.

Proiektuan parte hartzeko posta elektroniko honetara idatzi behar duzue: aranzadi@birdcenter.org bertan, proiektuan parte hartu nahi duzuela zehaztuz. Behin mezu hori jasota, parte hartzeko beharrezko duzuen informazioa bidaliko zaizue.

Animatu zaitezte parte hartzera!

Informazio gehiago:

www.birdcenter.org

http://ingurukohegaztiak.blogspot.com.es/