Irulegi "Ahalaken" soinu fikziozko thriller berritzaile batean GUAU plataforman

Arkeologia / Arkeologia indusketa

Asteazkena, 2025eko maiatzaren 21a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

EITBren GUAU audio plataformak "Ahalaken: Irulegiko egia jakiteko garaia da" zortzi ataleko soinu-fikzioaren estreinaldia dakar. Xabi Payak eta Aitzol Barandiaranek sorturiko proiektu transmedia honek euskararen jatorriaren sekretua du abiapuntu, eta gure hizkuntzaren misterio, aberastasun eta indar sinbolikoari erreparatzen dio. Irulegiko eskua gorputz oso baten lehen atala baino ez izatea iradokitzen duen thriller zirraragarria da "Ahalaken" eta Euskaraldi bete-betean aurkeztu da, Donostiako San Telmo Museoan, jendaurrean.

Herrien identitatearekin loturiko fikzio arrakastatsuak gero eta ugariagoak dira eta euskarak behar zuen bere "herri-fikzio" propioa. Behar horretatik sortu da gazteei zuzendutako fact-fiction ganberroa. Artemanek ekoiztu du, eta aktore lanetan izen garrantzitsuak aritu dira: Jone Laspiur, Iker Huitzi, Itziar Atienza, Jon Olivares eta Aritz Mendiola, besteak beste. Joli Paskualenak sortutako soinu bandarekin borobildu da soinu-fikzioa.

"Proiektu honek ez du entretenimendua bakarrik helburu, baita euskararen inguruan gogoeta egitea eta hizkuntza bizipen emozional baten bidez transmititzea ere", azaldu du ekoizpenaren aurkezpenean Maite Goñi EITBren Irrati eta Audio zuzendariak, kontsumo berrietara egokituta euskaraz egiten diren kalitatezko edukietan azpimarra jarrita.

EITBLaben bidez, adimen artifizialaz landutako edukia da "Ahalaken". Hala, euskara eta euskal kulturarentzat ikur izan zen Pello Zabala frantziskotarraren ahotsa klonatu da, fikzio honen pertsonaietako bat bilakatzeko. Horrez gain, AA erabili da sare sozialetan zabalduko diren bideoak sortzeko, bat kapituluko, audio serie baten paisaia bisuala sortuz.

"Ahalaken" podcasta emititzen den aldi berean, istorioak jarraipena izango du ataletan agertzen diren museoetan, errealitatea eta fikzioa uztartuz. Izan ere, Jone pertsonaia nagusiak deskubrituko du Irulegin azaldutako eskua bezain ezkutatuta daudela puzzleko gainontzeko piezak Euskal Herriko museoetan barna; hots, eskua puzzlearen lehen pieza besterik ez da. Hain zuzen, euskal museoek esperientzia zabaldu eta QRa jarriko dute bisitarien eskura, harrapatuko dituen fikzio honetaz gozatu ahal izateko.