Irulegiko Burdin Aroko herrixka baskoien herrixkako eraikuntzen eta aztarnen aurkezpena
Ostirala, 2021eko uztailaren 16a — CEST
Irakurketa: 4 minutu
Aranguren Haraneko Udalak urteak daramatza Irulegi mendian ikerketa arkeologikoa bultzatzen Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean eta Aranzadi Zientzia Elkartearen zuzendaritza arkeologikoarekin.
Iaz haurtxo perinatala eta erromatarren aurreko herrixka baskoia aurkitu ondoren, Mattin Ayestaranek, aztarnategiko zuzendariak, honako helburu hau ezarri zuen kanpaina honetarako: “Burdin Aroko hainbat fase biltzen duen herrixka baskoi honetako aztarna arkeologikoak dokumentatzen jarraitzea: zehazki, Kristo aurreko lehen milurtekoa (K.a. VIII-I mendeak), kontserbazio berezia izanik amaierako aldian (K.a. II-I mendeak).
Irulegiko herrixka baskoiaren urbanismoa
Kanpaina honetan, Burdin Aro Aurreratuko eta Amaierako Burdin Aroko eraikin batzuk aurkitu dituzte eta, aurkikuntza horiei esker, Pirinioaurreko eta, batez ere, Iruñerriko (Iruñeko arroa edo baskoien lurraldearen bihotza) herrixka mota hauetako urbanismoari buruzko datu berritzaileak eskuratu dituzte ikerlariek. “Etxebizitza gisa interpretatutako eraikin horien neurri handia eta haien lau angeluko morfologia ikusita, ondoriozta dezakegu amaierako fasean eragin erromatar handia zuen urbanismoa zela nagusi”, zioen Ayestaranek. Hala, 100 metro karratu eraikin bat eta antzeko ezaugarriak dituen beste bat induskatuta topatu dituzte. Era berean, bi eraikinen kanpoaldean induskatutako kaleak lau metroko zabalera eta Burdin Aro Aurreratuko beste herrixka penintsular batzuen antzeko ezaugarriak ditu.
Eraikin horiez gain, eragin erromatarreko beste material arkeologiko interesgarri batzuk ere topatu dituzte. Material horiek eroritako eta sutea jasandako mailaren azpian topatu dituzte ondo mantendu diren Erromatar Errepublikako elementuekin batera. “Adibidez, Mediterraneotik inportatutako berniz beltzezko ontzi zeramikoen pusketak azaldu dira (Amaierako Burdin Aroko zeramikarekin batera), baina baita aurreko kronologia batzuetako ontzi zeramikoak ere indusketak sakonera handiagoetan egin ditugun tokietan”, azaldu zuen zuzendariak.
Horrenbestez, eta egindako lan arkeologikoei esker, urbanismoari eta amaierako fasearen kronologiari buruzko alderdiak gehiago zehaztu eta amaiera bortitza eta nahita izandakoa berretsi ahal izan dira.
Hori guztia dela eta, aztarnategi hau funtsezko elementua da erromanizazioa iritsi zenean gertatu ziren prozesu gatazkatsuak eta ezegonkortasuna ulertzeko. Hain zuzen ere, gai horrek oraindik ere eztabaida zientifikoak pizten ditu arkeologoen eta historialarien artean.
Ezaugarri orokorrei dagokienez, konplexuak diruditen hiri mailako errealitateekin, Irulegik ez zuen izan hedapen handirik, ezta Iberiar penintsulako edo Ebro haraneko beste gune batzuetako hirietako edo oppida izenekoetako biztanleen kontzentraziorik ere ustez. Baina alboko beste toki batzuetako herrixkekin alderatuta, hedapen eta urbanismo berezia eta garrantzitsua izan zituela esan dezakegu.
Eta horixe bera da, hain zuzen ere, horren interesgarri egiten duena, Iruñerriko eta Pirinioaurreko mendikate eta haranetako kokalekuaren ereduak eta lurralde baskoiaren erromanizazioa ulertu ahal izateko.
Aranguren Haraneko Udalak, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, 2007. urtetik bultzatu ditu eremu honetako jarduera arkeologiko guztiak. Urte hauetan guztietan, Erdi Aroko Irulegiko gaztelua induskatu eta musealizatu dute (K.o. XI-XV. mendeak). Oraingoan, Udalak oraintsuko historiaurreko aztarnategi horretako lan arkeologikoak babestu ditu. Manolo Romero alkateak gogorarazi duenez, “Irulegi gure iragana nola ikertu eta museo nola bihurtu erakusteko eredu bihurtu da. Gaur egun, gaztelua ehunka lagunek bisitatzen dute; batez ere asteburuetan bertara joaten diren familia-taldeek. Orain, aurkikuntza esanguratsu hauei esker, Aranguren Ibarra berriro ere bihurtuko da Iruñeko Arroko aisialdi berde eta kulturaleko erreferente nagusietako bat”.
Bisita ugari jasotzen duen aztarnategi hau eta haren kokapen hunkigarria direla eta, tokia oso jendetsua izaten da turismo kulturalari eta berdeari dagokienez.
Irulegiko aztarnategia, gainera, Burdin Aroari buruzko eta EHUk finantzatutako doktorego-tesi baten azterketarako kasua da Burgoseko Unibertsitateko eta CENIEHreko (Gizakiaren Bilakaerari buruzko Ikerketarako Zentro Nazionala) ikerlarien laguntzarekin.
Azkenik, bertako sustraiak eta inplikazioa uztartzen dituen proiektua da: Aranguren Haraneko Udala (proiektua modu eredugarrian bultzatzen du), Nafarroako Gobernuak ematen duen laguntza edo auzolanean laguntzen duten haraneko bizilagunak, besteak beste.