Irulegiko Eskuaren ikerketa arkeologikoari ekarpena egiten dioten bitxiak

Arkeologia / Arkeologia indusketa

Osteguna, 2023eko urtarrilaren 12a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

Irulegiko Eskua aurkeztu ondoren, artista, mota guztietako enpresa ezberdinak eta komunikabide askok aurkikuntza arkeologiko honetan inspiratu dira merchandising pieza eta produktu desberdinak egiteko, hala nola kamisetak, poltsak eta era guztietako bitxiak.

Marka asko jarri dira harremanetan Aranzadi Zientzia Elkartearekin, eta horietako batzuek kolaborazioak sinatu dituzte, hala nola Berriak edo Eguzkilorek. Eskua ospetsuan inspiratutako produktu horien salmenten etekinen zati bat elkarte zientifiko honi eman diote, ikerketa arkeologikoa bultzatzeko helburuarekin.

https://sites.google.com/aranzadi.eus/irulegikoeskua/euskaraz?authuser=0

Mattin Aiestaran Irulegiko aztarnategiko zuzendariak horri buruz azaldu zuenez, “horrelako ekimenak beti dira ongi etorriak arkeologiarentzat, pozik gaude aurkikuntza arkeologiko horrek izan duen oihartzunagatik eta ekimen horien bidez jendea buru-belarri murgildu delako ikerketa horretan lanean jarraitu ahal izateko”.

Joan den asteazkenean, Eguzkilore bitxi-dendak Irulegiko Eskuaren zintzilikarioetatik Gabonetan lortutako irabazien zati bat eman zuen. Dohaintza horrek zuzenean laguntzen du Irulegiko aztarnategiaren ikerketa arkeologiko eta zientifikoan.

Eguzkiloreko arduradunak azaldu zuenez, “guretzat pribilegioa da gure herriaren eta gure hizkuntzaren historiako aurkikuntza arkeologiko handienetako bati gure harri-koskorra ematea. Gure marka beti egon da herrialde gisa dugun nortasunarekin lotuta, eta Irulegiko Eskua ondo baino hobeto egokitzen da gure balioekin. Horregatik, ondo egin nahi izan genuen eta Aranzadi Elkarteak egiten duen ikerketari onura batzuk ekarri nahi izan genizkion, oso harro gaude”.

Gainera, Aranzadi Elkarteak berak mezenasgo programa bat jarri du martxan, herritarrei irekia. Uda honetan 6 eta 2 lagunentzako bisita gidatuak egiteko aukera zabaldu du, eta emandako dirua zuzenean joango da ikerketa arkeologikora, Aiestaranek aurreratu zuenez. Programa honetara Aranzadiren webgunearen bidez edo Zientzia Elkartera deituz sar daiteke.