![](https://www.aranzadi.eus/assets/img/pages/nafarroako-museoa-241218144646.jpg)
Irulegiko Eskua Nafarroako Museoan ikusgai kokapen berri batean
![](https://www.aranzadi.eus/assets/img/pages/nafarroako-museoa-241218144646.jpg)
Arkeologia / Arkeologia indusketa
Asteazkena, 2024eko abenduaren 18a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Irulegiko Eskua eta Loizuko Gizakia Nafarroako Museoan daude ikusgai, Historiaurreko areto berrituan (-1 solairuan) eta sarrera doan izango da.
Azken urteotan Nafarroan eta Europa mailan egin diren bi aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuenak bisitatu ahal dira, "erakusketa eta segurtasun baldintza onenetan”.
Mercedes Jover Nafarroako Museoko zuzendariaren hitzetan, kultura-ondasun horiek "pentsamendu kritikoa duen etorkizunerantz proiektatzen dira orain, jendaurrean erakusten direnetik".
Irulegiko Eskua
Irulegiko aurkikuntzak bisitarien begirada guztiak erakartzen ditu lehentasunezko leku batean, Nafarroako Museoko Historiaurreko areto berrituaren barruan.
Eskua 2021ean aurkitu zuten, Aranzadi Zientzia Elkarteko Mattin Aiestaran de la Sotillak zuzendutako indusketa arkeologikoetan, Irulegiko baskoi herrixkan (Lakidain, Aranguren). Brontzezko pieza ziurrenik etxebizitzetako baten atean jarrita egongo zen. Bere kronologia K.a. I. mendearen lehen laurdenekoa da, Burdinaren Bigarren Aroko testuinguru kulturalean.
Adituek deskribatzen duten bezala, Eskuak zulo bat du eskumuturraren zatian, finkatze-iltze batek egina, eta bertan testu bat inskribatu zen. Errespetatu ez ziren hiru lerro zakarki marraztu ondoren, inskripzioa bi fasetan egin zen, lehenengoa ebakidura bidez eta bigarrena punteatze bidez, "epigrafia paleohispanikoan paralelorik gabeko prozedura". Alde txikiak daude bi bertsioen artean.
Erabilitako sistema grafikoa zeinario iberikoaren barietate autoktono bat da, zeinario baskonikoa gisa ezagutzen dena.