J3 Euskal Herriko ehorzketarik zaharrena Hondarribian ikusgai erakusketa batean

Arkeologia

Ostirala, 2018eko otsailaren 16a — CEST

Irakurketa: 4 minutu

  • Aranzadi Zientzia Elkarteak koordinatutako erakusketan orain dela 8000 urteko bidai bat egitea proposatzen du.
  • Erakusketan parte hartu dute Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa, Luberri museoa, Jaizkibel Amaharri eta Euskal Herriko Unibertsitatea.
  • Otsailaren 16ean erakusketa inauguratzeko hitzaldia egingo da Hondarribiko Kultur Etxean, arratsaldeko 19:00etan. Hitzaldia Maria Jose Iriarte Chiapusso, arkeologoak eta aztarnategiko zuzendariak eta Paco Etxeberria antropologoak emango dute. Izenburua: Las sociedades prehistóricas de Jaizkibel.
  • Aurkezpenean egon dira Hondarribiko alkatea Txomin Sagarzazu, Juantxo Agirre Aranzadiko Idazkari Nagusia, Alvaro Arrizabalaga eta Maria José Iriarte arkeologo aztarnetegiko zuzendariak eta Carlos Olaetxea GOrdailuko zuzendaria Gipuzkoa Foru Aldu0ndiaren izenean.

Erakusketaren informazioa:

Aurkikuntza liluragarri baten historia

Euskal kostaldea, bereziki Hondarribitik Pasaiara Jaizkibeletik barrena doan itsasertza, azken gizarte ehiztari-biltzaileen habitat garrantzitsuenetako batean bihurtu zen orain dela 10.000 urte.

1985ean Juan San Martinek bazekien Jaizkibel geografikoki oso leku interesgarria zela edozein arkeologorentzat, eta bere interesa Historiaurretik mendian emandako artzainen transhumantzian zetzan, trikuharriek adierazten duten bezala.

Jaizkibelen zale nekaezin honek alderik alde ikuskatu zuen mendia, lurralde honetan Historiaurretik egondako okupazioaren aztarnak topatuz aldi berean. Horietako bat J-3 aterpea izan zen, non 2003an, M.J. Iriarte-Chiapussok eta A. Arrizabalagak 2001etik aurrera eramaten ari diren prospekzio eta zundaketa egitasmoaren barruan, Euskal Herriko ehorzketarik zaharrena topatu zen.

Baina, zer informazio ematen digu aurkikuntza honek?

Euskal Herriko ehorzketarik zaharrena

J-3an aurrera eramandako esku-hartze arkeologikoaren barruan, pertsona baten hezurduraren zati bat aurkitu zen, 30-40 urteko gizonezkoa eta metro eta erdi inguruko garaiera zuena. Aurkikuntza honen daturik nabarmenena da fetu-jarreran dagoen ehorzketa bat dela eta aldi berean gizaki baten hobiratze zaharrena Euskal Herrian, duela 8.000 urte baino gehiagokoa eta Mesolitoaren garaira atxikita dagoena.

Gizaki hau jarrita zegoen moduan ikus daiteke taldeko beste kideen aldetik hileta-jarrera zegoela, gorpua hobiratu baino lehen prestatua izan baitzen. Gorpuaren deskonposaketarekin batera gertatzen ohi den gorputz-adarren zatikatzeak ez zuen fetu-jarreran berreskuratzerik ahalbidetuko (besoak, hankak eta gorputz-enborraren tartean), 8.000 urtetan zehar iraun duen bezala, jarrera horretan lotu izan ez balute. Oskolez inguratutako gizaki bat, ziur asko garai hartan jandakoak.

Mesolitoa: garai korapilatsua

Gizaki honen hondakinei egindako diziplina anitzeko azterketek erakutsi dute bere jan-edanean kostaldetik distantzia batera arrantzatutako arrainek emandako nutrizio-ekarpen handia zuela. Informazio honek baieztatzen du azken gizarte ehiztari-biltzaile hauek ez zituztela baliabideak Jaizkibel mendian soilik lortzen, baizik eta itsasoko baliagaiak ere ustiatzen zituztela (lapak, muskuiluak, txirlak, lanpernak, trikuak, etab.) baita kostaldetik urrunduz ere, muxar handien familiako arrain arrastoek adierazten duten bezala

Aztarnategi hau aipagarria da Mesolito garaiko Jaizkibeleko biztanleek nitxo desberdinak ustiatu zituztela erakusten duelako, itsaskiak biltzeko itsasbazterrak miatuz, basurdeak ehiztatuz, itsasoan arrantzatuz, orduraino praktika berria zenak gizakiaren moldakortasuna erakusten du biziraupena borrokan.

Mesolitoan Euskal Herrian bizi ziren gizarteek animalia ertain eta txikiak ehizatu, itsas-baliabideak ustiatu eta basafruituak biltzen zituzten. Talde txikietan banatzen ziren eremu murriztu batean mugituz, inguruan zituzten baliabide guztiak aprobetxatuz, bereziki kostaldekoak.

J-3 aztarnategian aurkitu diren harrizko materialak eguneroko bizimoduaren erakusgarri dira; horiekin batera zulatutako oskolak bezalako materialek sinbologiaren mundua islatzen dute. Gainera, zeramika zatiak aurkitu dira, nekazaritza eta abeltzaintzaren lehen zantzuak adierazten dituztenak, Euskal Herrian Mesolitoaren amaiera markatzen dutenak.

Gizakiaren analisi biomolekurrak

J3 aztarnategian aurkitu diren giza aztarnen analisis biomolekularrak itsaskinetan oinarritutako dieta jarraitzen zuela baieztatu dute. Analisiek erreferentziazko karbono 12 eta nitrogeno 15 isotopoen baloreak alderatzen ditu. Honela, gizaki honen elikadura atlantiar Kostaldeko beste maskortegietan agertu diren giza aztarnen oso antzekoa da.

Testuinguru fisikoa: J-3 aterpea

Jaizkibel mendia gizakia Paleolitotik ibilitako eremua da. J-3 hareharrizko harri-aterpea da, haizearen indarrez eta jalkin urratzailez osatutakoa. Eragile garrantzitsua da hau, jalkinaren izaera garratzagatik aztarna arkeologikoen iraupenean eragiten baitu, organikoetan batik bat. Aztarnategiak kokapen berezi bat menderatzen du, urte osoan zehar ur-laster gozo bat duen bailara txiki baten azken tartean.

Baina J-3 bere oskolengatik bereizten da eta hauek erabakigarriak izango dira historia honetan.

Duela milaka urte, Goi Pleistozenoan eta Holozenoaren hasieran gizarteak ehiztari-biltzaileak ziren, eta Jaizkibelek mota guztietako baliabideak (lehorrekoak eta itsasokoak) eskaintzen zituen biziraupenerako. Leku honen jazoera aipagarrienetako bat itsas hondakinen metaketa da (oskolak nagusiki), aterpe honen aurreko erabiltzaileek jandakoak. Zeinek esango luke gure arbasoek jandako oskol guzti hauek egungo arkeologoen lana erraztuko zutenik?

Baina hala izan zen, jan eta gero botatako milaka oskolen kaltzio karbonatoak lurraren azidotasuna ahuldu du, animalien hondakin batzuk milaka urtetan iraunaraziz, eta interesgarriena dena, duela 8.300 urte egindako gizaki baten ehorzketa.

San Telmo Musoan XVI. Arkeologia Jardunaldiak

Otsailaren 20tik 23arte San Telmo Museoan Arkeologia Jardunaldiak egingo dira. Aurtengoan kronologia eta gai ugari islatzen dituzten hitzaldiak antolatu dira. Alde batetik, Urdazubiko Alkerdi kobazuloko labar-artea ezagutzeko aukera izango dugu; bestetik, euskal baserria landapaisaiaren testuinguru zabalagoan kokatzeko ikuspegian sakonduko dugu; gainera, gure lurraldean erromatarrek egindako kanpainen zantzuak aztertuko ditugu; eta Erdi Aroan Santiagobidetik igarotako erromesen bizimodua jarraituko dugu.

Jardunaldiak Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala eta San Telmo Museoaren babesarekin.