Jasangarritasun Departamentuak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak "Banaezinak" erakusketa aurkeztuko dute Gipuzkoan zehar, gizakiaren eta naturaren arteko harremanari buruz arituko dena

Aranzadi

Asteazkena, 2026eko ekainaren 3a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

Erakusketa ibiltaria Aranzadi Zientzia Elkarteak ekoitzi du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barnean. Erakusketa gaur inauguratu da Zarautzen, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko Diputatua; Gloria Vázquez Aldundiko Ingurumen Administrazioko zuzendaria; Inaxio Illarramendi Zarauzko Udaleko Ingurumen zinegotzia eta Paul Minguez – Olaondo Aranzadi Zientzia Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko idazkaria bertan zirela.

BANAEZINAK. Natura eta gizakia: historia partekatu bat erakusketa naturarekin dugun harreman historikoan zentratzen da. Honek bizirauteko oinarrizko baliabideak eman dizkigu eta baita espezie gisa gaur egunera arte iristeko aukera ere.

Helburu horrekin, ingurunea eraldatzen hasi ginen, gure beharren arabera. Elikadura, babesa, sinesmenak edo gizarte-antolaketa izan dira natura ustiatzeko arrazoi nagusietako batzuk. Horrela, paisaia zizelkatzen joan gara, eta inguruaren bilakaera baldintzatzen.

Naturarekin sortzen dugun harreman estutik abiatuta, gizakiok ezagutza ekologiko handia garatu dugu, belaunaldiz belaunaldi transmititzen joan garena eta ingurumenaren behaketa zientifikoari esker zabaltzen joan garena. Ezagutza horiek beharrezkoak izan dira gure arbasoen biziraupenerako, eta horregatik iraun dute gaur egun arte.

Banaezinak erakusketak gizakiak Historiaurretik gaur egunera arte naturari lotuta egin duen ibilbideari buruzko hausnarketa izan nahi du. Naturarekin etengabeko harremana duen bidaia, baina, aldi berean, zenbaitetan harengandik urrun edo hari bizkarra emanda egin duguna.

Erakusketa gaur inauguratu da Zarautzen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barnean osatu da. Hitzarmen honen bidez, zientzia-dibulgazioko, natura-ondarearen kontserbazioko eta natura-zientzien esparruan ezagutzaren transmisioa sustatzeko ekintzak garatu nahi dira.

José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko Diputatua, Gloria Vázquez Aldundiko Ingurumen Administrazioko zuzendaria, Inaxio Illarramendi Zarauzko Udaleko Ingurumen zinegotzia eta Paul Minguez – Olaondo Aranzadi Zientzia Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko idazkaria izan dira inaugurazioan.

Aranzadiko ordezkariak azaldu duenez, "erakusketaren helburuen artean honako hauek daude: gure ikertzaileen lan zientifikoari balioa ematea; Gipuzkoako natura- eta kultura-ondare aberatsaren bitxikeriak eta balioak nabarmentzea; eta fokua zientzian jartzea, garapenaren funtsezko elementu gisa".

Gainera, erakusketaren barruan material zientifiko ugari duten bitrinekin eta erakusketaren diskurtsoa indartzen duten material etnografikoarekin osatzen da erakusketa: adibidez, Mutrikuko leize batean berreskuratutako bisonte garezur baten erreplika, mikroskopioak, historiaurreko aizkora edo Aranzadi Zientzia Elkartearen Etnografia eta Ondare Bildumako bestelako pieza etnografikoak.

Bestalde, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko Diputatuak nabarmendu duenez, erakusketak "funtsezko zerbait gogorarazten digu: gizakiak eta naturak beti aurrera egin dutela eskutik hartuta, eta gure ingurunea babestea ez dela ingurumen-betebeharra soilik, etorkizuneko belaunaldiekiko erantzukizuna ere badela".

Diputatuak Aranzadiren lana goraipatu du: "hamarkadak daramatza gure lurraldea, biodibertsitatea eta natura-ondarea hobeto ulertzen laguntzen. Jasangarritasun Departamentutik zientziaren, ezagutzaren eta iraunkortasunaren arteko aliantza bultzatzen jarraitu nahi dugu, Gipuzkoa erresilienteago bat eraikitzeko ". Eta honakoa ere aipatu du: "naturari begiratu behar diogu berriro, ez arrotza den zerbait bezala, baizik eta geure parte bezala. Erakusketa honek, hain zuzen ere, gogoeta kolektibo horretara gonbidatzen gaitu: nondik gatozen ulertzea, gure lurraldea eta etorkizuna nola zaindu nahi dugun hobeto erabakitzeko ".

Zarauzko Udaletik, Inaxio Illarramendi Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, erakusketa Zarauzko Merkatu plazan egongo da ikusgai ekainaren 3tik 9ra, 18:00etatik 20:00etara lanegunetan; larunbatean 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta igandean 12:00etatik 14:00etara.

Zarautz da "Banaezinak" en lehenengo geltokia. Datozen hilabeteetan Gipuzkoako hainbat herritan izango da erakusketa, hala nola Tolosan, Irunen eta Zumarragan.