K.a. 3.000 eta 4.000 urte arteko Putzuzarren trikuharria
Astelehena, 2019eko urtarrilaren 7a — CEST
Irakurketa: 3 minutu
Maldan beherako aurrenekoa
Tapiak azaldutakoaren arabera, duela hiruzpalau urte izan zuen Aranzadi elkarteak trikuharri honen berri. «Saratxetako lepoan, Akolatik Landarbasora dijoa bidean megalito asko dago, gainaldean, baina maldan behera ba ote zegoen ez zen jakina. Lontxo Ugarte, Aranzadiko kideak badu afizioa eta asko ibiltzen da mendian. Berak ikusi zuen Putzuzarren bazela zerbait, eta abisua eman zion Manu Zeberio kideari. Hau gerturatu, eta baieztatu zuen trikuharria zela; sasi artean estalita bazegoen ere, ikusi zituen laja edo harlauza, ganbara osatuko lukeena, eta tumuluko hainbat harri».
Gipuzkoako Foru Aldundia jarri zuten gero jakinaren gainean eta Hernaniko udalak ekimena diruz lagundu du. «Aurkitu zenetik denbora bat pasa da. Izan ere, inguruko megalitoak ikertzen ari gara. Txoritokietan ibili izan gara, eta ez genuen data jartzen Putzuzarkoa begiratzeko. Azkenean, antolatu, eta egin dugu saioa. Nahiz eta guk zalantzarik ez izan, Putzuzarko trikuharria badela ziurtatu dugu».
10 metroko diametroa
Ezaugarri nabarmenak bistakoak baziren ere, inguruko sasi eta landareak garbituta, gehiago jakin dute. «Akola eta Igoin inguruetan badira gehiago eta ez daude denak datatuta, baina Iberiar penintsula osoan daudenak bezala, badakigu horrelako egiturak k.a. 3.000 eta 4.000 urte artean erabili zirela. Hilobi kolektiboak dira, familia edo klan bateko kide bakoitza hiltzean irekitzen zena, bertan ehorzteko. Badakigu ez dela azken momentuko trikuharri txikia. Egitura normalekoa da; tumulua osatzen duten harriak forma kontzentrikoan jarrita daude, 10 bat metroko diametroan, eta ganbara 1,5 metro luze eta 1 metro zabalekoa da».
Aurreneko begiratua emanda, aurrerago beste hitzordu bat ere jarriko dute, indusketa egiteko. «Hezur asko egon liteke horrelako lekuetan, baina ez dira erraz kontserbatzen. Hezurrik ez dela egongo badakigu, baina egon liteke material minerala; zeramika edo suharri zatiak».
Ereñotzuarrei, eskerrak
Aurreneko garbiketa saiora ereñotzuar asko gerturatu zirela-eta, eskerrak eman ditu Tapiak, eta hurrengo saiorako ere laguntza izatea espero du. Era berean, Aranzadiko kide Iñaki Sanz Azkue biologo hernaniarrak argitu du nola jarri dioten izena aurkikuntzari. «Akola baserriko Joxe Susperrigiri galdetu diogu ea eremuak zein izen duen, eta Ereñotzuko toponimiari buruzko lanetan ere begiratu dugu. Putzuzarko trikuharria izango du izena».