Kolunbario bat “demokrazia eta askatasuna babesteko bizia eman zutenen memoria ohoratzeko eta haien eredua goratzeko”

Antropologia

Asteartea, 2017eko urtarrilaren 31a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Ekitaldi horretara ehun bat pertsona hurbildu da, eta horien artean nabarmentzen dira familiakoak, Euskadiko historia- eta memoria-elkarteak eta lurpetik atera diren eta identifikatu ezin izan diren gorpuak zeuden udalerrietako ordezkariak, baita hainbat euskal erakundetako ordezkariak ere.

Ahanzturatik memoriara

Urkullu lehendakariak bere hitzaldian adierazi duenez, 27 pertsona horien memoria ohoratuta, Gerra Zibilean askatasuna eta demokrazia babesten desagertu ziren pertsona guztiak ditugu gogoan.

Kolunbario hori, bere hitzetan, beste urrats bat da memoria historikoa berreskuratzeko bidean. Eta urrats hori elkarteen, zientzialarien eta erakundeen arteko elkarlanaren emaitza da. Lehendakariak bide horretan lan egiten jarraitzearen aldeko deia egin du, batasuna baita pertsona horien memorian eskain dezakegun aintzatespenik eta erreparaziorik onena. Ildo horretan, Urkulluk esan du Gerran desagertu ziren pertsonak injustizia kriminal baten biktima izan zirela, eta haien familiek sufrimendu bidegabea jasan dutela. Espazio hori ahanzturatik memoriarako urratsaren edo iluntasunetik argitarako urratsaren ikurra dela erantsi du lehendakariak.

Ekitaldiaren garapena

Ane Beitia Elgoibarko alkateak eman dio hasiera Kolunbarioaren inaugurazio ekitaldiari. Ohorezko aurreskua dantzatu eta gero, hasiera eman zaio 27 pertsona horien gorpuak lur emateari.

Pertsona horietako 25 identifikatu gabekoak dira. Euskadiko historia- eta memoria-elkarteetako kideek eta aurkitu zituzten udalerrietako ordezkariek eraman dituzte guztiak. Udalerri hauetan aurkitu zituzten gorpuak: Arrasaten, Andoainen, Azkoitian, Elgetan, Elgoibarren, Legution, Lemoan, Mañarian, Mutrikun, Gaubean, Zaldibian eta Zigoitian.

Ondoren, Paco Etxeberria Aranzadi Zientzia Elkarteko zuzendariak azaldu du zein izan den gorpuak lurpetik ateratzeko prozesua, eta labur-labur argitu du ateratako gorpuen kasuistika. Ondoren lehendakariak hartu du hitza. Ekitaldiari amaiera emateko, bertaratuek lore eskaintza egin diete Duintasunaren eskulturaren oinean.

Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatzea

Duintasunaren Kolunbarioan dautza azken urteotan Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hobietatik ateratako gorpuak.

Zehazki, pertsona horiek bilatzea eta identifikatzea da 2015eko amaieran Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen hobiak ikertzeko eta aurkitzeko euskal planaren helburuetako bat. Plana Aranzadi Elkartearekin elkarlanean garatuko du. Horretarako, lan-programa antolatua ezarri da 2020. urtera arte. Plan horrek hainbat kokalekutan ikertzea hartu du kontuan; zehazki, hobiak egon daitezkeen albisteren bat dagoen lekuetan ikertuko da. Plan horren bitartez jarraipena eman zaio Eusko Jaurlaritzak 2002an hasi zuen gorpuak lurpetik ateratzeko prozesuari.