
Laster arte Enrike

Aranzadi
Osteguna, 2017eko uztailaren 13a — CEST
Irakurketa: 2 minutu
ENRIQUE LEKUONA MUÑOZ
Txori kantazale ederra
Nun ote haiz kantatzen?
Harrien negarra haizeak darama
Baztango ibarretan barna.
Amaiurko Herria
Aranzadiko Zientzia Elkarteko taldekideak
ENRIQUE LEKUONA MUÑOZ
Mundua ez da beti jai
inoiz tristea ere bai
baina badira mila motibo
kantatzeko alai.
Bestela datozen penai
ez diet surik bota nahi
ni hiltzen naizen gauean behintzat
egizue lo lasai.
ITURISSA ikerketa programaren Aranzadi Zientzia Elkarteko taldekideak
Nafar Pirinioetako lagunak eta herriak
Uztailaren 12an istripu baten ondorioz hil da Enrike Lekuona. Tradiziozko arrantza itsasontzi baten berreskuratze eta musealizatze lanetan zebilen Hondarribiako portuan.
1967. urtetik Aranzadiko kide zen. 2006.urtean Elkarteak antolatutako arkeologia ikastaro praktiko batean parte hartu zuen eta ordutik arkeologia proiektu ezberdinetan egin du lan, adibidez: Amaiur eta Beloagako indusketetan, Piriniotako galtzada erromatarretan eta historiaurreko aztarnategi ezberdinetan, Jaizkibel eta Munoaundi adibidez.
Ogibidez itsas injenieroa, bere jakituriak Aranzadiren ekintzetan eragin handia izan zuen, musealizazio, zaharberritze eta ikerketa metodo esanguratsuak ekarri baitzituen gure elkartera. Hori gutxi balitz, Euskal Herrian zehar aurki daitezke haren akuarela eta marrazkiak: Igartza (Beasain), Amaiur (Baztan) edota Irulegin (Aranguren).
Gizalegez jokatzen zuen beti, eta lan egiteko grina eta ilusioa berehala hedatzen ziren harekin elkarlanean zeudenen artean. Enrikeren nahiari eusten darraigu, gure ondare kulturalaren ikerketa eta defentsa aldarrikatzen alegia, belaunaldi berriek berak landutako hazia hezi dezaten.