Lurraren zientzietako entitateen IX. topaketa nazionala
Asteartea, 2026eko ekainaren 2a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Pasa den asteburuan, Maiatzak 30 eta 31an, Bizkaiko Mañaria udalerrian Lurraren Zientzietako Entitateen IX. Topaketa Nazionala burutu da. Topaketa hauen funtsa, geologia eta paleontologia gaietan interesa duten entitateak elkartzea, partaideak elkar ezagutzea, harremanak estutzea, kolaborazioak gauzatzea eta orohar, Lurrak eskeintzen dituen altxor horietaz gozatzea izaten da.
Aurtengo honetan, Mañarian antolatu zen Hontza Museoa Fundazioaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen artean, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Mañariako Udalak emandako babesarekin. Bertara espainiar estatuan sakabanatuta dauden eta Lurraren Zientziekiko interesa duten hainbat elkarte gerturatu ziren, besteak beste Kataluinatik, Alikantetik, Aragoitik, Madrildik eta Murtziatik, guztira 60 bat lagun. Azpimarratzekoa izan da Euskal Autonomi Erkidegoko MUFOMI, Luberri eta Harridunak elkarteen parte-hartze handia.
Larunbatean goizean goizetik eman zitzaion hasiera topaketari, akreditazioen banaketaren eta Aitziber Areitio Mañariko alkatearen eta Leire Huerta Hontza Museoa Fundazioko zuzendariaren eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Joxeba Larrañagaren agurrarekin. Hontza Museoa Fundazioko presidentea den Enrike Huertaren hitzaldiak eman zion jarraipena, non Hontza museoaren hastapenen eta beraren bilakaeraren nondik norakoez jardun zuen. Ondoren, Asier Gomez eta Monika Villalba doktoreek “Neandertalak Euskal Herrian” eta “Durangaldea hartzen lurra” hitzaldiak eskeini zituzten, durangaldean aurkitu diren Ursus spelaeus (kobetako hartza) aztarna ugariei erreferentzia eginez.
Bazkal ostean, eta solasaldirako tarte majoa izan ostean, Hontza Museora bisita gidatua egiteaz gain, Angurreta harrobira eginiko bisita gidatua eginez eman zitzaion jarraipena egitarauari, Victor Arrizabalaga doktorea, harrobiko arduraduna eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Arantza Aranburu eta Laura Damas doktore geologoen eskutik. Honek, arratsaldearen zatirik handiena eraman arren, partaideek oraindik indarrak izan zituzten bilera bat burutzeko eta horrela, hurrengo urteko topaketaren eta topaketa hauen nondik norakoez, zein Lurraren Zientzien inguruan biltzen diren elkarteen bestelako kezketaz hitz egiteko aukera izan zuten.
Biharamunean berriz, eta Topaketei amaiera emateko, Aranzadi Zientzia Elkarteko geologia saileko Arantxa Bodego doktorearekin batera Urkiolako Parke Naturalean barrena ibilaldia egin zuten, bertako geologiaren bitxikeriak ezagutzeko. Amaiera borobila eman zioten jardunaldiei Urkiolan mokadu bat eginez.