Mikologia Sailak Artikutzako parkea ikertzen ari da bere osotasunean

Mikologia

Asteazkena, 2021eko uztailaren 28a — CEST

Irakurketa: 2 minutu


Ondare natural preziatu hau babesteko, ekosistema konplexu hau bere osotasunean aztertzea beharrezkoa da; onddoak ere ikertu behar dira alegia. Hori dela eta, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Donostiako Udalarekin, Portugaleteko Mikologia Elkartearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, Artikutzako onddoak ikertuko dituen proiektu berri bat jarri du martxan. Bertako onddoen inguruan dagoen aurretiazko informazioa aintzat hartzeaz gain, datu berriak ere bilduko dira. Elkarlan proiektu honi esker, Artikutzako mikoflora karakterizatu, Euskal Herriko onddoen banaketa hobeto ezagutu eta bertako lurren dibertsitate mikologikoari zein kontserbazio egoerari buruzko ikuspegia haundituko da hein handi batean. Aurrerago egin daitezkeen kudeaketa eta kontserbazio proiektuetan baliagarria izango den informazioa ere lortuko da. Ikerketa hau, 2021-2023 urteen bitartean gauzatuko da, eta bertan, Aranzadi Zientzia Elkarteko mikologoek parte hartuko dute aktiboki informazioaren bilaketan, landa laginketetan, espezieen identifikazioan eta emaitzen argitalpenean.


Ikerketaren helburu espezifikoak ondorengoak dira:



  1. Artikutzan interes berezia duten landa gune garrantzitsuenetako onddoak (makromizetoak) inbentariatu.

  2. Dibertsitate mikologiko (taxonomiko eta funtzionala) aldetik interes handiena duten guneak karakterizatu.

  3. Kontserbazioaren ikuspuntutik interesgarriak diren onddo espezieen analisia eta balorazioa; ondoren, Europar Zerrenda Gorrietan barneratuta dauden espezieen jarraipena egin ahal izateko.

  4. Artikutzako onddo biltzaileen/kontsumitzaileen profila ezagutzea ahalbidetzen duen galdetegi bat diseinatu.