Donostiako Miramar jauregiak satelite bidezko nabigazio-sistemetako Europa osoko ehun aditu inguru bilduko ditu

Geodesia

Asteazkena, 2016eko maiatzaren 25a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

    • Aranzadi Zientzia Elkarteak, aurten, Sinposioa Instituto Geográfico Nacional erakundearekin batera antolatu du.
    • Aranzadi Zientzia Elkartearen Geodesia saila erreferentzia da Satelite bidezko Nabigazio Sistemetan (GNSS) eta, 2008. urtetik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera lurraldearen sare geodesikoaren mantenimenduan. eta AZTIrekin elkarlanean Pasaian dagoen mareografo batekin egiten du lan. Horren helburua Gipuzkoako kostaldeko itsasoaren batez besteko maila neurtzea da.

EUREF 1987. urtean eratu zuten eta Geodesiako Nazioarteko Elkartearen (AIG) mende dago 2003an Sapporon onartutako UIGGren (Geodesiako eta Geofisikako Nazioarteko Batasuna) egituraren arabera.

Sinposioa 1990. urtetik egiten dute eta bertan aurkezten dituzte Europako Posizio Erreferentzia Sistemetan lortutako azken aurrerapenak: GNSS, ETRS89, Sare kontinental Bertikalak eta Sare grabimetrikoak. Gainera, erreferentziazko Estatu mailako sistemei buruzko informazioa emateko plataforma eta Europako erreferentziazko zerbitzuak gauzatzeko eztabaida-foroa ere bada.

Urteroko bilera horiek garrantzi handia dute; izan ere, erakunde ofizial ugariek (katastroa, institutu kartografikoak…) sortutako posizio-informazioa mundu mailan gai horretan adituak direnek hemen eztabaidatutako Erreferentziazko Posizio Sistemetan oinarritzen da.

Aurten, Sinposioa Donostian izango da eta hiriak Europako agentzia guztietako ia ehun aditu bilduko ditu (Portugal, Herbehereak, Polonia, Grezia, Mazedonia, Frantzia, Txekiar errepublika, Belgika, Suitza, Errumania, Britainia Handia, Letonia, Austria, Lituania, Aljeria, Norvegia, Danimarka, Estonia, Eslovakia, Finlandia, Alemania… eta Txinatik ere etorriko dira).

Maiatzaren 23tik 27ra bitartean (23an Lantalde Teknikoaren bilerarekin, eta 24an tutorial batekin), posizionamenduko teknika espazialen hainbat alderdi eztabaidatuko dute; ez soilik GPSa, Errusiako GLONASS, Txinako BEIDOU eta Europako GALILEO ere eztabaidagaiak izango baitira. Egungo Nazioarteko Lurreko Erreferentzia Marko modernoena, ITRF2014 berria, ere sakondu eta era askotako diziplinetara aplikatutako geo-informazioa lortzeko horrek duen inpaktua ere aztertuko dute: geodesia, geodinamika, nabigazio zehatza, ingeniaritza zibila eta kartografia, besteak beste. Gainera, behagarri berriak integratzeko datu-trukerako egokienak diren formatuen inguruko eztabaida egingo dute.

Aranzadi Zientzia Elkarteak, aplikatutako Geodesia sailaren bidez, 2008. urtetik egiten ditu Lurrarekin eta itsas mailarekin lotutako ikerketak Bizkaiko golkoaren inguruan.

Saila Satelite bidezko Nabigazio Sistemetan (GNSS) erreferentzia da eta modu aktiboan egiten du lan Europa osoko 17 GNSS Azterketa Zentroetako batekin (UPA) 2012. urtetik. Gainera, 2015. urtearen erdialdetik, EUREFen OCa (Operational Center) eta DACa (Densification Analysis Center) da. Estatu osoan, DAC izendapena duten hiru zentro bakarrik daude: IGN (Madril), ICGC (Katalunia) eta ARANZADI.

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Instituto Geográfico Nacional erakundeak elkarrekin antolatutako Sinposioa Donostian egingo dute aurten 2016ko Europako hiriburutzaren baitan.