Nafarroako San Kristobal Gotorlekuko espetxeko bizitzari buruzko testigantza argitaragabea

Aranzadi

Astelehena, 2016eko irailaren 26a — CEST

Irakurketa: 5 minutu

Aurkezpena historia honi buruzko interesa daukan ororentzat irekia da.

Hona hemen liburuaren sarrera:

“Gehienetan pertsonaia handien bidez oroitzen dugu iragana eta ahaztu egiten ditugu pertsona anonimoek, hala nola Juan Mari Pallínek, egiten dutela historia. Liburu hau testigantza bat da; lehen pertsonan, bere bizipenak eta San Kristobal espetxean izandako ehunka kiderenak kontatzen ditu. Bizimodua aldatu zitzaien kartzelan; izan ere, bizi-baldintza osasungaitzak, giza eskubideen zapalketak etengabekoak eta errepresio frankista eguneroko egia ziren han.

1936ko kolpe militarraren ondoren eta gero ezarritako diktadurak ezkutatu egin nahi izan zuen errealitate hori. Juan Mari Pallín horretaz jabetu zen eta egunerokoa egin zuen idatziz jasota gera zedin. Altafaylla Kultur Taldea, Nafarroako Fusilatuen Familiakoen Elkartea, Txinparta eta antzeko beste erakunde batzuei esker, eta José María Jimeno Jurío, Fermin Ezquieta, Fernando Miquelarena eta beste ikerlari batzuei esker, gero eta gehiago dakigu historia honi buruz. Horiei guztiei gure aitortza, baita argitalpen honetako sustatzaileei eta Aranzadi zientzia elkarte handiari ere. Gizarte zibila eta erakunde publikoen ordezkariak harro sentitzen gara argitalpen hau partekatu ahal izateaz eta ofizialtasuna emateaz.

San Kristobalen preso egondakoen ama, alaba, emazte, familiako kideen sufrimendua etortzen zaigu burura. Plentziatik familiakoek begirada amaigabeko itsasora bideratzen zuten galdutako askatasunaren bila, eta Iruñetik Ezkaba mendira begiratzen zuten, beldurrez, han zeudela jakinik, baina noizbait aske ikusi ahal izango ote zituzten zalantzan. Irainak eta tratu txarrak jaso arren, beti egon ziren han, zain, duintasuna galdu gabe eta, hala ere, hain anonimo. Haiei ere gure aitortza zor diegu.”

Testua: Joseba Asiron (Iruñako alkatea) eta David Crestelo (Plentziako alkatea)

“Alfonso XII gotorlekua Ezkaba mendiaren gailurrean dago, 892 metrotan. Gotorlekua gerra garaian eta haren ondoren, 1936etik 1945era, espetxe gisa erabili zuten. Gerra aurreko aldi labur batean ere hala erabili zuten. Espainiako espetxe gogorrenetakoa zen. Gure Iruñea zaharretik gertuen dagoen mendia da.

Ni, Amaia, Carmen Fleta Recioren biloba, Ezkabari buruz argitaratutako ikerketa, erreportaje eta liburu ugari egiaztatu eta modu esklusiboan gizonei eta haien oinazeei buruzkoak zirela egiaztatu ostean, eta istorio horretan emakumeek izandako rola alde batera utzi zela ikusita, ikertzen hasi nintzen; lehenengo nire amonari buruz, haren militantziari eta presoekin izandako elkartasunari buruz. Amonarekin hasita, izen gehiago sortu ziren eta emakume haien ikerketan sakontzeko ideia garatzen joan nintzen; izan ere, oso gutxi genekien haietaz. Iruñeko emakumeek, klandestinitatean, gotorlekuko presoekin eta haien familiekin elkartasuna erakutsi zuten.

Nik, Gotzonek, ama eta amona izan nituen aitonaren, izebaren eta osabaren urratsei segika kartzelaz kartzela. Ez ziren Ezkaban izan. Haiek Donostiako Ondarretako kartzelako haize leuna izan zuten lagun. Amaia eta ni elkar topatzera kondenatuta geunden. Pako Etxeberriak harremanetan jarri gintuen, eta handik aurrera, ikerketa zirraragarriarekin bat egin nuen. Pixkanaka ari da fruituak ematen.

Biok gara Iruñekoak. Biak gara Aranzadiko kideak eta iruinxeme-alaba askok bezala, egunero ikusten dugu Ezkaba mendia gure gainean. Behelainoarekin, elurtuta, izoztuta, euripean… eta bertako gotorlekua; milaka gizonek bizi-baldintza gogorrak bizi izan zituzten han. Bizirik atera zirenek sekula ezin izan zuten han bizi izandakoa ahaztu, eta bizi osoan izan zituzten han harrapatutako gaitzen ondorioak. Askok utzi zuten osasuna bertan. Beste batzuk ez ziren sekula bizirik atera.

Erregimenak eta krimen haietan inplikatutakoek istorio hura ezkutuan mantentzeagatik esfortzu izugarriak egin arren (dokumentuak suntsitzea, artxibo sekretuak eta abar), asko dira gotorlekuan zer gertatu zen eta bertako alderdi ugariak agerian utzi dituzten ikerketalanak. Kontakizun horietako batzuetan, presoei laguntzera igotzen ziren emakumeak zeharka aipatzen dira, baina ez dago emakumeek gertakari haietan izan zuten zeregina modu esklusiboan lantzen duenik.

Negaezina da denbora asko pasatu dela eta garai hartan lekuko izan ziren askok dagoeneko ezin dutela testigantzarik eman, baina sinestezina da zenbat lagun elkarrizketatu ahal izan diren, ikerketarako garrantzi izugarriko kontakizunekin, dokumentu, argazki, grabazio eta abarrekin, eta pixkanaka emakume haien lan ixil eta abnegatuaren zatiren bat azalerazi genuen. Batzuetan izena soilik berreskuratu ahal izan dugu. Beste batzuetan, berriz filiazio osoa, eta zuzeneko kontakizunak ere bai. Beste batzuetan, baita filiazio politikoa ere. Emakume sozialistak, anarkistak, komunistak, nazionalistak, ...

Istorio horien artean ahaidetasunak daude eta isilpekotasun, klandestinitate eta abarren sare korapilatsua ageri da. Baina badaude presoaren eta hari laguntzera joaten den emakumearen arteko harreman jarraituaren ondorioz sortzen diren maitasun-istorioak ere. Horixe da Iruñeko Blanki Menaya Erbururen eta Plentziako Juan Mari Pallín Bilbaoren kasua, bizi osorako elkartuta.

Amaiak Donostian topatu zuen senar-emazte haien bi alabetako bat. Idoia Pallín Menaya, Bizitzako kasualitateak, Ondarretan, Gotzonen senitartekoak preso egon ziren lekuan.

Urduri eta zirraraz beteta, Donostiara joan ginen Idoiarekin lehen elkarrizketa hura egitera. Txirrina jo eta gure burua aurkeztu genuen. Lehen unetik harrera ona egin genion elkarri. Tripodea jarri eta kamera entxufatutakoan, elkarrizketa egin genuen. Bazirudien betidanik elkar ezagutzen genuela. Baina elkarrizketaren ondoren, Blankiren joan-etorrien berri izan genuen, Blankik berak kontatu izan balizkigu bezala, eta Juan Mari eta Petra Erbururenak, eta beste pertsonaia batzuenak. Idoiak zuzenean ikusten ari bagina bezala kontatzen zizkigun. Gero gordeta zituen aitaren oroitzapen batzuk erakutsi zizkigun. Hura gehiegizkoa izan zen. Argazkiak, idatziak, argitaratutako artikuluak, zuzendariari gutunak, gotorlekuan egindako egonaldiaren oroitzapenak, Idoiak eskuizkributik mekanografiatuta zituenak, eskuz idatzitako “errezetategi farmakologikoa”, letra txiki-txikiarekin eskuragarri zuen paper urria aprobetxatzeko, koloretako marrazki ederrekin eta koadernatuta. Baina are harrigarriagoa izan zen “grezieraren tratatua”, hura ere eskuz idatzita, ez baita grezierari buruzkoa, izenburuak adierazten duen moduan, baizik eta euskarari buruzkoa. Europa ekialdeko hizkuntzetan (errusiera, greziera, bulgariera eta abar) erabilitako alfabeto zirilikoa erabiltzen du euskara tratatu osoan ezkutatzeko. Gaztelania (hori bai, latindar alfabetoarekin) euskara erabiltzen ez duen deskribapen orokorretarako, eta hala, jazarritako hizkuntza bati, euskarari, buruzko lan bat egitea lortzen du, gotorlekuko zentsura gogorra ohartu gabe.

Idoiari eskatu genion hura guztia Aranzadiren egoitzara eramaten uzteko, idatzi horiek denbora gehiagoz ezkutuan ezin zirela egon uste baikenuen. Zorroagan sortu zen zurrunbiloa dokumentuen balioaren neurrikoa izan zen. Gau hartan bertan itzuli genizkion Idoiari dokumentuak, eta orain argitaratu ditugu, digitalizatu ostean.

Orain, Ezkabara begiratzen dugunean, mila istorio datozkigu burura, haietako asko Idoiaren moduko emakumeei esker, hainbeste urtez gurasoen ondarea gordetzen eta garrantzia ematen jakin baitzuen.

Behelainoa hasi da altxatzen eta gotorlekuan, zorioneko batzuk eguzki-izpiren bat pabiloian sartu zain daude, beste batzuk, zorionekoago, arropa garbiarekin eta janari apurren batekin kargatutako emakume ausarten zain daude, arazorik gabe iristeko mendiak eta "egoerek" sortutako oztopo ugariak gainditu behar dituzte. Beste batzuk, zain dauden bitartean, idatzi egiten dute.

Testua: Amaia Kowasch Belasko - Gotzon Berjerandi Etxeberria