Navaridaseko anfibio eta narrastien inguruko ikerketa lan batek jaso du lehen María Lourdes Arandia Jauregi saria

Herpetologia

Astelehena, 2017eko maiatzaren 15a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Huescako Goi Mailako Eskola Politeknikoan ospatu zen apirilaren 21ean Maria Lourdes Arandia Jauregui sarien lehenengo edizioa. Fundación Arboles erakundeak Zaragozako Unibertsitateko Gradu Amaierako Lanik onenak saritzen ditu. Lehen saria Gabriel García de Marcos, Ernesto Perez Collazos eta Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik Ion Garin Barrioren laguntza izan duten lanak jaso du: Inventario herpetológico de dos zonas protegidas y su entorno en el municipio de Navaridas (Álava). Guztira 15 herpeto espezie antzeman dira (8 anfibio eta 7 narrasti) udalerriko, hau da ikerketa areako lau habitat adierazgarrienetan. Ikerketa gauzatzeko hainbat laginketa metodo desberdin erabili dituzte.

Emaitzen arabera, eremu babestuak dira aberastasun herpetologiko altueneko zonaldeak, Navaridaseko aintzira hain zuzen ere oso eremu aberatsa da, izan ere 8 anfibio espezie atzeman dira bertan, Arabar Errioxan dauden espezieen %80. Era berean mahasti artean dauden horma baxuen onurak ere azpimarratzen dira lanean, batik bat narrasti espezie batzuetan, izan ere sugandila arrearen (Podarcis liolepis) dentsitate altuagoak ikusi dira eta.

Era berean ingurumen hezkuntzako hainbat ekintza gauzatu dira, eta Aranzadiko herpetologia saileko kideen laguntzaz herpetofaunaren mesedetan kudeaketa ekintzak gauzatu dira, sei putzu berri sortuz Navaridas udalerriko lur eremu publikoan. Azken ekintza honetan parte hartu dute Aranzadiz gain Navaridaseko udalak eta Eusko Jaurlaritzak, izan ere azken erakunde honen ingurumen boluntariotzako dirulaguntzak baliatu ziren ekintzak gauzatzeko. Bertako jendearen parte hartze altua izan zuen, gauzak honela lanak edozein kontserbazio proiektu zientifikok ukitu behar dituen hiru ardatzak gauzatu dira: ikerketa, dibulgazioa eta kudeaketa. Bultzada probestuz, hilabete honen amaieran (maiatzaren 19 eta 20an) Eukal Herriko anfibio, narrasti eta odonatoak desberdintzeko ikastaro bat irakatsiko da.