Oñatiko XX. Ingurumen Jardunaldietan anfibioak izango dira protagonista

Herpetologia

Osteguna, 2016eko otsailaren 25a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Alde batetik Oñatiko Natur Eskolako kideek erakusketa bat antolatu dute Txantxikuak, lupuak, ugaatxuak anfibioen sekretuak izenburupean otsailaren 22tik-martxoaren 6ra Kultur Etxean ikusgai egongo dena. Gainera ostiral honetan otsailak 26a Anfibioak: dinosauroen iraungipena gainditu duten bizidunak kinka larrian hitzaldia eskainiko du Ion Garin-Barrio Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia saileko kideak, arratsaldeko 19:00tan Oñatiko Kultur Etxean.

Ekintza borobildu eta herritarrak ekimenaren parte izan daitezen beste ekintza bat antolatu dute, Oñatiko herpetofauna (hau da anfibio eta narrasti espezieak) identifikatzeko ikastaro bikoitz bat. Lehenik anfibioak identifikatzeko ikastaroa antolatu dute jardunaldien barnean, eta udaberri amaieran narrastiak identifikatzeko beste ikastaro bat gauzatuko da. Anfibioak identifikatzeko ikastaro-irteera larunbatean (otsailaren 27an) gauzatuko da, goizeko 9:00tan. Lehenik hitzaldi motz batean bertako anfibio espezieak bereizteko ezaugarri nagusiak adieraziko dira, ondoren ezaugarri horietariko batzuk Aranzadi Zientzia Elkarteko Bilduma Herpetologikoko hainbat laginekin konprobatu ahal izango dituzte eta amaitzeko (nahiz eta garairik egokiena izan ez) irteera bat egingo da bertako espezieak in situ ikusteko.