Ondare europearraren astean bisita eta boluntariotza jardunaldiak
Ostirala, 2018eko irailaren 21a — CEST
Irakurketa: 2 minutu
Amaiurko Gaztelua Nafarroako kultur ondare erreferentea da, 1522an gertatutako mugarri historikoaz geroztik mendeetan zehar nafar gizartean interes handia piztu duen gunea dena. Urtero legez, kontsolidazio lanak egin dira eraikinean, sarbide berria ireki eta 1 eta 2 sektoreen musealizazioa amaitu delarik. Zabalkuntza honen berri emateko Aranzadi Zientzia Elkarteak, Baztango Udalak eta Amaiurko Herriek bisita gidatua antolatu dute igandea, irailak 30erako.
Urteetako ikerketaren ostean Asturica (Astorga) eta Burdigalam (Bordele) lotzen zituen Iter XXXIV erromatar galtzadaren zantzuak aurkitu dira Nafar Pirinioetan. Ondare hau ezagutarazteko larunbatean, irailak 29, Artzibar, Auritz eta Erroibarreko Udalek eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Lusarreta eta Aurizberri bitartean dagoen erromatar galtzadaren zatia bisitatzeko aukera eskainiko dute. Txangoa Aranzadiko ikerlariek gidatuko dute eta inguruko paisaia eta bideari buruzko azalpenak emango dituzte, tartean eskualdean industen ari diren erromatar aztarnategiak aipatuz: Zaldua eta Artzi.