Oroimen historikoko hainbat ekitaldi izan dira asteburuan
Aranzadi
Astelehena, 2017eko ekainaren 5a — CEST
Irakurketa: 3 minutu
Bizkaiko Lemoatx mendian aurkitutako gudulari baten gorpuzkien deshobiratzean parte hartu du Eusko Jaurlaritzak, Gobernuko Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Josu Erkoreka eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendari Aintzane Ezenarro bertan zirelarik. Ikerketen arabera, 1937ko ekainean hilko zen soldadua, gune estrategiko honen kontrola hartzeko izandako borrokaldietan.
Deshobiratzean ere Lemoako alkate den Saioa Elejabarrietak parte hartu zuen, Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikari talde batek burututako lan honetan, Paco Etxeberriak zuzenduta. Gorpuzkiak lurpetik ateratzeko lanetan hezur-hondakinak berreskuratu dira, duten formagatik, burezur batenak eta besahezur batenak izan litezkeenak, baita gerriko baten burdinazko belarri bat, uhalaren hondakinak eta larruzko kartutxera batenak ere, Alemaniako eta Txekoslovakiako munizioarekin.
Joan den urteko abenduaren 11n aurkitu zuten hilobia, Pardomendi edo Ganzabal izeneko kotaren Ekialdeko hegalean, Lemoan, bata bestearen ondotik, borrokaldiak izan ziren kotetan, Aranzadiko teknikariek egiten dituzten errutinazko miaketetako batean.
Bestalde, Aranzadik Urtasunen hobi berria ireki du, bertan Ezkaba espetxetik 1938an ihes egindako bost lagunen gorpuzkinak aurkitu eta deshobiratu dituztelarik.
Nafarroako Gobernuak memoria historikoaren arloan bultzatzen dituen ekintzen barruan kokatzen da jarduera hau ere; helburua 1936ko errepresioaren biktimen senitartekoen egia, justizia eta erreparazioa lortzeko erreklamazioei erantzuna ematea da.
Hori gutxi balitz, Eusko Jaurlaritzako Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Josu Erkorekak eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Gogora zuzendari Aintzane Ezenarrok, Gautegiz Arteagako Udalak antolatutako omenaldian parte hartu dute, lehen frankismoan, demokrazia eta giza eskubideak defendatzeko borrokatu ziren haiek gogora ekartzeko.
Kultura Etxean egin den eta Bizkaiko udalerri honetako alkate Juan Felix Naberanek presiditu duen ekitaldira, lehen frankismoaren garaian, errepresio latza pairatu zuten hainbat auzotar joan dira, baita haien senideak ere.
Omenaldian, Josu Erkorekak eta Juan Felix Naberanek oroitzapenezko plaka bat desestali dute eta “Gautegiz Arteaga 1936/1945. Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoko Garaian” liburua aurkeztu dute publikoki, Eusko Jaurlaritzaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin idatzia.