Saila: Arkeologia
Gaia: Arkeologia indusketa
PIRENAEUS
Iter XXXIV erromatar galtzada eta haren ertzeko herriguneen ikerketa, balioan jartzea eta gizarteratzea.
Ibañetako pasabidean zehar Pirinioen bi isurialdeak lotzen zituen Iter XXXIV erromatar galtzadaren aztarnak topatu dira azken hamarkadan, baita haren ertzean kokatuta zeuden zenbait kokagune ere, horien artean Zaldua (Auritz/Burguete, Nafarroa) eta Donazaharre (Donzaharre/Saint Jean Le Vieux, Pirinio Atlantikoak). Baita Luzaiden barrena doan galtzadaren ibilbidea ere. Haien guztien ikerketa zientifikoak lurralde mendintsu honen mugazgaindiko ikuspegi beharra erakutsi dute, bideari esker elkar oso konektatuta zeuden frogatu baita.
Hori horrela, PIRENAEUS mugaz gaindiko proiektuaren bidez mugaren bi aldetan kokatutako aztarnategi arkeologikoak era bateratuan lantzea proposatzen da, irizpide zientifikoak jarraituz. Horretaz gain, gune horien balioan jartzeko zein gizarteratzeko ekimenak ere modu bateratuan gauzatzeko baliatu nahi da, nazioarteko ikuspegiarekin amankomunean duten ondare baliabideak ezagutarazi eta mugaren bi aldeetako pertsonen mugikortasuna sustatuz. PIRENAEUS proiektuaren bi edizioak Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak-finantzatutako proiektua da, 2023-2024 et 2024-2025 deialdietan.
Donazaharre eta Zaldua: galtzada bidez lotutako mugazgaindiko bi aztarnategi
Donazaharreko Udalak 1960 eta 1970. hamarkadetan zehar bere herriguneko erromatar aztarna batzuk industu eta balioan jarri zituen, ibilbide eta erakusketa txiki baten bitartez. 2022az geroztik, eta 40 urte baino gehiago igaro ostean, bere herrigunean ikerketa lanak sustatzen hasi da berriz ere, eta garaian ikertu gabe gelditu ziren erromatar gunearen gehiengoa ezagutzen jarraitu nahi du. Horretarako, ikuspegi berritzaileagoa bilatzen du eta mugaz gaindiko ikuspegia sustatu nahi du proiektu honen bitartez, Euskadi zein Nafarroako bazkide bidelagun izanik.
Auritzeko udalak bestalde, erromatar garaiko hiri bat, Zalduako aztarnategia, kudeatzen ari da. Proiektu hau 2012az geroztik dago martxan Aranzadi zein Nafar Gobernuaren babesarekin batera. Herrigune erromatar hau giltzarria da oraindik hain gutxi ikertua izan den Pirinioetako lurraldearen erromatar garaiko bilakaera ezagutzeko baita ondare horren gizarteratzearen bidez, bertako herrien baliabide kultural eta turistikoak osatzeko ere. Horretarako, geofisikako teknika berritzaileak eta ez suntsitzaileak aplikatzen antzinadari izan da, betiere ikertzaile gazteen formakuntzarako erreferente izanik eta nazioarteko ikuspegitik landuta.
Luzaide/Valcarlos, ostera, Auritz eta Donazaharreko udalen erdibidean kokatuta dago, hau da, gaur egungo muga bete betean. Egitasmo honen ardatz den galtzada erromatarrak gaur egungo udalerria iparretik hegora zeharkatzen du eta haren ertzean hainbat aurkikuntza egin dira, Soraundiko inguruan edota hegoaldeko muga egiten duen Ibañetako edo Lepoederreko pasabideetan, esaterako. Horretaz gain, mendi inguruan identifikatutako bestelako aztarnategiek ere duela 2000 urte lurraldean garatuko ziren jarduera ekonomikoei buruzko informazio esanguratsua eskeintzen digute, Meatzeko meategiek, adibidez.
Erromatar galtzada eta bere ondarea balioan jartzen
PIRENAEUS proiektuaren bitartez, ondorengo ekintzak burutuko dira erromatar galtzada eta bere ondarean balioan jarri eta gizarteratzeko:
- Zaldua zein Donazaharreko erromatar hirietan ikerketa arkeologikoekin jarraitu, Aranzadiko kide den Oihane Mendizabal arkeologaren zuzendaritzapean.
- Aztarnategietako baliabide museografiko eta informatiboak osatu eta sendotzea, mugaz gaindiko ikuspegia txertatuz. Honela, Donazaharreko udalaren erakusketa, eta Zaldua zein Luzaideko baliabide museografikoak eguneratuko dira. Honez gain, udalerrietan panel informatiboak jarriko ditugu, eta bi aztarnategietan topatutako material aukeraketa bati 3D modeloak sortuko dira, ondoren baliabide hauek hedapen eta gizarteratze ekintzetan erabili ahal izateko.
- Mugaz gaindiko ondare arkeologikoari hedapena eman eta gizarteratzea. Horretarako, hitzaldi, bisita gidatu eta jardunaldiak antolatuko dira.
Pirinioetako erromatar galtzadari buruzko informazio gehiago.
Proiektu hau babestu nahi dut
Zure laguntzak gure gizartea eta ingurune naturala aurrera egiten duten proiektuetan lanean jarraitzeko aukera ematen digu.