Pirinioen bi aldeetako kultur ondarea eta arkeologia gizarteratzeko bidean, Pirenaeus II proiektuari esker
Arkeologia / Arkeologia indusketa
Osteguna, 2024eko abenduaren 5a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 3 minutu
- PIRENAEUS II mugaz gaindiko proiektuaren xedea Ibañetako pasabidean zehar Pirinioen bi isurialdeak lotzen zituen Iter XXXIV erromatar galtzadaren aztarnategi arkeologikoak era bateratuan balioan jarri eta gizarteratzean datza.
- Proiektu honetan Pirinioetako bi aldeetako zenbait bazkide daude inplikatuta: Auritzeko Udala (Nafarroa), Donazaharreko Udala (Akitania Berria), Luzaideko Udala (Nafarroa) eta Aranzadi Zientzia Elkartea (Euskadi), buru bezala.
- PIRENAEUS proiektuaren bi edizioak Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak kofinantzatzen ditu 2023-2024 eta 2024-2025eko deialdietan.
PIRENAUES proiektuaren garrantzia
Ibañetako pasabidean zehar Pirinioen bi isurialdeak lotzen zituen Iter XXXIV erromatar galtzadaren aztarnak topatu dira azken hamarkadan, baita haren ertzean kokatuta zeuden zenbait kokagune ere, horien artean Zaldua (Auritz/Burguete, Nafarroa) eta Donazaharre (Donzaharre/Saint Jean Le Vieux, Pirinio Atlantikoak). Baita Luzaiden barrena doan galtzadaren ibilbidea ere. Haien guztien ikerketa zientifikoak lurralde mendintsu honen mugazgaindiko ikuspegiaren beharra erakutsi dute; bideari esker elkar oso konektatuta zeudela frogatu baita. Ikerketa arkeologikoek lurraldearen ardatz nagusia aro aldaketa inguruan eraikitako galtzada transpirenaikoa izango zela adierazi dute, haren inguruan antolatu baitziren lurraldeko gainontzeko gune eta elementuak. Komunikazio ardatz horri esker mugitzen ziren pertsonak, salgaiak eta haiekin batera ideiak, hizkuntzak etab. Nahiz eta gune menditsua izan, inperioko gainontzeko lurraldeekin ongi lotutako eskualdea izan zen.
Horregatik, mugaz gaindiko PIRENAEUS proiektuak proposatzen du mugaren alde bakoitzean dauden bi aztarnategi arkeologikoek batera lan egitea, jarraibide zientifikoei jarraituz. Era berean, plan komun bat proposatzen da ondare horri balioa emateko eta hura gizarteratzeko, nazioarteko ikuspegiarekin eta eremu horri lotutako ondare-baliabideak ezagutarazteko aukera emango duena, mugaz gaindiko zirkulazioa sustatuz.
PIRENAEUS II proiektuaren testuingurua
2011. urtetik aurrera, Aranzadi eta galtzadaren ertzean dauden Nafarroako udalak sarean lanean hasi ziren, gai horri lotutako ondare-baliabideak dinamizatuz. Hurrengo urratsa, lurralde honen mugaz gaindiko izaera kontuan hartuta, Euroeskualdeak 2023an bultzatutako PIRENAEUS I proiektuaren hasiera izan zen. Auritz/Burguete eta Donazaharre/Saint-Jean-Le-Vieuxeko Udalek parte hartu zuten bertan, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera. Bi alderdien arteko elkar ezagutza sustatu zuten eta elkarrekin partekatzen zituzten erronka batzuk identifikatu zituzten.
Ondorioz, eta proiektuaren potentzialtasun handia kontutan hartuta, PIRENAEUS II izeneko bigarren fasera zabaldu da, akzio eta bazkide berriekin. Horrela, Luzaide/Valcarlos udalerria gehitu da, geografikoki proiektuan parte hartzen duten bi udalerrien artean dagoena, alegia.
Galtzada erromatarraren eta haren ondarearen balioa nabarmentzea
Proiektuaren helburu zientifikoen artean mugez haraindiko ikerketa arkeologiko multidiziplinarra sustatu nahi da, ikuspegi holistiko baten bidez Nafarroako Foru Erkidegoan eta Akitania Berrian dauden aztarnategiak elkartuz.
Gainera, duela 2000 urte Iter XXXIV galtzadaren inguruan, erromatar inperioak Euroeskualdeko lurraldearen kohesioa nola lortu zuen gizarteratu nahi da.
Horren berri emateko helburuen artean, Pirinioen bi aldeetan erregistratutako ondare arkeologiko hori Euroeskualdeko herritarren eskura jarriko da, hainbat hedapen- eta sentsibilizazio-jardueraren bidez. Jarduera horiek guztiak turismo jasangarria kontuan hartuta eta ondareari ahalik eta kalte edo inpaktu negatibo txikiena eraginez egingo dira.
PIRENAEUS II hedatzeko jardueren artean material arkeologikoaren jarraipena, 3D ereduko baliabide museografiko berrien sorrera edo Pirinioetako galtzada erromatarraren ondareari buruzko mahai-inguruak eta mugaz gaindiko jardunaldien antolaketa egongo dira.