‘Polinizatzaileak greban’ erakusketa ikusgai egongo da Atarian urriaren 20ra arte

Entomologia / Hiritar zientzia, Espezieen identifikazioa, Polinizatzaileak

Astelehena, 2024eko irailaren 16a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

Erakusketak Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatutako #polenbila argazki-lehiaketara aurkeztutako polinizatzaileen argazki onenak biltzen ditu.

Bigarren urtez jarraian, erakunde horretako Entomologia sailak #polenbila kanpaina jarri zuen abian sareetan, inguruan bizi diren polinizatzaileen itxura zein den jakiteko.

Aurtengo berritasuna izan da, argazki horiek #polenbila argazki-lehiaketan parte hartzeko aukera izan dutela. Lehiaketa horren helburua, hain zuzen ere, polinizatzaileak ikusgai jartzeko zeregin zail horretan herritarrek izandako parte-hartzea saritzea da.

Jai-giroko eguna

Pasa den larunbatean, irailak 14, "Arrastoa uzten duten abenturak" jardunaldia ospatu zen Atarian. #polenbila argazki-lehiaketaren sari-banaketarekin hasi zen eguna, eta, horrela, "Polinizatzaileak greban" erakusketa zabaldu zen. Argazki hauek Ataria interpretazio zentroan egongo dira ikusgai, urriaren 20ra arte. Ondoren, Aranzadi Zientzia Elkarteko Bea Díaz entomologoak eta Maddi Astigarraga ilustratzaile zientifikoak "Polinizarte" hitzaldia eta intsektuak ilustratzeko tailerra eskaini zituzten.