"Portuarrak, Hondarribiko itsas komunitatearen begirada historikoa" ikerketa lana aurkeztu da

Arkeologia

Larunbata, 2024eko maiatzaren 18a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

Aritz Diez Oronozek eta Josu Narbarte Hernandezek "Portuarrak, Hondarribiko itsas komunitatearen begirada historikoa” I. Enrike Lekuoa ikerketa bekaren lana aurkeztu dute herriko Itsas Etxean.

Bi egileek diote gutxi ikertu dela Magdalenako kuboaren eta Arroka Puntaren artean zegoen arrantzaleen auzoaren historiari buruz. Ondorioz, iturri historikoetan komunitate horri egiten zaizkion erreferentziak ere askoz urriagoak dira, eta askoz ere zailagoa izan da historikoki hurbiltzea. Hain zuzen ere, ikerketa-proiektu honen helburua hutsune hori betetzea izan da, Hondarribiko portuen historiari beste begirada bat emanez.

Enrike Lekuona (Aranzadiko bazkidea izan zena) bekaren helburua euskarazko ikerketa sustatzea da, eta 2019an egin zen deialdia. Guztira, sormen handiko eta maila akademiko handiko 9 proiektu aurkeztu ziren. Aritz Díez Oronoz eta Josu Narbarte Hernandez lehen deialdi honetako lan irabazlearen atzean egon dira.

Aritz Díez Oronoz arkitektoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Eskolako irakaslea da. Zaharberritzen eta ondare arkitektonikoa ikertzen espezializatua. Ikerketa esparru nagusia Errenazimentu garaiko arkitektura militarra izan da.

Josu Narbarte Hernández, Aranzadi Zientzia Elkartearen bazkidea, Artearen Historian graduatua eta Arkeologian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Kultura-paisaien eta gizakien eta ingurumenaren arteko harremanen inguruko ikerketa-ildo nagusiak garatu ditu.