San Adriango tunelean Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako indusketak dira jardunaldi, erakusketa eta liburu baten ardatza, Gipuzkoaren historian barrena murgiltzeko

Arkeologia

Astelehena, 2016eko otsailaren 22a — CEST

Irakurketa: 10 minutu

Aranzadi Zientzia Elkarteak azken urteetan egindako indusketei esker, gune honek Gipuzkoako historiari buruzko datu interesgarriak ezagutu ahal izan ditugu.

Gaur aurkeztu da prentsaurrekoan erakusketa eta arkeologia jardunaldiak. Bertan egon dira Denis Isaso, Kultura Diputatua, Miren Azkarate Udaletxeko kultura zinegotzia, Susana Soto, San Telmo Museoko Zuzendaria eta Juantxo Agirre, Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia.

ERAKUSKETA: San Adrian, denboraren igarobidea. Azken Glaziaziotik Done Jakue bidera Gipuzkoako Historian zehar

Erakusketa Aranzadi Zientzia taldeak antolatua dago, San Telmo Museoaren lankidetzarekin. Museoko Laborategia espazioan izango da ikusgai otsailaren 23tik apirilaren 3ra, doako sarrerarekin.

Erakusketaren edukiak:

WÜRM, AZKEN GLAZIAZIOA

Würm glaziazioa klima hotzeko aldi luzea da, orain dela 115.000 urte inguru hasi eta duela 10.500 urte inguru amaitu zena.

Pixkanaka-pixkanaka tenperaturak gora egin zuen, izotz eremu iraunkorrek atzera egin zuten eta kostaldeko lerroa igo eta egonkortu egin zen. Horrek guztiak izugarri aldatu zituen landaredia eta fauna.

Euskal Herria ipar-poloko latitudeen antzeko paisaia hotzak eta negu luze eta gogorrak atzean utzi eta gaur egungoaren antzeko klima izatera pasatu zen. Klima-aldaketa prozesuan, baso hostoerorkorrak ugaritu ziren lehenago landaretza eskasa zegoen tokietan. Faunari dagokionez, klima hotzetako animalia zenbait desagertu, elur-oreina adibidez, eta beste batzuk sortu ziren; hala nola, oreina, orkatza edo basurdea.

Lanabesen berrikuntza teknikoei esker eta ehiza-, arrantza- eta harrapakaritza-estrategiak aldatzeari esker, gizakia arrakastaz egokitu zen testuinguru berrira.

Prozesu hori arkeologoek Madeleine aldiaren amaierakotzat eta Aziliense aldikotzat (orain dela 13.800 urte) jo duten geruzetan geratu da kristalduta. Une hori bat dator glaziazioaren amaierako klima-aldaketa handiekin.

San Adrian: 1.000 metroko altitudean dagoen okupazioa

Ehiztari-biltzaile ziren gizataldeak samalda txikitan banatutako gizarteetan bizi ziren biziraupena eta lurraldean zehar mugitzeko ahalmena bermatze aldera. Aldian-aldian trukeak, ezkontzak edota errituak egiteko elkartzen ziren eta, hala, berrikuntza teknikoen berri ematen zioten elkarri, odolkidetasun-arazoak saihesten zituzten eta taldearen kohesioa sendotzen zuten.

Haien teknologia harrizko eta hezurrezko lanabesak eta tresnak egitean oinarritzen zen. Besteak beste larrua, haragia, landareak edo egurrak ebakitzeko, zerratzeko edo karrakatzeko erabiltzen ziren silexezko hainbat tresna berreskuratu dira San Adrianen.

Garai hartako klimaren eraldaketetara etengabe egokitzen ari ziren herriak izanik, okupazio horiek aztertzeak garrantzi handia du. Izan ere, gizakiak muturreko aldaketa ekologiko baten aurrean bizirauteko gaitasun handia duela erakusten dute.

NEKAZARIAK ETA ABELTZAINAK

Brontze Aroan ohikoagoak bihurtu ziren aire zabaleko kokalekuak, garaiko klima egungoaren oso antzekoa baitzen. Milaka urte dira gizakiak landareak eta abereak etxekotzen dituela eta soberakinak ekoiztea eta horiekin tratuak egitea ere lortu du.

Jada ez dago naturak zuzenean eskaintzen dizkion baliabideen mende; izan ere bere elikagaiak sortzeko gai da. Hori dela-eta, biztanleria hazi egin zen, eta gizartea konplexuagoa bilakatu. Hala, lurraldea eta ondasunen ekoizpena kontrolatzen zituzten botere-eliteak sortu ziren.

Nekazari eta abeltzain horiek sedentarioak ziren; hau da, kontrolpean zituzten jendegune egonkorrak eta okupazio logistikoak zituzten bizileku eta bertatik lehengaiak lortzen zituzten. San Adriango jarduera nagusiak abeltzaintza eta mendiko baliabideen ustiapena ziren urteko sasoi gehienetan.

Haitzuloaren inguruan nekazaritzaren aztarnak aurkitu dituzte: polena, ikatz bihurtutako gari- haziak eta uztarako igitaiak.

Indusketetan agertu diren fauna-aztarnak etxeko ugaztunenak ziren (behia, ardia, ahuntza, txerria eta txakurra). Neurri handiko ganadua behi-aziendak osatzen zuen nagusiki eta aurkitutako ardien eta ahuntzen arrastoek argi eta garbi erakusten digute artzaintza bertako abere-ekonomiaren parte zela. Gainera, txakurra artzaintzarekin lotutako espezietzat agertzeak erakusten du neurri txikiko ganaduak garrantzi handia zuela eredu ekonomiko nagusian. Nahiz eta hein txikiagoan, txerriaziendak ixten du aztarnategian bizi izan zen gizataldearen abere-bizigaien zerrenda.

Aldi horretako berrikuntza nagusia brontzearen aleazioa (kobrea + eztainua) izan zen; izan ere, ordura arte kobrea erabiltzen zuten. Ezaugarri hori beste ekoizpen tekniko batzuei batzen zaio; hala nola, zeramikari edo harri landu eta leunduen industriari.

BI ERRESUMA ARTEKO IGAROBIDEA

Brontze Arotik Erdi Arora, 2500 urteko denbora-tartean, ez da giza- okupazioaren proba idatzirik edo arkeologikorik aurkitu San Adriango tunelean. Haatik, hurbileko inguruetan (Urbiako landetan, Zegamako San Pedro baselizan, eta abar) aurkitutako erromatar garaiko proba arkeologikoek bazter horiek komunikabide eta agian baita bizileku egonkor ere izan zirela iradokitzen dute.

X. eta XI. mendeetan, Iruñeko Erresumaren ipar-mendebaldeko mugek egungo Gipuzkoako lurraldea hartzen zuten. San Adrian interes ekonomiko handiko igarobide estrategikoa izan zen seguru asko, bertan larre eta baso ugari baitaude (Aratz-Aizkorri eta Altzania mendilerroak).

San Adrian mendatearen lehen aipua 1294. urtekoa da eta halaxe dio: “a Garci Perez d’Orio por carta del rey para tenencia del Puerto de San Adrian, II mil mrs.”. Aipuaren arabera, beraz, bazen bertan gotorleku bat. Gotorlekua gaztelu bilakatu zen gero eta bertatik nobleak, elizgizonak, merkatariak, abenturazaleak eta gaizkileak pasatu ziren.

Gaztelua

San Adriango gazteluaren eraikuntza Gaztelako Erresumak Gipuzkoako bailara nagusietan lortutako nagusitasunaren hasierarekin lotuta dago argi eta garbi. Tokia garrantzi handiko igarobide geoestrategiko bihurtu zen. Izan ere, Gaztelako koroak interes handia zuen Donostiako, Getariako eta Debako itsas portuetan zehar Atlantikoko Europarekin lotzeko. San Adriandik igarota, Gaztelak ez zuen Nafarroako Erresuma zeharkatzeko beharrik.

Urrutiko lotura-ardatz horrekiko interes handiaren eta hori sendotzeko egindako ahaleginen erakusgarri, Alfontso X.a Gaztelakoak, XIII. mendearen erdialdera, mendi-bidean zehar zeuden harresitutako zenbait hiribilduren sorrerarako hirigutunak eman zituen (Agurain, Segura, Ordizia, Tolosa). Hiribildu horiek bezala, San Adrian derrigorrezko pasabide eta kontrol-gune bilakatu zen.

Ondorengo mendeetan mugen ezegonkortasunak gaizkileentzako eta bidelapurrentzako toki apropos bihurtu zuen eta, ondorioz, eremua gotortu behar izan zuten. Une hartatik aurrera, gaztelua etengabe aipatuko da dokumentu idatzietan.

San Adriango gotorlekuaren agintea Gaztelako koroak lurraldeko aitoren semeen leinu nagusien artetik zuzenean izendatutako alkaideen esku zegoen. Praktikan, ordea, agintea alkaideek izendatutako ordezkariek zuten. Haien ardura bideko segurtasuna bermatzea eta igarobidea pasatzen zuten bidaiari eta merkatariei bidesariak kobratzea zen.

1512an Nafarroako Erresuma menderatzearekin batera, San Adriango gotorlekuak jatorrizko funtzioa galdu zuen eta posten errege-bidean atsedenerako toki bilakatu zen.

AZKEN BIZTANLEAK

XVIII. mendeko erdialdeaz geroztik, Arlabango errege-bide berria irekitzearekin batera, San Adriango igarobidea bigarren mailan geratu zen. Mantentze-lanik egiten ez zenez, galtzada hondatu egin zen pixkanaka-pixkanaka eta horrek are zailtasun handiagoak ekarri zizkien erabiltzaileei.

Hala eta guztiz ere, igarobideak antzina zuen garrantzia izaten jarraitu zuen, nahiz eta eskualde mailako eremu mugatuagoan izan.

1794an Foru Aldundiak tunela gotortu zuen Gipuzkoako zati handi bat hartuta zuten Frantziako Konbentzioaren tropa iraultzaileei aurre egiteko asmoz. Postu horretara 40 bat soldadu bidali zituzten.

1813an, gerra napoleoniko (1808-1813) bete-betean, Eskoziako Thomas Graham jeneral eta Lynedocheko baroiaren agindupean zegoen zutabe handi batek San Adriango igarobidea baliatu zuen Gasteizen (ekainaren 21ean) porrot handia jasan zuten indar militar frantsesen erretreta geldiarazteko.

Lehen Gerra Karlistan (1833-1839) antzeko zerbait gertatu zen. Gatazkaren lehen faseak indar liberal erregularren eta karlista matxinoen talde batzuen arteko borrokagatik ezaugarritu ziren. Karlistak, lurraldea ongi ezagutzen zutela-eta, arazo handirik gabe ibiltzen ziren paraje horietan. 1836ko udan “San Adriango gotorlekuko komandante” Jose Alchaga buru zuen patruila txiki bat bidali zuten kokaleku horretara. Halako egoeren ondorioz, San Adrian igarobide estrategiko izatera igaro zen berriro.

Mikeleteak, igarobidearen kontrolatzaileak

Azken mugarria 1855ekoa da; tunelean mikeleteen destakamentu bat finkatu zuten bertan. Bi zaindari zergak kobratzea bermatzeaz eta kontrabandoa kontrolatzeaz arduratzen ziren. Benta ondoan eraikitako eranskinean bizi ziren eta haiek izan ziren tuneleko azken biztanleak.

Egoera ez zen nabarmen aldatu 1915era arte. Urte hartan, ustekabeko sute baten ondorioz, kuartela eta antzinako benta erabat kiskalita geratu ziren. Eraikinak ez zituzten berreraiki eta mikeleteak mendi-hegalean kilometro eskas beherago zegoen eraikin batera lekualdatu ziren, gaur egun Mikeleteen etxea edo Aterpea deritzonera.

Halaxe bukatu zen San Adriango tunelean gizakiak azken 13.000 urtez, ia etenik gabe, izandako presentzia.

XIV. ARKEOLOGIA JARDUNALDIAK

Otsailaren 23tik 26ra, biak barne, XIV. Arkeologia Jardunaldiak burutuko dira museoan. Aranzadik antolatu, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta San Telmo Museoak laguntzen dituen jardunaldi hauetan San Adrian edo Murugain bezalako aztarnategi arkeologikoak azalduko dira. Honez gain, genetika eta paleosiderurgia alorretan egin diren aurrerapenak abiapuntutzat hartuta, gure lurraldeko giza populazioaren bilakaera eta burdinaren ekoizpena azalduko dugu. Hitzaldiak 19:30ean hasiko dira eta sarrera librea izango da lekuak bete arte.

Otsailak 23, gazteleraz

La fortificación medieval y la calzada de San Adrián en Aizkorri eta San Adrian- Lizarrate: Gipuzkoako historiaren igarobidea liburuaren aurkezpena

Hizlaria: Alfredo Moraza, Aranzadi Zientzia Elkartea.

Aurkezpena: Jexux Tapia, Aranzadi Zientzia Elkartea.

San Adriango Erdi Aroko galtzadaren eta gotorlekuaren gainbegirada historikoa. Aranzadiko arkeologoak tunelean eginiko aurkikuntza arkeologikoak ere erakutsiko ditu.

Otsailak 24, euskaraz

Burdin Aroko herrixka batetik Gerra Zibileko lubakietara, Murugain (Arrasate- Aramaio)

Hizlaria: Etor Telleria, arkeologoa.

Aurkezpena: Alfredo Moraza, Aranzadi Zientzia Elkartea.

Murugaingo mendian aurrera eraman diren indusketa arkeologikoetan, eremua hegoaldetik inguratzen duen Burdin Aroko harresia azaleratu dugu eta bertako bizilekuari lotu ahal zaizkion material eta egiturak ere topatu dira. Harresi hauskor honekiko paraleloan, eta bere babesean, Espainiako Gerra Zibilean lubaki lerroak eraiki ziren, hauen indusketak, defentsa lerro hauen logika ulertzen laguntzeaz gain, gerra-material ugari topatzea eta bertan egon ziren miliziano zein gudarien eguneroko bizimoduaren erakusgarri diren materialak berreskuratzea ahalbideratu du. Guzti honek lubaki hauen mikrohistoriara gerturatu gaitu eta modu honetan Gerra Zibileko Arkeologiaren ikerketa lerro interesgarrian kokatu gara.

Otsailak 25, gazteleraz

Atapuerca y el ADN de la población vasca

Hizlaria: Eneko Iriarte, Burgosko Unibertsitatea.

Aurkezpena: Juan Luis Arsuaga, paleoantropologoa. Atapuercako zuzendarikidea. Atapuercako Leize Handiko El Portalón aztarnategian aurkitutako Kalkolitoko eta Brontze Aroko zortzi pertsonaren genomen sekuentziazioak erakutsi zuen lehen nekazari eta

abeltzainen artean bilatu behar direla gaur egungo euskal herritarren arbasoak. Beste hipotesi batzuek, aldiz, lehen nekazariak iritsi aurreko ehiztari eta biltzaileen populazioekin lotzen dituzten euskal herritarrak.

Otsailak 26, gazteleraz

Haizeola o las ferrerías de monte. Orígenes de la metalurgia del hierro en el País Vasco Hizlaria: Javier Franco. Xabi Alberdi. Josu Etxezarraga, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoko lantaldea.

Aurkezpena: Juantxo Agirre, Aranzadi Zientzia Elkartea.

Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoko Arkeologia taldeak 14 urte daramatza gure lurraldean burdinaren ustiapenak eta burdina-lanak zer jatorri duten ikertzen. Lehenik, Bizkaian zentratu zen proiektua eta azken urte hauetan, Gipuzkoan eta Araban ere garatu dute. Hedatzea egin ondoren, hiru lurralde historikoetako aztarnategi jakinetan eginiko ikerketa arkeologikoei esker, hasiak gara Erromatar garaiaren eta Erdi Aroaren zepategien/ hondakinen azpian zegoen potentzial historikoa ezagutzen eta, hala, gure herrialdeko entitate-ondarerik garrantzitsuenetako baten balioa ezagutu ahal izan dugu; haizeolena, alegia.

LIBURUA

San Adrian-Lizarrate (Gipuzkoako historiaren igarobidea / La historia de Gipuzkoa a través del túnel de San Adrian) izeneko liburua aurkeztuko da ere bai. Liburu honek 2008.urtetik aurrera egin diren arkeologia indusketetatik ateratako informazio eta aurkikunzei buruzko informazioa bildu ditu.