Schools for Resilience. Europar mailako mintegia

Aranzadi

Osteguna, 2016eko azaroaren 3a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Parte hartzaileak Cloughjordan-eko ekoherrian bildu ziren, WeCreate gunean. Komunitate jasangarri honek kontsumo baxuko 55 eraikin, 27 hektareetako basoa, energia berriztagarriak ekoizteko eremua, landa esperimentala burutzeko baratzeak eta komunitate baserria ditu, besteak beste. Testuinguru honek komunitate dinamika desberdinak ezagutzeko aukera eman zuen, batik bat erresilientzia eta karbono kontsumo murriztua ardatz duen gizarteak klima aldaketari nola egiten dion aurre ikusteko.

SfR School for Resilience proiektua 2014. urtean jarri zen abian eskoletan ingurumen-hezkuntzarako ikuspegi erakargarria garatzeko asmoz komunitateko erresilientzian eta tokiko inguruneko ikaskuntzan oinarrituta (PBL, ingelesez). PBLaren bitartez klima aldaketara egokitzeko eta komunitate erresilientzia indartzeko erremintak esploratu dira.

6 herrialdeetako hezitzaile eta irakasleak bildu ziren Cloughjordanen eta SfR material didaktikoa probatzeko aukera izan zuten. Lankidetza, komunitatearekiko lotura, ekintzailetasuna eta sormena bezalako konpetentziekin lan egin zuten, guzti horiek klima aldaketaren erronkari aurre egiteko helburuarekin hain zuzen ere.

Hizlari adituak ere izan ziren haien esperientziak partekatzen. Peadar Kirby irlandar irakasle ospetsua eta Cloughjordan-eko bizilagunak karbono kontsumo murriztuko gizartea lortzeko hezkuntzaren paper garrantzitsua azpimarratu zuen; Lizzy Noone World Wise Global Schools Project-eko hezitzaileak berriz, aldaketa klimatikoa modu proaktiboan azaltzeko materialak aurkeztu zituen; Mikel Errazkin, Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikas materialgintzan adituak herritartasun aktiboa sustatzeko PBL metodologiaz aritu zen, eta Ikastolek erabiltzen duten materiala testatzeko aukera eskaini zuen ariketa praktikoen bitartez.

Hori gutxi balitz, SfR-eko kide diren 6 erakundeek material didaktikoari buruzko esperientzia pilotoak aurkeztu zituzten, eta elkarrizketa kafea ariketaren bitartez Nola lotu daiteke eskola tokiko komunitatearekin? Galderaren bueltan hausnarketa bideratu zuen Davie Philip ikertzaile irlandarrak.

Laburbilduz, nazioarteko mintegia arrakasta handia izan zuen eta parte hartzaileek haien ikuspegi desberdinak elkarbanatzeko aukera paregabea izan zuten.