Sendavivako basa faunaz egindako azterlan batek agerian utzi du parkeak betetzen duen funtzioa espezieen babesgune gisa

Entomologia, Ornitologia / Espezieen jarraipena

Asteazkena, 2024eko irailaren 4a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 5 minutu

Parkeko ingurumen taldeak koordinatu du “ZooNaGreen” proiektua, eta bertan parte hartu dute Aranzadi Zientzia Elkarteak, Nafarroako Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Bi urteko ikerketaren ostean, azterlanaren ondorioetan azpimarratu dute parkean bizi diren mikrougaztunen eta mesougaztunen ugaritasuna eta dibertsitatea, eta parkearen garrantzia eremu gizatiartuetako ibaietan bizi diren hegazti urtarrak babesteko.

Nafarroako Sendaviva abentura eta olgeta parkea biodibertsitatearen aliatu bihurtu da bere hogei urteko ibilbidean. Izan ere, kanpoko basa faunaren parte batentzako babesgunea izateaz gain, inguruneko zenbait espezieren ugalketa ere bultzatzen du. Hori da “ZooNaGreen” proiektuak bildu dituen ondorioetako bat. Parkeak berak finantzatu eta koordinatu du lana, eta bertan parte hartu dute Aranzadi Zientzia Elkarteak, Nafarroako Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, 2023an eta 2024an egindako ikerketa zientifikoarekin.

Proiektuaren bidez argitu nahi zuten ea Sendaviva modu arduratsuan bizi den eskualdeko basa faunarekin, kontuan hartuta bere esparruan fauna eta flora errespetatu, zaindu eta sustatzen direla, landareak landatuz, landaredia zainduz eta urguneak sortuz. Horretarako, 2023ko apiriletik aurtengo uztailera bitartean, parkeko eta ingurunetako basa espeziak aztertu zituzten.

Lau lantaldetan aritu dira, Efrén Fernándezek, Sendavivako Ingurumen Saileko proiektuen koordinatzaileak koordinaturik. Proiektuan ahalegin handia egin dute lagin zabala hartzeko. Ikerketan hogeita hamar tranpa kromatiko erabili ziren intsektu polinizatzaileak erakartzeko, eta haien bidez ia 6.000 artropodo harrapatu zituzten. Gainera, hegazti habiagileen populazioa ere aztertu zuten, eta 74 espezie detektatu. Bestalde, ezkutuko hogeita hamar kamera jarri ziren sei hilabetez, eta haien bidez basa mesougaztunen 9.606 irudi hartu ziren. Azkenik, 576 gau tranpa jarri ziren lau lur zatitan, zeinen landare estaldura mikrougaztunen populazio egonkorrak bertan bizitzeko modukoa izan zitekeen, edo agian halakoa izan zitekeen iragan hurbilean.

Intsektu polinizatzaileak eta hegaztiak

Aranzadi Zientzia Elkarteak parkeko eta parketik kanpoko intsektu polinizatzaileen eta hegaztien inbentarioa egin du. Beatriz Díaz eta Alberto de Castro ikertzaileek intsektu polinizatzaileen taldea aztertu dute, eta Xabier Esparzak eta Juan Arizagak, berriz, ornitologia lana egin zuten.

Hegaztiei dagokienez, azterlanak 25 km2‑ko eremu bat hartu zuen; 90 lur zerrendako laginak hartu ziren, zerrenda bakoitza 200 metro luze eta 150 metro zabal zelarik.

Horrela, 1.887 kontaktu bildu ziren, 74 espezieri eta guztira 2.866 indibiduori zegozkienak. Hortik, Sendavivako Ornitologia Sailak ondorioztatu du parkeak ugaltzeko aukerak sortzen dituela hegazti urtarrentzat edo uretako habitatekin (bertako lakuari esker) eta habitat antropizatuekin (hau da, gizakiak eraldatuekin) lotura duten espezientzat. Eskualdeko hegaztiei dagokienez, parkeak laguntzen du habitaten hetereogenotasuna handitzen.

Era berean, intsektu polinizatzaileei dagokienez, hogeita hamar tranpa kromatiko erabili ziren erleak eta loreetako euliak aztertzeko, horiek baitira eskualde horretako polinizatzaile garrantzitsuenak.

Aranzadiko ikertzaileek azpimarratu dute ez dagoela diferentzia nabarmenik parkearen barruan eta parketik kanpo erle eta sirfidoei dagokienez, ez indibiduoen kopuruan ez espezieetan, zenbakiak antzekoak baitira (erleen 21 morfoespezie parkean eta 23 parketik kanpo; sirfidoen zazpi morfoespezie barruan eta bost kanpoan). Horregatik, Nafarroako Sendavivako parkea ez da kaltegarria aztertutako intsektuen dibertsitatearentzat.

Mesomamiferoak eta mikromamiferoak

Bestalde, David Galiciak, Nafarroako Unibertsitateko Biodibertsitate eta Ingurumen Institutuko (BIOMA) ikertzaileak, laginak batu zituen lau lur zatitatik, zeinen landare estaldura mikrougaztunen populazio egonkorrak, batez ere basasaguak, bertan bizitzeko modukoa izan litekeen, edo agian halakoa izan zitekeen iragan hurbilean. Talde honetan nabarmendu behar da parkean kopuru handiak harrapatu eta berrarrapatu zirela, eta parketik kanpo, aldiz, ez zela alerik harrapatu.

Datu horiei esker, indibiduoen kopuru osoaren kalkulu oso zehatzak egin daitezke. Oso kopuru handiak dira, alderatzen badira Iberiar Penintsulan egindako beste lan batzuetan lortutakoekin, segurutik Sendavivak landare estaldura trinkoa daukalako.

Azkenik, Jabi Zabalak, Euskal Herriko Unibertsitateko Zoologia eta Animalien Biologia Sailekoak, 30 tranpa kamera jarri zituen pinudietan, tamaina ertaineko basa ugaztun irudiak hartzeko.

Horrela, 9.547 irudi lortu zituen. Horietatik 1.588 Sendavivatik kanpo hartu zituen eta 7.959, berriz, parkearen barruan. Haiei esker basa ugaztunen zazpi espezie detektatu dira. Haietako bi (basakatua eta lepazuria) parkearen barruan baino ez zituzten ikusi, eta beste bi (orkatza eta basurdea) parketik kanpo baino ez —ziur aski Sendaviva inguratzen duen hesiak jarritako muga fisikoagatik—.

Horrek pentsarazten du Sendaviva babesgune eta gordailua dela kanpoko populazioentzat, zeren, neguko hilabeteetan batez ere, mesougaztunak gehiago ibiltzen dira Sendavivako esparruaren barruan kanpotik baino.

Hori guztia kontuan hartuta, esan liteke Sendavivak lortu duela modu arduratsuan bizitzea eskualdeko basa faunarekin batera, eta talde batzuengan ez daukala eraginik (adibidez, polinizatzaileengan); baina, bestalde, parkearen inguruko hesia zeharka dezaketen mikrougaztunek eta mesougaztunek gehiago erabiltzen dutela bertako esparrua, ziurrenik bertako landare estaldurak mesede egiten dielako eta elikagai natural gehiago aurkitzen dutelako. Parkeko azpiegiturek, gainera, babesgune bat eskaintzen diete habitat antropizatuekin eta ur eta ibai habitatekin lotura duten hegaztiei kumeak egiteko, estepako zenbait hegaztiren kaltetan.

Sendaviva

Sendaviva Parke Naturala Nafarroako Arguedas udalerrian dago, eta familientzako aisialdirako erreferente bat da 2004an sortu zenetik. Errege Bardearen ondoan dago, eta atrakzioen, naturaren eta aire zabaleko ikuskizunen konbinazio berezi-berezia eskaintzen du. Azpimarratzekoa da Sendavivak konpromisoa duela ingurumenari buruzko GJHekin, bisitariek turismo eta aisialdi esperientzia aparta izan dezaten, baina aldi berean arduratsua ingurumenari dagokionez.

Garapen Jasangarrirako Helburuetako bat “Lehorreko ekosistemetako bizitza” da, eta haren barruan Sendaviva faunaren kontserbaziorako zenbait proiektutan dabil lanean, adibidez Auila A-LIFE, arrano txitak denbora errealean behatzeko aukera ematen duena, EAZA (Zoo eta Akuarioetako Europako Elkartea) programak, Europako igarabarari, titi buruzuriari eta ipar katamotzari buruzkoak; Kife Lutreola Spain programa, bisoi europarrari dagokiona; eta EEP Saimiri boliviensis programa, saimiri boliviensis tximinoari buruzkoa.

Parkearen helburua da turismo jasangarri eta kalitatezkoaren erreferente bihurtzea, bere ingurunearekin eta pertsonekin konprometitua, eta ingurumenarekiko arduratsua. Arduradunen azken xedea da klimatikoki neutroa den lehen parke naturala izatea, instalazioetan bertan karbono kaptura kalkulatuz eta konpentsatu gabeko emisio zuzenak moteltzeko neurriak abian jarriz.