Sumatzen da Burdin Aroan bazekitela nola antolatu espazioa

Arkeologia

Asteazkena, 2018eko irailaren 19a — CEST

Irakurketa: 7 minutu

Oria ibaiaren ibarrean Burdin Aroko zenbat herrixka topatu dira?

Buruntza Andoainen, Basagain Anoetan, Intxur Tolosa-Albizturren eta Murumendi Beasainen. Lau herrixka topatu ditugu ibaiaren ubide guztian lerratuta. Horrek ez du esan nahi, ordea, gehiago ez daudenik. Gipuzkoan, Burdin Aroko hamaika herri topatu ditugu orain arte eta Oriako bailaran dauden lau hauek, esate baterako, begi kolpe batean bata bestearekin lotuta daude.

Lehenengo indusketak Intxurren egin zenituzten eta ondoren aurkitu zenuten Basagaingo herrixka.

Bai. 1989an izan genuen Basagaingoaren lehen albistea. Ordurako urteak generamatzan Intxurren indusketak egiten. Gure aurretik bertan aritu zen Jose Migel Barandiaran eta egiturak bai, baina ez zuen materialik topatu. Gu hasi ginenean, lehenengo etxebizitzak, burdinez egindako lehen piezak, apaingarriak eta beirak agertu ziren. Informazio hori oso garrantzitsua izan zen, Euskal Herriko isurialde atlantikoa, Europaren maila berean kokatzeko. Ordura arte, uste baitzen Burdin Aroan jendea kobazuloetan bizi zela Kantauriko isurialdean. Hori sostengatzeko argumentu nagusia zen, mendialdean ezinezkoa zela aire librean bizitzea. Baina hori pentsatzea absurdoa da, Europako erdialdean Burdin Aroko herrixka ikusgarriak topatu baitira, hemengoak bezalako parajeetan, mendiz inguratutako bailaretan.

Nola mantendu dira Burdin Aroko herrixka hauek?

Mediterraneo isurialdean askotan lurraren gainazalean topatu izan dira materialak, baita zeramikak ere. Hemen, berriz, katak egin behar izaten ditugu herrixketako egiturak eta harresiak landarediak ezkutatuta egoten baitira. Guk 26 urte daramatzagu Basagainen indusketak egiten eta oraindik asko dago ikertzeko.

Harresiz inguratuta dagoen herrixka da Basagain.

Bai. Garai horretan badaude salbuespenak, Buruntzakoa edo Murumendikoa adibidez, zeinak amildegi baten ertzean dauden. Bi leku horietan amildegiaren eremu hori ez dute ixten, gainerako partea da harresiz inguratzen dutena. Hala ere, Basagaingoa erabat hesituta dago. Dezenteko zabalera du harresiak, hiru metrotik gorakoa. Altuera berriz, 2 edo 2,5 metrokoa duela uste dugu. Anoetakoa ez da herri handi-handia, 2,8 hektarea ditu, baina hori bai, gure ikerketen arabera luzeago mantendu zen denboran. Karbono-14 bidezko datazioak egin ditugu eta K.a. 300. urtean hasi eta K.o. lehenengo hamarkada bitarteko aktibitatea topatu dugu Basagainen.

Zer da harresiak inguratzen duena?

Iparraldera dagoen zonaldean egin ditugun katetan, adibidez, ez da materialik agertu eta horrek adierazten du, seguruena, ganadua edukitzen zutela bertan. Ekialde eta hegoalde aldera, euriarengandik eta haizearengandik babesteko zonaldeetan kokatzen dira etxebizitzak. Sumatzen da bazekitela nola antolatu espazioa. Herrixka hauek oso planifikatuta zeuden eta bertan bizi zirenek bazekiten zer eta nola egin. Harresiak diseinatzerako orduan garaiera kota mantentzen zuten eta sarrerak nondik egin pentsatzen zuten. Lan izugarria eskatzen du horrelako harresi bat eraikitzeak. Argi geratzen da, urbanizazio horiek ondo planifikatutakoak direla.

Zertarako eraikitzen zituzten harresiak?

Lehen pentsatzen zen defentsarako bakarrik eraikitzen zituztela. Baina Burdin Aroko herrixka hauetako gutxi agertu dira erabat suntsituta. Ez dirudi, beraz, hainbesteko gatazka zegoenik haien artean. Badirudi atzera-eragile funtzioa ere bazutela harresi hauek, esango balute bezala, 'argi ibili, begira zenbateko murrua daukadan, ez hurbildu niregana'. Harresiak, boterea edo ospea islatzen zuen, inguruko zein urruneko lurraldeetako jendeen aurrean.

Elkarrekin harremana ba al zuten herrixka hauek?

Badirudi elkarren artean merkataritza harremanak bazituztela, distantzia labur, ertain eta luzera. Europako erdialdetik datozen piezak topatu dira. Esaterako, beira urdinez egindako besoko bat topatu genuen Basagainen. Aurkikuntza horrek argi eta garbi adierazten du bazegoela beste herriekin harremana.

Zergatik utzi zioten herrixka hauetan bizitzeari?

Ez dakigu zehazki. Guk ikertu dugun eremua, adibidez, ez dago erromanizatuta. Nahiz eta gure aroko lehen hamarkadetan, oraindik ere, Basagainen aktibitatea egon, ez dugu erromatarren elementurik topatu, Nafarroa hegoaldeko beste herrixketan agertu bezala. Ez dakigu zergatik utzi zuten Basagaingo herrixka. Argi dagoena da behealdera mugitu zirela.

Izan ere, garai hartako biztanleek aukeratutako kokagunea estrategikoa zen.

Bai, Burdin Aroko herrixkak kaskoetan kokatuta daude, altueran. Basagaindik begi kolpe batean, Oriako ibar guztia kontrolatu zezaketen, baita ere Hernio azpiko bailara osoa ere. Kontrol lekua zen. Babestuta zeuden altu zeudelako, eta aldi berean, komunikazio bide nagusiak menpean zeuzkaten.

Material asko topatu al duzue Basagainen?

Adibidez, zutabe-ziri batzuk agertu dira, lerrokatuta eta harresira atxikita, beraz, hor etxebizitzak zeudela pentsatzen da. Oinarri angeluzuzena dutela dirudi eta paretak lasto-buztinez eta koltzaz egindakoak dira. Estalkiak landarez eginda zeuden.

Nola bizi ziren garai hartan Basagainen?

Nekazaritzaz eta abeltzaintzaz bizi zirela esan genezake. Ehiza oso bazterrekoa zen eta produktuak biltzen segitzen zuten, batez ere, ezkurra eta hurra. Denbora luzean irauten duten produktuak dira, eta uztak huts egiten zienean horrekin egiten zuten aurrera. Basagainen, zehazki, artatxikia da gehien agertzen den laborea. Abeltzaintzari dagokionez, harresia eroritako eremu batean, harriak babestutako batean, hezur batzuk agertu zitzaizkigun. Lurraren ph-a dela eta zaila da hezurrek irautea, baina zortez ardi, behi eta txerri espezieenak topatu genituen.

Zeramika pieza asko agertu al dira?

Gehien agertu den materiala zeramika da. Eskuz egindakoa agertu da gehienbat, eta batzuetan dekoratuta dago, behatzekin edo kordelekin egindako marrazkiekin. Tornuan egindakoa zeramika ere ageri da, finagoa dena; likidoak edo laboreak gordetzeko ontzi handiak edo txikiagoak egiteko erabiltzen zuten. Baina, hala ere, tornuan egindako zeramikaren portzentajea baxua da aztarnategi honetan, aurkitu dugunaren %2a edo %3a, hain zuzen.

Eta burdinez egindako tresnak ere agertu dira Basagainen.

Estrategikoa zelako aukeratu zuten gure arbasoek toki hori bizitzeko, baina baita ere burdin asko zegoelako. Duela gutxi arte egon dira burdina ateratzeko meatzeak martxan eta orain lan talde bat ari da hori ikertzen. Oraingoz, ordea, ez dute laberik topatu. Hori bai, zepa asko ageri da eta horrek esan nahi du bertan burdina landu zutela. Eraikuntzarako erabiltzen diren iltzeak eta materialak topatu dira eta baita nekazaritzarako tresnak ere. Esate baterako, burdinez egindako golde nabarra topatu genuen duela kanpaina batzuk.

Burdin Aroa zein epetan kokatzen da?

Gure Aroaren aurreko milurtekoari esaten zaio Burdin Aroa, eta lehen zatian gutxi gorabehera, ez da burdina agertzen, brontzea da nagusiki erabiltzen dena. Bigarren zatian hasten dira burdina erabiltzen eta nagusitasun osoa hartzen du. Brontzea konplikatuagoa da lantzeko, eztainua ere behar baita eta hori topatzea ez zen erraza. Beraz, Burdin Aroko bigarren partean, dekorazioa eta apaingarrietarako baino ez zuten erabiltzen brontzea.

Eta apaingarriak diren beira-orezko piezak ere topatu dituzue.

Aurkitutako pieza horietako batzuk erakusten dute merkataritza ere bazegoela. Europa erdialdetik etorritako besoko hori topatu genuen, Bordele inguruan agertu dira horrelakoak eta handik ekarritakoa izan daitekeela pentsatzen dugu. Sofistikazio handiko eta gustu handiz egindako bitxiak dira.

Asko geratzen zaizue oraindik ere ikertzeko?

Bai. 500 metro koadroko eremuan ari gara indusketa egiten. Herrixka hauetan zati batean egiten dira azterketak ez eremu guztian. Kontuan hartu behar da, beti ere, osagarriak direla herrixka batean eta bestean aurkitutakoak. Puzzlea osatzeko, zonalde ezberdinetan lan egin behar da eta urte asko behar dira horretarako. Taula bat osatu beharko bagenu bezala da eta museorako pieza ederrak topatzea baino ilusio gehiago egiten digu arkeologooi pieza diferente asko aurkitzeak, horrek gure arbasoak nola bizi ziren azaltzeko balio digulako.

Burdin Aroko zibilizazioa Euskal Herrian aurreratua zen?

Deformazio bat egon dela esango nuke. Kobazuloetan bizi zen gizarte bat irudikatu izan da maiz, atzeratua. Erreferentzia falta bat ere badago. Kontuan hartu behar da Grezia klasikoaren garaiaz ari garela, une horretan, antzokietan antzerki emanaldiak eskaintzen ari ziren han. Ez gaitezen ikuspegi estukoak izan. Gurea gizarte primitiboa izan denaren zama daramagu gainean, ziurrenik biziraun duten aspektu asko ditugulako, euskara tartean. Horrek ez du esan nahi, ordea, hemen bizi zirenak isolatuta zeudenik eta harremanik ez zutenik. Kontuan hartu behar da Pirinioetako pasaleku bat izan dela Euskal Herria eta erromatarrak ere hemendik sartu zirela.


Anoetako Udalak babestutako gunea



Basagaingo aztarnategia 1987an aurkitu zuen Koldo Oria anoetarrak. Egitura batzuk ikusi eta eroritako harresi baten arrastoak sumatu zituen. Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak gerturatu eta lehenengo katak egin aurretik barku-formako errota bat topatu zuten. Indusketei hasiera ematea erabaki zuten. Xabier Peñalverrek lehen aldiz zuzendu zituen indusketa lanak 1994an. Aurten 26. kanpaina dute.


Aranzadi Zientzia Elkarteak koordinatzen dituen indusketak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Anoetako Udalak laguntzen dituzte diruz. «Ezinbestekoa da udalaren ekarpena» Peñalverren esanetan. «Basagaingo herrixka kokatuta dagoen eremua lur jabe askorena zen eta udalak terreno horiek erostea erabaki zuen. Gainera, urtean zehar ingurunea mantentzeko konpromisoa hartu zuen». Iaz, berriz, Burdin Aroko herrixkako ingurunea egokitzeko lan gehiago egin zituzten. Pello Estanga alkateak nabarmendu bezala, «AHTaren Hernialde-Zizurkil zatiak 120 milioi euroko aurrekontua du eta proiektua irakurtzerakoan jabetu ginen aurrekontuaren ehuneko bat kulturarako gordeta zegoela. Aukera bat ikusi genuen Basagaingo indusketa eremuan inbertsio bat egiteko». Herrixka inguratzen duen harresiaren inguruko perimetroan lurrak erosi zituen udalak iaz. Panelak ere jarri ditu hiru dimentsioko irudiekin eta seinaleak ere bai bertara joateko bidea erakutsiz.


Herrian Basagainek duen garrantziaren isla, armarrian ikus daiteke. Erlijio kutsua eta monarkiaren ikurrak zituen aurreko armarriak. Horiek herriaren izaera islatzen ez zutela iritzita, eta Aranzadiren laguntzaz, armarri berria sortzea erabaki zuten herritarrek 2010ean. Oria ibaia, Basagain eta kukua ageri dira bertan.



*Tolosaldeko ataria