Tolosako memoriari buruzko webgune berria herritarren eskura

Aranzadi

Osteguna, 2020eko abenduaren 10a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

  • Tolosako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Giza Eskubideen urraketak ikertu eta jasotzen dituen tolosaoroimena.eus webgunea aurkeztu dute, gaur, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean.
  • Olatz Peon Ormabazabal, tolosako alkatea: “Urte luzeetan gure gizartean pairaturiko eta pairatzen diren giza eskubideen urraketei erreparatzea, gure herriko memoria berreskuratzea eta herritarrekin partekatzea ezinbestekoa da elkarbizitzaren aldeko urratsak egiteko”.

Tolosako Udalak denbora darama, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera, bizikidetza lantzen eta memoria barreskuratzen, Tolosako biktima guztiak gogora ekarri eta aitortzeko, memoria berreskuratu eta herritarrekin partekatzeko, elkarbizitzaren aldeko urratsak egiteko helburuarekin.

2006. urtean ekin zion Tolosak, herrian izandako eta tolosarrek pairatutako indarkeria gertaerak eta giza eskubideen urraketak aztertzen eta horiek ezagutzera emateko lanketa egiten. Geroztik, beste hainbat ekimenen artean, bi liburu argitaratu dira:

  • 2011. urtean, “Memoriaren izenak. Errepresioa eta giza eskubideen urraketa Tolosan, Gerra Zibilean eta Lehen Frankismo garaian (1939-1945) liburua argitaratu zen.
  • 2018. urtean, “Tolosa 1945-1975. Giza Eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean” 2.liburu alea.

Eta gaur, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, aurkeztu dute Tolosako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, giza eskubidien urraketak ikertu eta jasotzen dituen www.tolosaoroimena.eus webgune berria.

Aurkezpen ekitaldian izan dira Olatz Peon Tolosako alkatea, Javi Bueces Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlaria eta Josu Txueka Historia Garaikideko Doktorea, azken honek “Memoria Historikoa eta Giza Eskubideak” hitzaldia eskaini du.

Tolosak eta tolosarrek jasandako minak, webgune batean

Tolosan izandako eta tolosarrek pairatutako indarkeria eta giza eskubideen urraketen inguruko egia ahalik eta modurik zabalenean ezagutu eta dokumentatze aldera, webgune berria martxan jarri du Tolosako Udalak Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean.

Dagoeneko argitaratu diren bi liburuetan jasotako testigantzak, 1939-1945 eta 1945 eta 1975 bitartekoak, barnebiltzen ditu webguneak, baina berriak ere jasoko ditu, webgune bizia delako, eguneratzen joango dena.

Tolosako Udalak dagoeneko martxan du gertuko memoria bilduko duen azken lana eta hortaz, testigantza horiekin ere osatuko da webgunea. Izan ere, horrelako lanak irekiak izaten dira, etengabe eguneratzen delako informazioa: ikerketa eta datu berriak, artxiboetako dokumentu berriak, herritarren ekarpenak...

Horren harira, alkateak, izandako giza eskubideen urraketen biktima guztien aitortza eta erreparazioa ahalbidetze aldera, “Polizia abusuen biktimei buruzko legea” ekarri du gogora eta jakinarazi du, lege honen babesean, biktimak aitortzeko eskaerak aurkezteko aukera oraindik ere irekita dagoela. Herritarrek eskaerak bideratzeko Egiari Zor Fundaziora jo dezakete eta udal webgunean eskura dute informazio eta dokumentazio guztia.

Amaitzeko, alkateak giza eskubideen kultura garatu eta sakontzeko konpromisoa berretsi du eta biktima guztiei babesa adierazi die, “urte luzeetan gure gizartean izandako giza eskubideen urraketei erreparatzea eta horiek azaleratzea eta memoria berreskuratzen jarraitzea ezinbestekoa da elkarbizitzaren aldeko urratsak egiteko”.