Udalbiltzak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Amaiurko gaztelua balioan jartzeko hitzarmena sinatu dute

Aranzadi

Asteazkena, 2015eko martxoaren 4a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Aranzadiko egoitzan egindako prentsaurrean Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakaria eta Juantxo Agirre-Mauleon Aranzadiko idazkari nagusia bildu dira hitzarmena sinatu eta elkarlana finkatzeko. Amaiurko herriak bultzatuta, azken bederatzi urteotan Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek eta Amaiurko bizilagunek indusketa arkeologikoak egin dituzte. Lur azpian gordeta zeuden aztarnak azaleratu egin dira, Erdi Aroko dorre eta harresiak, XVI. mendearen hasierako baluarteak eta ur biltegia, XVII. mendeko gotorlekuak, etab.

Aizpuruaren esanetan “600 bat lagunek hartu dute parte gure herriaren historia berreskuratzeko proiektu honetan, auzolanean, esperientzia eta ilusioa jarriz. Oztopo eta zailtasun ugari izan dira, baina parte hartu duten herritarren borondatea haiek baino indartsuagoa izan da.”

Zenbait erakunderen diru-laguntza ere behar izan da. Lehenbiziko urteetan, Udalbidek lagundu zuen, eta gero Udalbiltzak hartu zion txanda. Zehazki, Aranzadirekin sinatu den hitzarmenaren ondorioz, Udalbiltzak 20.000 euro eman ditu lan hauetarako: 10.000 euro 2014an eta beste hainbeste 2015ean.

“Udalbiltzak diruz lagundu dio proiektuari uste duelako memoria historikoa ezinbestekoa dela gaur egun zer garen ulertzeko. Eta Euskal Herrian zenbait toki eta gertakizun mugarri dira, Gernika eta Amaiur konparaziora, eta balio sinboliko handia dutenez, babestu eta bultzatu egin behar dira” dio Aizpuruak.

Agirre-Mauleonek ondo ezagutzen du gaztelu honen garrantzia, bera izan baita azken hamarkadan zundaketa arkeologikoen zuzendaria. “Ikerketak 2006ean hasi ziren, eta momentuan gazteluaren dimentsio eta ezaugarriak ezezagunak zitzaizkigun. Lau urteko auzolanari esker lehenengo fasea amaitu genuen, Erdi Aroko harresi bi mugatu genituen eta, horietako batean, harlanduzko bost dorre identifikatu. 2009tik 2013ra bigarren faseari ekin genion, bigarren harresian 4 dorre identifikatu genituelarik. Honez gain, aipagarriak dira eremuan aurkitu ditugun aztarnak: uharka nagusia, zeramika zatiak, 14 kiloko kanoi balak, armak…”

Garaiko gazteluaren eraikuntza egiturak agerian zeuden, eta zenbait tokitan harresien altuerak eta malkarrak bisitarientzako arriskuak sortzen zituzten. Honengatik, 2014ko kanpaina eremua txukuntzen jardun dute. “pasabide, eskailera eta barandak eraiki ditugu, bisitarien sarrera eta segurtasuna bermatzen dutenak. Honela, gazteluaren uharka, harresien trazatua eta eraikinaren erdigunea ikus daitezke, jatorrizko ataritik” dio Agirre-Mauleonek.

Hitzarmen honen ildoan, Udalbiltzak, Amaiurko herriak eta Baztango udalak larunbata martxoak 7rako festa ekitaldi bat antolatu dute, Amaiurko gazteluan egitekoa, harri hauek berriz ere herriarenak eta jendearenak direla ospatzeko. Udalbitzak gonbidapen ofiziala bidali die Nafarroa Garaiko eta Nafarroa Behereko alkate, auzapez, zinegotzi eta kontseilari guztiei. Gonbidapena, nola ez, mugaz bi aldeetako guztientzat ere bada.