
Urduñako espetxe frankistako beste sei biktima identifikatu dituzte

Antropologia / Auzitegiko antropologia
Astelehena, 2025eko maiatzaren 12a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 6 minutu
Urduñako hilerriko desobiraketa lanak 2024ko abenduan amaitu ziren, eta guztira 93 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dira. Erronka ahalik eta senide gehien aurkitzea da, gainerako 76 pertsonak identifikatu ahal izateko. Urduñako kontzentrazio-esparruan eta espetxean 1937 eta 1941 artean hil ziren 225 pertsonetatik 127 Extremadurakoak ziren.
Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak genetikoki identifikatu ditu Urduñako espetxe frankistako sei biktimaren gorpuzkiak, herriko hilerritik berreskuratuak 2022ko eta 2024ko desobiraketa kanpainetan.
Datozen egunetan, talde bat Badajoz eta Malaga probintzietara joango da, biktima horietako lauren gorpuzkiak familiei modu pribatuan emateko, familiek hala eskatuta. José Gómez Narváez (Badajoz hiria), Manuel Vivas Fernández (Villagonzalo, Badajoz), José Pozo García (Aceuchal, Badajoz) eta Antonio Bootello Negrete (Pizarra, Malaga).
Bertara joango dira Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San José, Gogorako zuzendari Alberto Alonso eta Institutuko memoriaren eta giza eskubideen teknikari bat.
Identifikazio berri horiekin, berreskuratutako 93 gorpuzkietatik, dagoeneko 17 identifikatu eta haien familien esku utzi dira.
Erakundeen arteko lankidetza
Bidaia honen helburua da, halaber, Extremadurako Gobernu-Ordezkaritzako eta Caceres eta Badajozeko aldundietako memoria historikoaren eta demokratikoaren
arloko arduradunekin harremanak estutzea, identifikazio berriak ahalbidetuko dituzten lankidetza-moduak aztertzeko eta bultzatzeko.
Identifikazio genetikoa posible izan dadin, beharrezkoa da hildakoen ondorengoen DNA laginak hezurretatik ateratako laginekin alderatzea. Familiako lagin horiek aukera ematen dute Gogoraren DNA Bankua handitzeko eta identifikatzeko probabilitatea handitzeko; izan ere, askotan, bizirik dagoen senidearen lagin bat baino gehiago eman behar izaten da identifikazioa amaitzeko.
Senitartekoei deia egiten zaie Gogorarekin harremanetan jartzeko. Informazio guztia: https://labur.eus/orduna webgunean, gogora@euskadi.eus, 34 944 032845
Etorkizunean identifikazioak erraztuko dituzten senideen bilaketa Extremaduran bideratzeko arrazoia, hauxe: Urduñako kontzentrazio-esparruan eta espetxean hildako 225 presoen erdiak baino gehiago (127) Extremadurakoak zirelako (125 Badajozekoak eta 2 Caceresekoak).
Hildako Extremadurako preso horiei Gaztela-Mantxako beste 41 gehitu behar zaizkie (34 Ciudad Realekoak, 4 Toledokoak eta 3 Albacetekoak); 22 Malagako espetxetik eraman zituzten, 7 Tarragonatik eta gainerako 28ak Estatuko beste probintzia batzuetakoak ziren.
Identifikatutako pertsonak
- Antonio Bootello Negrete, Pizarrako (Malaga) bizilaguna, nekazaria zen, ezkonduta zegoen eta 2 seme-alabaren aita zen. Matxinadari laguntzea leporatuta, 20 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten eta 1939ko abenduaren 5ean Urduñan espetxeratu, Castuerako Espetxe Zentraletik ekarrita. Hara, Malagako probintzia-espetxetik eraman zuten. 1941eko martxoaren 22an hil zen, gripeak jota, 45 urte zituela. 2022ko abenduan desobiratu ziren bere gorpuzkiak Urduñako hilerritik.
- Aquilino Flores Bautista, jaiotzez Valencia de las Torresekoa (Badajoz), lanbidez jornalaria zen, ezkondua eta 2 seme-alaben aita. Matxinadagatik 12 urte eta egun bateko espetxe zigorra ezarri zioten, eta 1940ko abenduaren 6an Urduñan espetxeratu zuten, Castuerako Espetxe Zentraletik hara bidalita. 1941eko martxoaren 12an hil zen, dokumentazio historikoaren arabera, erreumaz, 38 urte zituela. 2022ko abenduan desobiratu ziren bere gorpuzkiak Urduñako hilerritik.
- José Gómez Narváez, Castuerakoa zen (Badajoz) eta La Haban (Badajoz) bizi zen; arotza lanbidez, ezkonduta zegoen eta 4 seme-alaba zituen. Matxinadari laguntzea leporatuta 20 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten, eta 1940ko otsailaren 25ean Urduñan espetxeratu zuten, Villanueva de la Serenako (Badajoz) Alderdi-Espetxetik ekarrita. 1941eko apirilaren 6an hil zen, 50 urte zituela, eta, espedientean jasotzen denez, abitaminosiak jota. Haren gorpuzkiak Urduñako hilerrian desobiratu ziren, azken indusketa-kanpainan, 2024ko abenduan.
- José Pozo García, Aceuchalekoa (Badajoz), lanbidez jornalaria, ezkonduta zegoen eta seme bat zuen. 1940ko martxoaren 11n sartu zen Urduñan, Almendralejoko Udal Gordailutik eramanda. 1941eko martxoaren 12an hil zen, 48 urte zituela. Urduñako hilerritik atera zituzten gorpuzkiak 2022ko abenduan.
- Zoilo Villar Toledo, jaiotzez Torrenuevakoa (Ciudad Real), lanbidez harakina zen, ezkonduta zegoen eta 7 seme-alaba zituen. 1939ko abenduaren 31n espetxeratu zuten Urduñan, Valdepeñasko Partidu Presondegitik ekarrita, 1939ko apirilaren 8an preso hartu ostean 1941eko martxoaren 12an hil zen, garuneko enbolia baten ondorioz, 59 urte zituela. 2022ko abenduan berreskuratu zituzten gorpuzkiak Urduñako hilerritik.
- Manuel Vivas Fernández, jaiotzez Villagonzalokoa (Badajoz), lanbidez jornalaria, ezkonduta zegoen eta 4 seme-alaba zituen. 1939ko abenduaren 8an espetxeratu zuten Urduñan, Castuerako Espetxe Zentraletik, eta 1939ko azaroaren 13an sartu zen bertan. 1941eko apirilaren 14an hil zen, 46 urte zituela. 2022ko abenduan berreskuratu zituzten gorpuzkiak Urduñako hilerritik.
Identifikazioak zuzentzeko gakoak
Joseba Egiguren ikerlariak egindako lanari esker, Gogora Institutuak 1937 eta 1941 artean Urduñan hildako 225 lagunen zerrenda du; izen-abizenak eta jatorriarekin, besteak beste. Berreskuratutako gorpuzkiak genetikoki identifikatzeko ahaleginak pertsona horien ondorengoekin harremanetan jartzean oinarritzen dira, horrela haien DNA laginak gorpuzkien laginekin alderatu ahal izateko.
Senideak aurkitzeko, Gogora Institutuak biktimen jaioterriko edo bizilekuetako memoria berreskuraketa lanean ari diren erakundeen, ikerketa-taldeen eta elkarteen laguntza du. Preso horiek hil zirenetik igarotako denborak senideak aurkitzea zailtzen du, eta identifikazio genetikoa ere zailtzen du. Izan ere, hezur-hondarretatik atera daitekeen DNAren kalitateak eta DNA erauzten zaion senidearen ahaidetasun-mailak erabakitzen baitu, azken batean, identifikazio genetikoa burutzea.
Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko eta Identifikatzeko Programa
Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatzeko eta identifikatzeko programaren barruan sartzen dira Urduñako hilerriko 93 biktimak berreskuratzeko lanak eta biktima horiek identifikatzeko ahaleginak. Aranzadi Zientzia Elkartearen eta UPV/EHUko Biomics laborategi genetikoaren bitartez gauzatzen da programa hau. Arazadik desobiraketa eta gorpuzkien azterketa forensea egiten du eta Biomics laborategiak DNA Bankuko laginak erkatuz identifikazio genetikoa.
Kontzentrazio-esparrua eta espetxea
1937 eta 1941 artean, Urduñan, Aita Jesuiten ikastetxean, gerrako presoen kontzentrazio-esparru bat ezarri zen; eta, ondoren, 1939ko urrian, espetxe zentral bat, non gutxienez 225 pertsona hil ziren; horietako 24 kontzentrazio-esparruan. Gatibuetako batzuk behartutako langile gisa erabili zituzten inguru horretan hainbat eraikuntza-lan egiteko.
Urduñako kontzentrazio-esparrua 1937ko uztailean hasi zen martxan, matxinatutako bandoak eremu sare bat martxan jarri zuenean preso hartutako gudulari errepublikarrak modu masiboan kontzentratzeko eta Errepublikaren aldeko inplikazio mailaren arabera sailkatzeko. Arbitrariotasuna eta bizi-baldintza kaskarrak ziren izendatzaile komunak: pilaketa, umiliazioak, gosea, hotza, gaixotasunak eta heriotzak.
Eremu horietako gehienak 1939an itxi ziren; batzuk izan ezik, hala nola Urduñakoa (1939-1941), espetxe bihurtu baitziren. Gerra amaituta, Urduña frankismoaren espetxe-politikaren engranajearen parte bihurtu zen, gerra galdu zutenentzat bereziki diseinatua. Presoen profila aldatu egin zen, Euskaditik urrun zeuden lekuetatik zetozen. Horrela, jakina da Urduñan gatibu zeudela hil ziren pertsona gehienak Extremadura, Andaluzia, Gaztela-Mantxa eta Kataluniakoak zirela.
Dokumentazio historikoaren arabera, Urduñako espetxean hildako 225 presoetatik erdia baino gehiago (127) Extremadurakoak ziren (125 Badajozekoak eta 2 Caceresekoak), eta horietako 87 Castuerako espetxetik eraman zituzten.
Hildako Extremadurako preso horiei gehitu behar zaizkio Gaztela-Mantxako 41 (Ciudad Realeko 34, Toledoko 4 eta Albaceteko 3), Malagako espetxetik 22, Tarragonako 7 eta gainerako 28ak Estatuko beste probintzia batzuetakoak ziren.
Urduñan identifikatutakoak
- Fructuoso Llorens Tolosano, Fuente de Maestrekoa, Badajoz.
- Manuel eta Salvador Del Amo Jiménez, anaiak, Villagonzalokoak, Badajoz.
- Alejandro Gómez Hidalgo, Carpio de Tajokoa, Toledo.
- Alfonso Tena Prieto, Don Álvarokoa, Badajoz.
- Domingo Galindo González, La Morerakoa, Badajoz.
- Inocencio Gallardo Rebolledo, Magacelakoa, Badajoz.
- Bernardo Rodríguez Rincón, Campanariokoa, Badajoz.
- Francisco de la Cruz Orellana, Quintana de la Serenakoa, Badajoz.
- José María Hidalgo Balsera, Quintana de la Serenakoa, Badajoz.
- Ramón Torres Donoso, Santa Amaliakoa, Badajoz.
- Antonio Bootello Negrete, Pizarrakoa, Malaga.
- Aquilino Flores Bautista, Valencia de las Torresekoa, Badajoz.
- José Gómez Narváez, Castuerakoa, Badajoz.
- José Pozo García, Aceuchalekoa, Badajoz.
- Zoilo Villar Toledo, Torrenuevakoa, Ciudad Real.
- Manuel Vivas Fernández, Villagonzalokoa, Badajoz.