VI. Ekainfest – Bizi Prehistoriaren xarma
Osteguna, 2015eko ekainaren 4a — CEST
Irakurketa: 4 minutu
Aurtengo Ekainfest 2015 egitarau zabalaz eta indartuaz dator berriz ere. Seigarren edizio hau ekainak 13an ospatuko da. Zestoa prehistoriako bizimodua eta xarmaz gozatzeko festagune bihurtuko da egun guztian zehar. Ekaingo koban duela 14.000 urte zaldi ikusgarriak marraztu zituztenei omentzeko eguna bihurtu da egun hau eta gure arbasoen bizimoduaren xarmaz gozatzeko eta haien bizimodu prehistorikoa goratzeko eguna da Ekainfest.
Zestoako Udalaren babesarekin, Ekainberri, Lili Jauregia, Sastarrain baserri eskola, Zestoako Bainuetxea, Zestoako tabernariak eta Zestoako interpretazio eskola ari dira elkarlanean. Antolaketa taldeak hilabeteak daramatza lanean egitarau zabala eta ikusgarria antolatzeko helburuarekin.
Ekainfest 2015 egitarau aurrerapena:
- “Irrien Lagunak” Ekainberrin izango dira ikuskizun alai eta umoretsu batekin goizean zehar.
- Pottokan ibilaldiak bailaran zehar egiteko aukera.
- Gastronomia prehistorikoaz gozatzeko aukera ere izango da , orein errea bazkaltzeko aukerarekin.
- Esperientzia prehistorikoak lantzeko tailerrak eta erakustaldiak:
- Sua egiten ikasteko aukera egurrez edo harriak kolpatuz.
- Ekaingo zaldia marrazteko aukera, prehistoriako margoez eta teknikaz.
- Prehistoriako ehiza moduak ezagutu eta praktikan jartzeko aukera.
- Gau partean Suaren etorrera” antzezlan handia Zestoako Interpretazio eskolaren eskutik.
Eta guztien gainetik gaur nabarmentzen dugun historiako “II. Prehistoria olinpiadak” ospatuko dira.
Prehistoriako II. Olinpiadak
Zestoa eta Euskal Herriko koadrilei edo tribuei zuzendutako olinpiadak.
2015eko ekainaren 13an, Prehistoriako II. Olinpiadak ospatuko dira Zestoan, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara. Izen-ematea doakoa da eta bigarren olinpiada hauetan parte hartzeko aukera eskaintzen da.
4, 5 edo 6 lagunez osatutako taldeak osatu beharko dira eta tribu bakoitzean neska nahiz mutilek parte hartu ahal izango dute. Ez da inolako ezaugarri fisiko berezirik beharko, ez inolako prestaketarik prehistoriako olinpiada hauetan parte hartzeko; 16 urtetik gorako edonork har lezake parte.
Herri kirolek garai jakin bateko eguneroko lanetan oinarria duten bezalaxe, olinpiada berezi hauetan, prehistoriako bizimoduarekin lotura estua duten kirol frogak gainditu beharko dira. Prehistorian, adibidez, ehizatzeko abilezien jabe izatea garrantzitsua zen biziraupena bermatzeko... prehistoria olinpiadetan horrelako abileziekin erlazionatuko frogak burutuko dira.
Prestatu daitezela beraz, Prehistoriako II Olinpiada hauetan parte hartzeko inguruko gazte koadrilak; abentura bizi eta inoiz ikusi gabeko froga ikusgarriekin, guztiok gozatuko baitugu.
2014ko Olinpiadetan zazpi taldek hartu zuten parte lehia gogorrean. Bost frogetatik pasa eta gero “LGBHT” taldeak eraman zuen urrezko domina, “Anonimus” taldeak zilarrezkoa eta “93koak” taldea brontzezkoa. Historiaurreko frogak gainditzeko indar apur bat, abilezia eta azkartasuna behar dela ikusi zuten parte-hartzaileek, baina humorea eta kiroltasuna errege izan zela argi gelditu zen.
Maiatzak 29an eta ekainak 5ean bilera teknikoak egingo dira parte-hartzaileen zalantzak argitzeko Ekainberrin bertan arratsaldeko 14:30etatik 18:00etara.
Sariak:
- Tribu irabazlea: URREZKO DOMINA + 600 € eskudirutan + zirkuitu termala Zestoako Bainuetxean.
- 2. tribua: ZILARREZKO DOMINA + 350€ eskudirutan + asteburu bat landa-turismo batean
- 3. tribua: BRONTZEZKO DOMINA + 150€ eskudirutan + afari bat Zestoan
- 4. tribua: oparia + Ekainberri Museora bisita eta hango jarduerak egitea
- 5. tribua: oparia + 2 orduko paseoa zaldian eta ondorengo mokadua.
- 6. tribua: oparia + Espeleologia Ekain 2-n.
- Gainerako taldeek saskiak jasoko dituzte oparitzat.
Izen emateak eta zalantzak argitzeko:
Ekainberriko Informazio Bulegoan: Portale kalea 1. Zestoa.
Tel: 943 86 88 11 - info@ekainberri.com