Bilbo eta Aranzadik Gerra Zibileko tunel zaharra eta babesleku antiaereoa modu birtualean bisitatzeko aukera eskaintzen du Zabalbide kalean

Antropologia / Gerra Zibila

Osteguna, 2023eko azaroaren 23a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 6 minutu

  • Aranzadiko lan-taldeak –arkeologo, etnografo, topografo eta Memoria Historikoan adituek osatua- 50 dokumentu historiko baino gehiago kontsultatu ditu eta 1936ko irailaren eta 1937ko ekainaren arteko euskal prentsa zehatz-mehatz aztertu du, azpiegitura horren eraikuntza testuinguruan jartzearren.
  • Bilbok ia 300 babesleku antiaereo izan zituen, gatazkak iraun zuen bitartean biztanleria zibila babesteko.
  • Udalak, gainera, antzinako babeslekua gogoratzeko seinaleak prestatzen lan egin du. Gaurtik aurrera, bi sarrera zaharretan, oroitzapenezko horma-irudi bana ikus daiteke

Aranzadik Gerra Zibilak Bilbon utzi zituen aztarna ugarietako bati buruzko azterketa zehatza egin du. Zehazki, Udalak eskatuta, Zabalbide kaleko (Solokoetxe) tunel-babesleku zaharren eraikuntza dokumentatu eta testuinguruan jarri du.

Lan horren jatorria osoko bilkuraren akordio batean dago. Akordio hori 2021eko ekaineko ohiko bilkuran sinatu zen, EH Bilduk hasieran proposatu eta EAJ-PNVren, Euskal Sozialisten eta EH Bilduren aldatzeko zuzenketa baten bidez onartua.

Aranzadi Zientzia Elkarteari egindako enkarguak hiru alderdi aztertu ditu:

  • Dokumentazio idatzia: dokumentu-iturriak berrikustea eta ikerketa historikoa.
  • Dokumentazio grafikoa eta galerien hiru dimentsioko erregistroa egitea, 3D ostera birtual bat sortzeko, 360º-ko kalitate handiko murgiltze-argazkiekin, ikusleek multzo osoa modu birtualean eta intuitiboan egin ahal izan dezaten.
  • Galerietan aurkitutako elementuak eta objektuak identifikatzea eta dokumentatzea.

Lan hori amaituta dago, eta 9.948,89 euroko aurrekontua izan du (BEZa barne).

IDATZIZKO DOKUMENTAZIOA

Aranzadik ikerketa historikoa egiteko hainbat iturri kontsultatu ditu: iturri bibliografikoak eta hemeroteka, artxiboak– Bilboko Udal Artxiboa eta Euskadiko Artxibo Historikoa – eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua (Gogora). Guztira, eta azken txostena egiteko, 50 dokumentu historiko baino gehiago kontsultatu eta 1936ko irailetik 1937ko ekainera bitartean euskal prentsan argitaratutakoak sakon aztertu dituzte.

Informazio horretatik ondorioztatzen denez, gerra 1936ko uztailean hasi zenetik, tropa frankistek 54 aldiz bonbardatu zuten Bilbo; lehenengoa irailaren 25ean izan zen, Emilio Mola jeneralak Bizkaiko herritarrei errenditzeko deia egin ondoren, hildakoen eta zaurituen kopuru zehaztugabea eraginez.

Lehenengo bonbardaketen ondorioz, Eusko Jaurlaritza biztanleria zibila babesteko egitura batzuk eraikitzen hasi zen. Hala jakinarazi zion ofizio baten bidez Obra Zuzendaritzako Defentsa Obren ikuskatzaile nagusiak Bilboko alkateari berari -garai hartan Ernesto Ercoreca zen- "obra humanitario" gisa kalifikatutako jarduketa batean eta "premia larriko" eraikuntza zela adieraziz.

Kalkuluen arabera, aireko erasoen aurkako 269 aterpe egin ziren urtebetean Bilbon, eta beste hiri batzuetan ez bezala, hala nola Bartzelonan – lur azpian eraiki ziren, masiboki –, babeslekuak egiteko lehendik zeuden eraikinak berrerabili ziren, batez ere sotoak eta tren-galeriak, kasuen ia % 90ean.

Ia 300 aterpe horietako bat Zabalbide kaleko 7. zenbakikoa izan zen. Horren eraikuntza aipatzen duen lehenengo dokumentua, hain zuzen ere, Ercoreca alkateari zuzendutako ofizioa da. Hau da aipamen zehatza – Aranzadik bere txostenean jasotzen duen bezala –: "7. zenbakia igarota, kota handi samarra duen euste-horma bat dago, aurrekoaren antzeko lan bati ekiteko ("aurrekoaren" horrek Donibane Plazatxoan egokitutako aterpeari egiten dio erreferentzia)".

Zehazki, bi galeria ireki nahi zituzten, 15 edo 20 metro inguruko distantziara zeuden bi puntutan, eta, ondoren, lotu, "zentzuzko distantziara, hormarekiko paraleloa zen zehar-lerro batetik".

El Liberal egunkariak, 1937ko otsailaren 6an, une hartan uriak aireko erasoetatik babesteko aterpeen zerrenda argitaratu zuen, bai eta horietara babesleku bila joan nahi zutenen segurtasuna bermatzeko gomendio eta jarraibide batzuk ere. Zerrenda horretan adierazten zen Zabalbide kaleko 7. eta 9. zenbakiek bazutela horretarako erabiltzen zen galeria bat, 200 pertsonarentzako edukiera zuena 200 metro karratuko azaleran. Hainbat sarbide zituen, hain zuzen ere, sarbideren bat bonben ondorioz suntsitzen bazen, biztanleria zibila bestetik irten ahal izateko.

Euskadiko Artxibo Historikoan, gainera, babeslekuei atxikitako Defentsa Pasiboko Batailoian bildutako pertsonei buruzko dokumentazioa dago, eta, lehen analisi batean, Zabalbideko honi atxikita 18 pertsona inguru identifikatu dira.

Are gehiago, badago bibliografia adierazten duena frankismoaren lehen urteetan, erregimeneko agintariak egitura horiek kontserbatzeaz arduratu zirela Bilbon. Horri dagokionez, Bilboko Udal Artxiboan dokumentu bat gordetzen da, "lehendik dauden babeslekuak irekitzeko eta kontserbatzeko beharrezkoak diren obrei" buruzkoa; 11.770 pezeta behar izan omen ziren Zabalbideko eraikinaren mantentze-lanetarako.

DOKUMENTAZIO GRAFIKOA ETA BIRSORKUNTZA BIRTUALA

Aranzadiko taldeak – arkeologoek, etnografoek, topografoek eta memoria historikoan adituek osatua – galeriaren hiru dimentsioko erregistroa egin du Laserscanner 3D sistemaren bidez.

Horri esker, 3D ibilbide birtual bat sortu ahal izan da, 360º-ko kalitate handiko murgiltze-argazkiekin. Birsortze birtual hori esteka honi jarraituz egin daiteke.

ELEMENTU MATERIALAK IDENTIFIKATZEA ETA DOKUMENTATZEA

Espazio horretan aurkitutako elementu materialak, higigarriak eta higiezinak zerrendatu eta aztertzen dira lanean.

Azterketa egin ondoren, Aranzadik dio Zabalbideko galerian, "garai bereko beste babesleku batzuetan bezala, airea berriztatzeko sistema eta elektrizitate-korrontea jarri ziren". Beste material batzuek erakusten dutenez, hodi-sarea zegoen ur-hornidurarako edo ur-korrontea izateko. Hala ere, instalazio horiek guztiak desmuntatu egin dituzte historian zehar, eta, gaur egun, haien arrastoak baino ez dauzkagu, hala nola, berunezko hodi-zati bat, sarreratik hamar metrora aurkituta; portzelanazko argi-isolagailuak, eremu osoan banatuak; aire-haizagailua; burdinazko hodia...

Halaber, kontserbazio egoera txarrean dauden jaurtigaien zorroen 9 ale aurkitu dira: kakoa eta zizela.

Era berean, itxuraz zaharrak diren material batzuek espazio horretako egunerokotasunari buruzko informazioa eman diezagukete: beirazko botilak, esne kondentsatuzko lata, orrazia, larruzko bota bat...

Objektu garaikideagoak aurkitu dira, XX. mendearen bigarren erdialdean espazio hori erabili egiten zela egiaztatzen dutenak, horrela galerietako elementuak, erabilera eta jatorrizko egoera aldatuz. 1959an egindako hamar zentimoko pezetako txanpona, patata frijituen poltsa...

OROITZAPEN-SEINALEAK

Proiektuari amaiera emateko, Udalak antzinako babeslekua gogoratzeko seinaleak egin ditu. Horrela, gaurtik aurrera, bi sarrera zaharretan jarritako horma-irudiak ikusteko moduan egongo dira.

Gerra Zibilean Bilbok pairatu zituen bonbardaketei eta babeslekuei buruzko testuekin eta irudiekin egindako bi horma-irudi dira, esmaltatutako laba bolkanikoz eginak. 130x92 eta 140x70 zentimetro dituzte, hurrenez hurren.

Lan horiek aukera paregabea ematen dute Bilboren historia hobeto ezagutzeko, azpiegitura hori testuinguruan jarriz eta aztertuz, ahaztuta gera ez dadin –ez dadin ahaztu egon egon zirela eta zertarako erabili ziren-, ez eta gerrak gure urian utzi zuen arrastoa ere.

BILBAO IZAN 2023: «GERRA ZIBILA BILBON: ATZERA BEGIRAKO BAT».

Hain zuzen ere, Gerra Zibila eta haren aztarnak ardatz izan dira Bilbao Izan programa kulturalaren azken hilabeteetako programazioan, eta proposamen desberdinak egin dituzte “Gerra Zibila Bilbon: atzera begirakoa” izenburupean. Parte-hartze bidezko aurrekontuen proiektua-ren barruko ekimen bat da, herritarrek onetsitakoa. Bere helburu nagusia da Gerra Zibilaren eta hark urian izandako ondorioen gaineko memoria historikoa indartzea.

Testuinguru horren barruan, eta hainbat jarduera kulturalen ondoren, hala nola bisita gidatuak, Txio Ta Txio bideo laburrak –astero zabaltzen dira udaleko sare sozialetan–, argazki-erakusketak edo familientzako aisialdi-proposamenak, Udalak Edouard Lazargurenen pintura-erakusketa bat antolatu du duela gutxi. Margolari bilbotarra Frantzian errefuxiatu zen gatazka hasi zenean.

Itzulera izeneko erakusketa Abandoko Barrutiko Udal Zentroan (Barrainkua, 5) bisitatu ahal izango da abenduaren 11ra arte.