Zalduako erromatar kokaguneko termak eta grabado antropomorfoa duen hareharri berezi baten aurkikuntza

Arkeologia

Asteazkena, 2019eko uztailaren 24a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Hiri-izaerako aztarnategi garrantzitsua dugu honako hau eta Iter XXXIV galtzadaren Pirinioetako igarobidean dago kokatuta. Astorga-Astorica eta Bordele-Burdigala lotzen zituen galtzada horrek eta egile klasiko erromatarrek Summum Pirineum eta Iturissa kokalekuak aipatzen dituzte baskoien lurralde honetan.

Indusketa-kanpaina eta aurkikuntzak

Aurtengo kanpainan Zalduako (Auritz) herrigune erroatarraren erdigunean kokatutako eraikina industen jarraitu da. Fase eta birmoldaketa ugari dituen eraikuntza konplexua da eta 600m² baino gehiagoko azalera du. Horregatik, oraingoan mendebalderantz zabaltzen diren geletan aritu da lantaldea.

Aste hauetako lanek aurrera zihoaztela, hipotesiak berretsi ditugu, hau da, eraikuntzak terma edo bainu gune funtzioa izango zuela. Hori horrela, ura eta gelak berotzeko erromatarrek erabiltzen zuten hypocaustum sistema topatu da, zoruaren azpitik eta pareten artetik beroa zabaltzeko zerabilten sistema, alegia. Baita termetan ohikoak ziren beste zenbait elementu esanguratsu ere.

Egindako beste aurkikuntza berezi bat hareharri batean landutako grabatu antropomorfoa da eta azpiko aldean hiru hizki ditu. Pieza hau bitxia da, horrelako besterik ez bait da katalogatu Nafarroan beste inon.

MOLA, Museum of London Archaeology museoko ildo metodologikoak aplikatu ditugu esku-hartzean. Londinium-eko arkeologia erromatarrean espezializatutako erakundea da. Lan honetarako, hiru laguneko lantaldea etorri da Londresetik eta indusketa-lanen gidaritzan parte hartu dute. Horrez gain, Aranzadiko arkeologo gazteen belaunaldi berriei prestakuntza ere eman diete.

Lantaldeak uztailaren 28rako bisita gidatua antolatu du aztarnategira. Hitzordua goizeko 11:00etan izango da, aztarnategian bertan.

BIDEOA IKUSI