Zestoa, Historiaurreko ondarearen epizentroa

Arkeologia / Arkeologia indusketa

Osteguna, 2025eko uztailaren 10a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

Gertakari historiko ugariren lekukotasuna gordetzen dute Zestoako lurrek, Urola ibaiaren erdialdea aspaldidanik erakargarri izan baita hainbat giza espezierentzat. Erakusketa honek 1935etik gaurdaino egin diren ikerketen emaitzak erakusten ditu, aurkikuntza-guneak, ikerlariak eta aurkitutako piezak uztartuz.

Behe Paleolitoan duela 300.000 urte giza okupazioa izan zuen Irikaitz aztarnategitik hasi eta 1787 urteko Aizarnako parrokiko hilobietaraino, guztira 21 aztarna-guneen lekukotza erakusten da, 1969an aurkitu zen eta UNESCOk Munduko Ondare izendatu zuen Ekain koba barne. Erakusketan agertzen dira, besteak beste, Amalda, Baio, Danbolinzulo, Amabiturrieta, Irikaitz, Erlaitz, Astui-Gaina, Erraila… Zestoan dagoen Historiaurreko ondare-guneen kontzentrazioa apartekoa da mundu mailan; hainbesteko ondare kopurua izateak herri bakar batean, Zestoa leku berezi bihurtzen du Historiaurrearen ikerketarako eta ezagutzarako.

Aztarna-guneen ikerketari garrantzia ematen zaio erakusketan. Gune bakoitzaren ikerkuntzaren inguruko informazioa biltzen da eta lan hauetan aritu ziren gizon eta emakume ikerlarien lana goraipatzen da. Ikerlarien artean daude, besteak beste: Jose Miguel Barandiaran, Jesus Altuna, Juan Maria Apellaniz, Antxieta Jakintza Taldea, Mertxe Urteaga, Alvaro Arrizabalaga, Maria José Iriarte, Blanca Ochoa, Asier Gómez… Ikerlari hauek guztiak dira gaur egun ezagutzen dugun Zestoako Historiaurreko ondare paregabea mundu mailara zabaltzea ahalbidetu dutenak, aurkikuntza bakoitza historian dagokion lekuan kokatuz.

Gainera, erakusketa honek berebiziko garrantzia hartzen du, aztarnategi hauetan topatutako 32 pieza original ikusgai egongo direlako bisitarien gozamenerako: Baioko errinozeroaren orno zerbikala, Irikaitzeko hareharrizko aurpegibikoa, Erlaitz III-ko bieira handi baten zatia, edo erakusketako irudi nagusian agertzen den Lili Jauregiko azulejo apaindua.

Inaugurazio ekitaldia uztailaren 10an

Maria José Tellería, Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura zuzendari orokorrak uztailaren 10an, 10:00tan inauguratu du erakusketa Ekainberrin.

Ekitaldian izan dira Mikel Arregi, Zestoako alkatea; eta baita Sonia San José, Gordailuko arkeologoa eta erakusketaren edukien arduraduna.

Erakusketa publiko orokorrarentzat ere ikusgai

Erakusketa uztailaren 10tik irailaren 28ra bitartean egongo da ikusgai Ekainberriko liburutegian, Ekainberriko sarrera erosi dutenentzat. Gainera, publiko orokorrarentzat doan eta erreserbapean ikusgai egongo da ostiralero epealdi honetan, 17:00-19:00 ordutegian. Bisita gidatu labur bat eskainiko da ostiraletan 17:15tan gazteleraz eta 17:45tan euskaraz bertan dauden bisitarientzat. Erreserbak www.ekainberri.eus webgunean

Urte osoan zehar zabalik

Ekainberriko bisita urte guztian zehar burutu daiteke eta, bikotekiadearekin, familian edo taldean asteburuan egiteko plan bikaina da. Ekainberriko bisita guztiak gidatuak dira, beraz, sarrerak online eta aldez aurretik erostea gomendatzen dizugu.