Zumaiak memoria historikoa berreskuratzeko proiektua jarriko du abian

Aranzadi

Asteazkena, 2016eko urriaren 26a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Gaur goizean Zumaiako udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin den prentsaurrekoan Zumaiako alkate Oier Kortak eta Aranzadiko proiektu arduradun Javi Buces eta Eneko Sanz historialariak Zumaiako memoria historikoa berreskuratzeko abian jarri duten proiektuaren berri eman dute.




Jakina da Gerra Zibilak gogor eraso zuela Zumaiako udalerria, baita biztanleak ere. Ehunka lagun erbesteratu zituzten eta beste hainbestek errepresio bortitza jasan zuten. “Haiei guztiei, emakume zein gizonei, haur, gazte eta helduei aitortza bat zor diegu eta gizarteak bezalaxe, Zumaiako Udalak ere bere erantzukizuna du memoria historikoaren eta bizikidetzaren alorrean” azaldu du alkateak.

Oraindik pertsona ugari dira Gerra Zibil eta Errepublika garaian herriak eta bereziki herritarrek bizitakoak ezagutzen ez dituztenak. Horregatik, Udalaren helburua da Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin gertakari bortitz haiek pairatu zituzten protagonisten historiari eta Zumaiaren historiari ahotsa ematea.

Memoria historikoa lantzen

Herriko oroimen historikoa berreskuratzean oinarria duen proiektua hiru urtetan gauzatuko da eta hainbat ekimen biltzen ditu: besteak beste, memoria historikoaren liburua, herriko ikastetxeetara zuzendutako hitzaldiak eta informazioa bildu edota helarazteko Oroimenaren bulegoa.

Proiektuari hasiera emateko, bihar bertan zabalduko da turismo bulegoan aipatutako Oroimenaren bulegoa. Azaroaren 17a bitarte egongo da martxan eta bertan zumaiarrek 1936 eta 1945 urteen bitartean errepresaliak jasan zituzten edo kanporatuak izan ziren senide edo pertsonen inguruko informazioa eskuratu edo eman ahal izango dute, besteak beste. Horrez gain, Euskal Herriko agirietan Zumaia eta zumaiarrei buruz dauden datu guztiak bildu eta ahozko testigantzen grabaketak ere egingo dira.

Arreta bulego hori astearte eta ostegunetan zabalduko da. Ordutegia hau izango da: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Ordutegiz kanpo beste edozein zalantza argitzeko herritarrek aukera izango dute esanz@aranzadi.eus helbide elektronikora idazteko edo 943 466 142 edo 699 80 91 30 telefonoetara deitzeko.

Era berean, dagoeneko martxan da memoria historikoaren liburuaren idazketa ere. Prozesu horren baitan Aranzadik ikerketa eta dokumentazio lan sakona egingo du eta testigantzen historiaz baliatuko da, aipatu bezala, Zumaian gertatutakoen egia berreskuratu eta islatzeko.

Gainera, memoria historikoaren proiektua baitan, heziketa saio batzuekin gaiari buruzko unitate didaktikoa landuko da Zumaiako ikastetxeetan. Hitzaldi horiek Aranzadi Zientzia Elkarteak zuzenduko ditu eta helburutzat izango dute garaiko errealitatearen berri ematea eta herriko haur eta gazteek gertakari horiek egungo gizarte eta historian izan duten eraginaren kontzientzia hartzea. Horrez gain, herriko memoria historikoari buruzko liburu bat aurkeztuko da bertako irudi eta datu guztiak biltzen dituena.

Proiektu honen bitartez Udalak helburu du Zumaia eta zumaiarren memoria historikoa berreskuratu, eguneratu eta ezagutzera ematea. “Memoria historikoaren inguruan hitz egiten dugunean gure iraganari egiten diogu erreferentzia, Zumaiaren historiari eta horrekin batera baita gure arbasoek bizitako gertakari eta bizimoduari ere” adierazi du alkateak. “Guztioi dagokigu gure herriaren eta gure arbasoen memoria bizirik mantentzea eta Udalak, erakunde gisa, esfortzu berezia egingo du iragana gaurkotu eta gure herriaren historia egungo gizartera gerturatzeko” gehitu du Kortak.

Halaber, Aranzadiko historialari eta liburuaren egile Javi Bucesek “memoria historikoa metodologia inpartzial eta zientifikoa erabiliaz ikertzen dihardugu” adierazi du eta “gure iraganean gertatutako pasarte ilunenak zintzotasunez argitzen jarraituko dugu” ere azpimarratu du. Amaitzeko, Aranzadiren izenean erakunde publikoen ezinbesteko babesa txalotu eta betiere memoria historikoan baitan elkarrekin sakontzen jarraituko dutela gehitu du.