Euskal Herriko botanikariak Aranzadin bildu dira
Botanika / Herbarioa, Habitaten jarraipena eta kontserbazioa
Ostirala, 2024eko urtarrilaren 19a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
PHYLOPYR proiektua aitzakia hartuta, Euskal Herriko 30 botanikari elkartu dira Aranzadi Zientzia Elkarteko egoitzan. Bilkura horretan, proiektuaren nondik norakoak azaldu eta Euskal Herriko botanikarien sarea egonkortzeko urratsak eman dira.
PHYLOPYR proiektuak Pirinioetako landare loredunen 1.000 espezie bildu eta horien azterketa genetikoak egitea du helburu. Lortuko den informazio genetikoa oso baliagarria izango da bestelako ikerketa lerroak garatzeko. Besteak beste, informazioa lortuko da Pirinioetako landarediaren filogenia eraiki ahal izateko. Baina, horrez gain, herbarioen garrantzia azpimarratu nahi da eta mezu hau, inguruko administrazio eta gizarteari helarazi.
Proiektuak mendiko lan handia eskatuko du. Izan ere, 1.000 landare espezieren pleguak biltzea ez da lan makala. Hori dela eta, Euskal Herriko puntako hamaika botanikarirengana jo dugu sinergia berriak sortzeko. Hau horrela, hainbat erakundeetako adituak izan dira Aranzadiko Botanika Sailak deitutako bileran, besteak beste: IPE-CSIC, EHU, Olarizuko Lorategi Botanikoa, Sestaoko Natur Zientzien Elkartea, CBN eta Aranzadi Zientzia Elkarteko 30 aditu inguru. Bileraren helburu nagusia, proiektuaren lehen urratsak azaldu, eta lan-talde bakoitzak bilduko diren 1.000 espezieak zehaztea izan da. Gainera, parte-hartzaileek ARAN-Herbarioa ezagutzeko aukera ere izan dute. Guztien artean, proiektua bideratzeko aurrera pausuak eman dira, baita botanikarien sarea indartzeko urratsak eman ere!