10 putzu berri sortu eta beste 4 hezegune egokitu dira orain arteko auzolanen ekintzetan

Herpetologia

Osteguna, 2017eko martxoaren 16a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintziatan ekintzak gauzatuko diren arren, momentuz soilik Araba eta Gipuzkoako lau udalerritan egin dira. Momentuz Errenteria, Hernani, Navaridas eta Zigoitian, 10 putzu berri eta jadanik existitzen ziren beste lau hezegune egokitu dira. Adin guztietako jendeak parte hartu du, guztira 70 bat parte hartzaile izan direlarik. Ekintza guztiak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailaren laguntza izan dute, eta bi Foru Aldundien onespena. Horrez gain, lau udalerrietako udalek ere bere babesa eskaini digute, kasu batzuetan euren lursailak baliatu direlarik ekintza aurrera eramateko.

Orain arteko ekintzek helburu ezberdina izan dituzte, Zigoitia eta Hernanin adibidez bi putzu berri sortu dira, baina helburu didaktiko batengatik. Gorbeia Eskolako umeek naturarekin erlazioa duten hainbat eduki landu ahal izango dituzte, eskolatik gertu putzu berri bat sortu baitzaie. Hernaniko Karabeleko nekazal gunean ere beste putzu bat sortu da, bertaratzen diren bisitaldietako jendeak ere lurraren erabilera eta naturaren babesa elkarlanean burutu daitezkeen ekintzak direla jakin dezaten. Beste bi auzolanak eremu babestuetan gauzatu dira: Aiako Harria Parke naturalean bi putzu berri sortu eta lau hezegune txiki egokitu dira, eta Navaridaseko artadi eta sastrakadi guneetan sei putzu berri sortu dira.

Hurrengo geldialdiak Jaizkibel eta Bizkaiko Meatzaldea

Gauzatu nahi diren azken bi auzolanak, Hondarribia eta Ortuellan egingo dira. Jaizkibelekoa, igande honetan, martxoaren 19an, burutuko da eta Txurtxipi erreka egokitzeko lanak izango dira. Alde batetik itsasoak bertaratutako zaborrak jasoko dira eta mikrofaunarentzat babeslekuak sortuko dira bertan dauden hondakin organikoen bidez. Ortuellan aldiz, martxoaren 25ean, bi putzu egokituko dira. Auzolan ekintza hauetan parte hartu nahi duen edonork aurrez izena eman beharko du, 943466142 telefono zenbakira dei eginez edota idazkaritza@aranzadi.eus helbidera email bat igorriz.