
1936-1945 artean gertatutakoak gogora ekarri dituzte Olaberrin

Antropologia / Tokiko memoria historikoa
Astelehena, 2025eko martxoaren 31a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Eraman zutela' dokumentala eta 'Olaberria 1936-1945' liburua aurkeztu dituzte kultur areto berrian. Hirurehun pertsonatik gora elkartu dira ekitaldian.
Maria Laespada Lazpita Aranzadi Zientzia elkarteko historialariak ondutako Olaberria 1936-1945 liburua eta Mikel Balerdi Arruabarrenak eta Deñe Garcia-Bravo Alberdik egindako Eraman zutela dokumentala estreinatu dituzte Olaberriko kultur areto berrian. Bi proiektuen egileek hitza hartu aurretik, txalaparta eta biolontxelo errezitaldia izan dira, eta ondoren, Olaberriko alkatea esker onez mintzatu da herritarrei, euren inplikazioa eskertuz. Jarraian, Lazpitak bere liburua egiteko prozesuaz hitz egin du, baita liburuan aurkitu daitekeena azaldu ere. Ondoren, Balerdik eta Garcia-Bravok Eraman zutela aurkeztu, eta segidan, dokumentala proiektuatu dute. Aretoa txiki gelditu da ekitaldira bertaratu diren hirurehundik gorako pertsonentzat.
Olaberria 1936-1945 liburua
Liburuan 36ko gerran eta frankismoaren hasieran olaberritarrei gertaturikoak kontatzen ditu Laespadak. Aurreneko kapitulua, baina, bigarren errepublikaren ingurukoa da, «gerraren aurrekariak ezagutzeko eta irakurlea kontakizunean kokatzeko». Ondorengo kapituluetan estatu kolpea eman zenetik tropa frankistak Olaberrira sartu ziren artekoak narratzen ditu: giza eskubideen urraketak, erbesteratutako herritarrak, gerrara joandakoak, hildakoak… eta ostean, «tarte luzea» eskaintzen dio urte haietan emandako errepresioari, hala nola errepresio ekonomikoari, emakumeen aurkakoari, epaiz kanpo fusilatutakoei egindakoari… Testigantzei ere tartea egin diela azalerazi du: «Biografia motzen bitartez ahalegindu naiz herritarrei eta herriari gertatutakoa azaltzen».