Scientist Stories
"Estatuek bi ezinbesteko betebehar dituzte: bizitza ororen gabezia arbitrarioa ekiditea eta horrelako zerbait gertatzen denean ondo ikertzea"
Morris Tidball - Binz gaur egun, Nazio Batuen Erakundeko kontalari berezia da, eta zaintzapeko heriotzak eta hilketetan genero-ikuspegia jorratzen ditu, besteak beste. Gainera, Aranzadi Zientzia Elkarteko bazkide da duela hamarkada bat baino gehiagotik.
Nor da Morris Tidball Binz?
Nazio Batuen errelatore berezia naiz 2021az geroztik. Hau da, munduko herrialde guztietan bizitzeko eskubidea urratzen duten egoerei erantzutea tokatzen zait, Estatuei edo inplikatutako alderdiei bidaltzen diedan komunikazioen bidez. Estatuek erabateko betebeharra dute bizitza ororen gabetze arbitrarioa prebenitzeko. Eta hori gertatzen denean, ikertzeko ardura dute. Nire eginkizuna, beraz, Estatuen arreta erakartzea da, arduradunak ikertzeko eta justiziara eramateko.
Horrek ikerketa-osagai bat eskatzen du?
Bai, eta auzitegi-medikuntzako nire profil legalak aukera ematen dit gomendio horiek ildo horretan artikulatzeko. Askotan, herrialde desberdinetara joan behar izaten dut bortxaketa horiek ikertzen direla ziurtatzeko, dela banakako hilketa bat, dela sarraski masibo bat. Iazko urrian Rio de Janeiron izan zen bezala, adibidez.
Ba al dago protokolorik gaur egun?
Bai. Legez kanpokoak izan daitezkeen heriotzen ikerketari buruzko protokoloa egun Minnesotakoa da, ingelesez gold standard deitzen dioguna. Eredu horretara egokitu behar dira ikerketa guztiak. Adibidez, iaz Minneapolis-en gertatu ziren René Gooden eta Alexis Pretiren azken hilketak, Migrazioen eta Aduanen Departamendu Federalaren aldetik. Kasu horiek dei publikoa egitera eraman ninduten, Estatu iparramerikarrari bizitzeko eskubidea errespeta zezan eta indar hilgarriaren erabilera berrikus zezala eskatuz. Beste adibide bat, Karibeko eta Ozeano Bareko itsasontzien aurkako erasoen ondorioz hil ziren pertsonen heriotzak. EEBB-en arabera narkoterroristak ziren, baina definizio hori ez dago nazioarteko zuzenbidean onartuta, beraz heriotza horiek bizitzeko eskubidearen urraketa izan ziren. Hori gertatzen denean, Minnesotako protokoloaren arabera kasuak ikertu daitezela eskatu behar dut.
Protokoloa martxan jartzen da?
Normalean bai, baina batzuetan Estatuek laguntza eskatzen didate. Ukrainan gertatu zitzaidan adibidez. Herrialde osoa bisitatu nuen bi astez eta barneratu ahal izan nintzen Errusiar Federazioarekin izandako gatazka armatuaren esparruan gertatzen zenaz. Gerrako krimenez, bai zibilez eta baita borrokatik kanpo zeuden soldadu ukrainarrez. Hobi komunetan lurperatutak zeuden, eta gorpuak berreskuratzeko eta gorpuzkiak identifikatzeko egindako ahaleginak azaldu zidaten. Horretarako protokoloa aplikatu behar genuen eta lanean geundela, Aranzadiko adibidea jarri nien. Zehazki, Lourdes Herrasti, Paco Etxeberria eta bere antropologia taldearekin 2017an Malvinetan bizitako esperientziaz mintzatu ginen.
Urte hartan Nazioarteko Gurutze Gorrian lan egiten zenuen?
Bai, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeko Auzitegiko Zerbitzuen zuzendaria nintzen, eta erakunde horren eginkizun nagusia da gatazka armatuetan Genovako hitzarmenak betetzen direla zaintzea. Hitzarmen horietan, gatazketako aldeek hildakoak jaso, identifikatu eta familiei eman behar dizkiete.
Testuinguru horretan, Malvinetako Gerrako soldaduak lurpetik ateratzeko proiektu bat kudeatzea egokitu zitzaidan. 2002. urtean, Argentinako Gobernuak laguntza eskatu zion Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari Malvinetako hilerri militar batean Jainkoak soilik ezagutzen duen soldadu argentinar gisa lurperatutako soldadu bakoitzari bere izena itzultzeko. Prozesu horrek zenbait urte iraun zuen Argentinaren eta Erresuma Batuaren arteko negoziazio diplomatikoan, baina azkenean nire esku geratu zen ezartzea. Operazio hau oso konplikatua zen logistikoki: leku urrun bat, iristeko zaila, muturreko klima zuena, eta gainera, denbora oso mugatua genuen eta emaitzak oso zorrotzak izan behar ziren.
Nola egin zenion aurre horrelako erronkari?
Operazio konplexu hori diseinatu, planifikatu eta gero inplementatzea egokitu zitzaidanean, nik ez nuen argi lortzeko gai izango ginenik. Logistikaren ikuspegitik adibidez, uhartean ez zegoen ospitale-azpiegiturarik, are gutxiago medikuntza-legalik berreskuratutako gorpuzkiak in situ aztertzeko. Lekua hezigaitza da, ia basamortua, non 120, 130 edo 150 km orduko haizeak diren arau. Gorpuak ia permafrost-en daude lurperatutak. Gainera, oso epe laburrean lan egin behar genuen, txostena urtebetean entregatu behar baikenuen.
Zalantza asko nituen horretarako gai izango ote ginen, eta Paco Etxeberria izan zen animatu ninduena. Aranzadiren ekarpena ezinbestekoa izan zen, talde horri esker kalitate eta esperientzia goreneko adituak lortu genituen eta in situ gorputegi bat antolatu genuen.
Zailtasun guzti horien gainetik, bertakoek eskaera oso zehatza egin zuten: gorpuak egun berean hobitik atera eta berriz lurperatu behar zirela. Horrek esan nahi zuen, gorpu bakoitza berreskuratu bezain pronto erradiologiatik hasi eta lagin bildumaraino aztertu behar genuela, hau da, autopsiatik hartutako datuak dokumentatu, gorpuzki batzuk zati bigunak baitzituzten oraindik. Halaber, giza identifikaziorako eskeletoa eta odontologia ikertu eta DNA azterketak egin. Hori guztia egun berean, eta egun horren bukaeran, bai ala bai salbuespenik gabe, gorpu bakoitzak bere hilobira itzuli behar zuen.
Eskaera hori errespetatu egin behar genuen, tokiko alderdi diplomatiko, politiko eta sentikor batengatik. Helburu guzti horiek lortzeko, oso gogor lan egin behar genuen, indusketa know-how logistikoa oso eremu konplexuan eduki behar zen, makineria oso modu zehatzean erabiliz. Lourdes, Paco eta bere taldearen esperientzia funtsezkoa izan zen. Uste dut Aranzadi gabe ezin izango zela horrelako operaziorik egin.
Nazioarteko taldea zen?
Taldean partaide ingelesak, mexikarrak, txiletarrak... ere bazeuden. Bi aldeen eskakizunen arabera osatu genuen, argentinarrek zein ingelesek ez baitzuten nahi taldea ingelesa edo argentinarra izatea.
Lana amaitu genuenean, soldadu guzti-guztien txostenak aurkeztu ahal izan genituen, Jainkoak bakarrik ezagutzen zuen soldadu argentinarra irakur zitekeen hilerri baten azpian identifikatu eta izendatu ahal izan genituen, ehun eta hogeita hiru hain zuzen ere.
Zenbat?
Ehun eta hogeita hiru. Horietako bakoitzaren txostenak entregatu ahal izan genituen. Identifikazio fidagarrien kopurua handia izan zen, uharteetan egin genituen ikerketetan oinarrituta, eta gainera azterketa genetikoa eman zigun informazioan oinarrituta. Horrez gain, emaitza horiek berehala transmititu ahal izan genien familiei. Horrelako operazioak ezinbestekoak dira zauriak ixteko.
Zer deritzozu Espainiako Gerra Zibileko gorpuak lurpetik ateratzea nahi ez duten pertsonen iritzia? Memoria historikoa berreskuratzeko lan horren aurka daudenak, alegia.
Hemen dimentsio ezberdinak daude. Lehenengoa giza dimentsioa da. Garrantzitsua da gogoraraztea Espainiako Gerra Zibileko senide batzuk 2000. urtea baino lehen hobitik atera zituztela euren senideak, beraien eskuekin. Jendeak jakinmina dauka. Senideek jakin nahi dute. Familia batzuk oraindik traumatizatuta jarraitzen dute, eta komunitate batzuk duela bi, hiru edo lau belaunaldiko hildakoak atseden hartzen utzi nahi dituzte behingoz. Hori Espainiaren, Argentinaren, Gambiaren, Sri Lankaren, Malaysiaren, munduko herrialde guztien behar gizatiar eta unibertsala da. Hori errespetatu egin behar da.
Beste dimentsio bat printzipioena da. Adibidez, EEBB-etan bertako armadak Lehen Mundu Gerratik gatazka armatuetan eroritako soldaduak bilatzeko sistema bat du martxan. Soldadu baten gorpuzkiren bat aurkitzen dutenean, berreskuratu egiten dute. Ohorea, morala eta etika kontuak direla medio. Termino horiek guztiak eztabaidagarriak dira, jakina.
Eta azkenik dimentsio historikoa dago. Exhumazio batzuk ikerketa arkeologikoaren kategorian sartzen dira. Hori ere garrantzitsua da, gertatutakoari buruzko informazioa ematen baitigu. Zer gertatu zen erromatarren garaian, Erdi Aroan, Aro Modernoan... Gaur egun II. eta I. Mundu Gerrako gudu-zelaietatik lurpetik ateratzen ari dira, zer gertatu zen hobeto ulertzeko. Hau gudu arkeologia izango litzateke.
Nola ikusten duzu gaur egun?
Gerra Zibilean zehar sufritu ziren basakeriak nolabait bizirik dirauenez, batez ere garaileen aldetik, argi dago Estatuak kasu egin behar diola. Eskaera horri erantzutea guztiz legitimoa den beharra eta beraz, errekerimendua. Kasu honetan ez ikusiarena egiteak bihozgabetasun itzel eta onartezina adierazten du.
Guzti honek Marcel Junodek idatzitakoa gogorarazten nau. Espainiako Gerra Zibila bertatik bertara bizi izan zuen Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeko ordezkari bat zen Junod. Garai hartan, laguntza humanitarioa eskaini zuen, alderdi neutral gisa, presoak trukatzeko, gerrako presoak bisitatzeko, ondo tratatuta zeudela ziurtatzeko eta lekualdatutako familiak zaintzeko. Berak Espainian Gerra Zibilean bizitakoa kontatzen du El Tercer Combatiente liburuan. Idatzi zuenaren arabera, senideek beraien desagertuak aurkitzeko laguntza eskatzen zioten: semea, emaztea, anaia…Eta liburu honetan ondo azaltzen du ez duela sufrimendu handiagorik ezagutu desagertutako senide baten bila dabilenarena baino.
Eta Junod gerra askotan egon zen. Hiroshiman egon zen bonbardaketa gertatu eta astebetera, bertan torturatutako jendea ikusi zuen, hilzorian zegoen jendea ikusi zuen, hanka moztu zioten jendea ikusi zuen, era guztietako sufrimendu izugarriak ezagutu ditu. Baina sufrimendu hori beste gauza bat da. Zure senidea bizirik edo hilda dagoen ez jakitea. Etsipen izugarri horrekin bizitzea. Ezin lo egin, ezin bizi... lazgarria da.
Beraz, bihotzetik arantza hori ateratzea atseden hartzea da. Norbaitek esaten didanean ez duela ulertzen gorpuak ateratzeko lanak, galdetzen diet -baina zuek ez duzue giza sentsibilitaterik? Utzi politika alde batera, hau ez da politika. Hau horren gainetik dago.

Morris Aranzadiko osteotekan. Argazkia: Garazi Irigoien.
Egia metodo zientifikoaren bidez bilatzeaz ari gara.
Hori da, eta hori Aranzadik oso ondo egiten du iraganeko galderei erantzuteko jarrera eskuzabal horrekin. Zientziaren bidez ekarpenak egiteaz gain, irabazi-asmorik gabe egiten bait du lan. Aranzadiko egoitzaren sarreran leloak dioen bezala: Ez dago etorkizunik zientziarik gabe, ezta iraganik memoriarik gabe ere.
Esaten ari garenaren arabera, memoriarik gabeko etorkizunik ere ez dagoela esan genezake.
Erabat. Eta horrek Historiaren errebisionismoaren arriskura narama. Ni Txilen jaio nintzen, Argentinan hazi nintzen, Hego Konoko diktaduren lekuko izan nintzen, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Hego Amerikan ezarritako erregimen zibiko-militar horien lekuko. Errebisionismoarekin, batzuk iragana edulkoratzen saiatzen dira: hau ez zen gertatu, ez zen horrela izan, benetan ez ziren sarraski horiek egin, ez zen hainbeste tortura egon, gehiegikeria bat da. Argudio horrek interes politiko hutsa du. Eta nik galdetzen diet: Zer gertatzen da hilobi komun batetik 30 – 40 gazte ateratzen ditugunean denak burezurran tiro bat dutela diktadura lazgarri baten aurka egiteagatik?
Errealitate horrek gauzak bere lekuan jartzen ditu. Zientziaren bidez ikusten duzun errealitate horrek egiaren leihoa irekitzen dizu eta gauza bakoitza bere lekuan jartzen du. Kontuz diskurtso errebisionistarekin, dena ukatzeraino eboluzionatu baitezake. Horretarako, zientziak errealitatea ikusten laguntzen du eta erakundeek euren legeak eta mekanismoak sortzeko oinarri gisa balio du, berriro gerta ez dadin.
Baina, horrek ez du eragozten berriro gertatzea, ezta?
Ez, baina askoz zailagoa egiten du.