Aldundiak Lourdes Herrasti eta Paco Etxeberriaren ibilbidea aitortuko du, memoria demokratikoa berreskuratzen egindako ekarpenagatik

Antropologia / Auzitegiko antropologia, desobiratzeak, Gerra Zibila

Astelehena, 2026eko uztailaren 13a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

Omenaldi instituzionala uztailaren 17an izango da, 18:00etan, Aieteko Jauregiko lorategietan, 1936ko estatu-kolpearen eta Gerra Zibilaren hasieraren 90. urteurrenarekin bat eginez.

1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpearen eta Gerra Zibilaren hasieraren 90. urteurrena dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak memoria eta aitortza ekitaldi instituzionala egingo du datorren uztailaren 17an, 18:00etan, Aieteko Jauregiko lorategietan. Aiete memoria-lekua eta Giza Eskubideen Etxearen egoitza izanik, esanahi bereziko gunea da ekitaldi hau hartzeko.

Aurtengo ekitaldian, Gipuzkoako Foru Aldundiak Lourdes Herrasti eta Paco Etxeberria omenduko ditu. Biak erreferente dira frankismoaren biktimen ikerketan, desagertutako pertsonen hobien lokalizazioan, gorpuzkien berreskurapenean eta identifikazioan, eta haien ibilbideak ekarpen erabakigarria egin dio memoria demokratikoaren, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren aldeko lanari.

Aitortza hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko Zuzendaritza Nagusiak sustatu du. Memoria demokratikoa zaintzeko erakundeak duen konpromisoaren adierazgarri da, eta, aldi berean, helburu du giza eskubideen aldeko konpromisoa, ikerketa historikoa eta zorroztasun zientifikoa oinarri hartuta, hamarkadetan zehar biktimen nortasuna eta duintasuna berreskuratzen eta haien senideei erantzunak ematen lagundu duten pertsonen lana aitortzea.

Memoria eta aitortza ekitaldia

1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpearen eta Gerra Zibilaren hasieraren 90. urteurrenarekin bat eginez, Gipuzkoako Foru Aldundiak memoria eta aitortza ekitaldi instituzional hau antolatu du beste behin ere, oroimenerako eta gogoetarako gune bat eskaintzeko asmoz. Aurreko urteetan, Gerra Zibileko eta diktadurako biktimak omendu dira, baita memoria demokratikoaren alde lan egin duten pertsona eta erakundeak ere.

Aurten, berriz, frankismoaren biktimen inguruko egia argitzen, hobiak lokalizatzen eta gorpuzkiak berreskuratu eta identifikatzen egindako ekarpenagatik nabarmendu diren bi profesional izango dira omenaldiaren ardatz.

Gogorarazi behar da Paco Etxeberriak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Giza Eskubideen Saria jaso zuela bere garaian. Lourdes Herrastik, berriz, erakundearen lehen aitortza instituzionala jasoko du, arkeologia forentsearen eta memoria historikoa berreskuratzeko lanaren arloan egindako ibilbide eredugarriagatik.