Ia 300 mikrohezegune topatu dituzte Euskal Herrian #Txiobatputzuan hiritar zientzia programaren lankidetzari esker
Asteartea, 2021eko otsailaren 2a — CEST
Irakurketa: 3 minutu
Aranzadiko herpetologia sailak (anfibio eta narrastien ikerketan adituak) azaroan jarri zuen abian herritarrei zuzendutako zientzia-kanpaina sare sozialetan #txiobatputzuan izenburupean.
Bertan, herritarren laguntza eskatzen zen baso-igel gorriak Euskal Herrian duen banaketa-mapa osatzeko asmoz. Hala, Euskal Herriko putzu batean espezie horren errunaldia topatzen zuten pertsonek sare sozialetara bidali behar zuten #txiobatputzuan traola erabilita. Mezuan errunaldiaren eta putzuaren argazkiak eta geolokalizazioa gehitzeko eskatzen zen. Baso-igel gorria da Euskal Herriko anfibio goiztiarrena eta, Gipuzkoako toki batzuetan, haren erruteak urrian ere ikus daitezke. Dena den, ugalketa-aldia martxora arte luza daiteke altitude baxuan eta, Pirinioetako goiko eremuetan, maiatzean ere ikus daitezke igel honen erruteak.
Hilabete horietan, Aranzadik bultzatutako herritarren zientzia-ekimenari esker, ia 300 aipu jaso dira. Ondorioz, beste horrenbeste mikrohezegune zerrendatu direla esan dezakegu eta haietako batzuk berriak dira. Datu horiek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren baitan dagoen Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistemean txertatuko dira eta baita ornitho.eus plataforman ere.
“Erregistratutako aipu bakoitzak oso informazio baliagarria izan liteke anfibio espezieen banaketa area osatu, kontserbazio-egoera ezagutu eta habitata aztertzerako orduan. Jasotako datuak ikusita, herritarren kanpaina hau argitalpen zientifiko-dibulgatibo bihurtzeko aukerarik badagoen aztertzen gabiltza”, azaldu du Iñaki Sanzek, Aranzadiko herpetologoak.
Gizarteak hezegune horien inguruan duen iritziak 180 graduko aldaketa jasan du; izan ere, aurreko mendean suntsitu eta ospe txarra eman zitzaien, baina gaur egun, babestu egiten dira eta, pixkanaka, lurralde batzuetan hezeguneen sarea handitzeko lanean ari dira. “Hezeguneak sortuta edota lehengoratuta, naturarekin dugun zorraren zati bat kitatzen dugu”, aipatu du Iñaki Mezquitak, odonatuak (sorgin-orratzak eta burruntziak) ikertzen dituen adituak.
Europako 2030 Bioaniztasun Estrategiak bere lerro nagusien artean, erreka eta hezeguneen babesa eta lehengoratzea barneratzen ditu, gauzak honela generazio berrien funtsen parte bat (Next Generation EU) fisikoki txikiak baina biologikoko handiak diren ekosistema ahul hauen kontserbaziora bideratu beharko lirateke.
Aranzadik 20 urte daramatza mikrohezeguneen sarea handitu nahian, hiru helburu kontuan hartuta: espezie mehatxatu batzuen kontserbazioan laguntzea (gailurretako uhandrea eta baso-igel jauzkaria, adibidez), aniztasun biologikoa handitzea, batez ere naturagune babestuetan eta eskoletan gai hauek lantzea.
Horrekin lotuta, Eskoletako Urmaelen Sarea proiektuarekin ere ari gara lanean. Ikastetxeei zuzenduta dagoen proiektu horren xedea da hezegunea hezkuntza arloko curriculumean jasota dauden konpetentzia asko landu ahal izateko laborategi natural bihurtzea. Lehen hezkuntzatik unibertsitatera arteko ikasleak jasotzen ditu proiektuak, hezkuntza maila guztietara egokitzeko aukera ematen baitu. www.urmaelaeskolan.eus