Amaiurko memoria demokratikoa jasotzen duen erakusketa zabaldu da Bergarako Laboratorium museoan

Etnografia

Astelehena, 2022eko ekainaren 20a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 4 minutu

Bergarako Laboratorium Museoan ikusgai dago ekainaren 20az geroztik 'Amaiur 1922-1936 Memoria demokratikoa' erakusketa. Gure historian erreferentea den memoria tokiaren ibilbide historikoa biltzen duen aldi baterako erakusketa da. Ekainaren 20tik irailaren 11ra bitarte egongo da bertan. Bisita gidatuak egingo dira. Uztailean eta abuztuan, ohiko bisita gidatuen tratamendua emango zaie, alegia, 11:00etan eta 12:30ean egingo dira, Bergarako turismo bulegoak eskaintzen dituen 5 aukerei gehituko zaie, eta unean dauden pertsonek hautatuko dute zein egin. Propio ere eska daitezke aurretik, gainontzeko bisita gidatuak bezala.

Erakusketaren antolatzaileak Laboratorium Museoa, Olaso Dorrea Fundazioa eta Bergarako Udala dira, Aranzadi Zientzia Elkartearen komisariotzarekin. Lau erakundeetako ordezkariek egin dute erakusketaren aurkezpena Laboratorium Museoan.

Bergarako alkate orde Ainhoa Letek Museoaren izaera sozialari eta eragileen arteko elkarlanari egin die erreferentzia. “Ohituta gaude Laboratoriumen zientziari lotutako erakusketak egiten, eta gure jarduera bereziki zientziari, berrikuntzari eta teknologiari lotzen diegu, baina harago doan ekarpena ere egiten du museoak, eta gure historiari, arteari... lekua ere egiten diogu, dibulgazioaren bitartez herritarren eskura jartzen beste hainbat gai. Erakusketa honi lotuta, beste hainbatetan aipatu dudan elkarlanaren ideia ere nabarmendu nahiko nuke. Hemen gauden lau erakundeak elkarlanean aritu gara, eta elkarlan horrek berak ematen dio balio erantsia egunero egiten dugun lanari”.

Bergarako alkate Gorka Artolak memoria berreskuratzen Bergarako Udala egiten ari den lanarekin lotu du erakusketa. “Etorkizuneko Bergara eraikitzeko egiten dugu lan, baina aurrera egiteko ezinbestekoa atzera begiratzea, historia ezagutzea, aitortza egitea, memoria berreskuratzea. Hainbat lan egiten ari gara Bergaran ildo horretan, besteak beste, Aranzadirekin, eta orain, museoaren bitartez Euskal Herriko historiari leku bat egingo diogu”.

Erakusketa jartzeko proposamena Olaso Dorrea Fundazioaren bitartez jaso zuen Laboratoriumek. Maite Aristegi Olaso Dorrea Fundazioko Patronatuko kideak esan duenez “Amaiur euskal narratibaren ezinbesteko ikurra da, gure askatasunen defentsan euskal herritarrak noraino gauden emateko prest azaltzen duena. Lauaxetak zioen bezala “dena eman behar jako maite askatasunari”, eta hori egin zuten Amaiur gazteluan eta hori egin zuten berriro ere Amaiur batailoiko kideak 1936ko gerran.

Aranzadi Zientzia Elkarteko Maite Errartek azaldu ditu erakusketaren nondik norakoak. Nabarmendu du “Amaiurko monolitoaren eraikitzea edota Eusko Gudarosteko batailoi batek Amaiur izena izatea ez da kasualitatea. Amaiur gure iruditeria kolektiboan dagoen gune bat da, eta erakusketa honek oroimen horren eraketaren erroetara eta zergatira jo nahi du. Oroimen tokiak, historiaren, egiaren eta mitoaren arteko eremu batean sortzen dira, eta hortik abiatuta gutako bakoitzak bere kontakizunak sortzen ditu hauen gainean”.

Amaiur, oroimen gune

Munduko herrialde guztiek dituzte oroimen-lekuak, eta horien inguruan, hainbat arrazoirengatik, era guztietako sentimenduak biltzen dira. Honakoak batzuetan kontrajarriak izaten dira, baina, dena den, herritarren interesa pizten dute. Amaiur leku horietako bat da. Leku historiko batek hainbeste sentimendu sortzen dituenean hartzen ditu, hain zuzen ere, oroimen-leku gisako bere sinbolismo eta dimentsioa.

Erakusketa honen bitartez, XX. mendearen hasieran askatasun demokratikoaren nahiz Errepublikaren defentsan borroka egin zuen belaunaldi batek Amaiur nola ulertzen zuen aurkeztu nahi da, modu sintetiko batean. Belaunaldi honen protagonistak, adibidez, Arturo Campion (1854 – 1937) humanista eta politikoa; Telesforo Monzon (1904 – 1981) idazle eta politikaria; edota Bittori Etxeberria (1908 -1997) politikari eta feminista dira.

Halaber, Gerra Zibilean erresistentzian parte hartu zuen gudarosteetako batek “Amayur” izena jaso zuen, Nafarroako Erreinuaren konkistaren testuinguruan, militarki hobe prestaturiko tropen aurrean, Amaiurko gaztelua eutsi zuen eta erregimen legitimoarekiko leiala izan zen erresistentziaren omenez.

Erakusketa honek erreparazio-keinu apal bat izan nahiko luke, frankismoko altxamendu militarrari aurre egiteko Amaiurko erresistentzia bere egin zuten pertsonen sufrimenduari eta giza eskubideen urraketari aitormena egite aldera. Hura izan baitzen Amaiur oroimen-leku bilakatzea lortu zuen jenerazioa.

Hainbat erakunderen laguntza du erakusketak

Amaiurko Gaztelu Elkartea, Amaiurko Herria, Baztango Udala, Espainiako Kultura eta Kirol Ministeritza, Sabino Arana Fundazioa, Irujo Etxea, Javier Ciga Fundazioa, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Saila eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntza jaso du erakusketak.