Anartz Ormaza
Bakio, Bizkaia, 1981
Espezialitatea
Kultura-ondare eraikiaren kontsolidazioa eta birgaitzea
Biografia
Arkitektoa da Donostiako Arkitektura Goi Eskolatik, eta bosgarren maila Staatliche Akademie der Bildende Künsten (Arte Plastikoen Estatu Akademia) egin zuen Stuttgarten (Alemania). Lurraldearen Antolamendu eta Kudeaketan Graduondoko Unibertsitate Espezialista da eta "Lurraldea eta hizkuntza: hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa" graduondokoa ere egin zuen.
Aranzadi Zientzia Elkarteko jarduneko bazkidea eta Arkeologia Saileko ohiko kolaboratzailea da, eta bertan hainbat proiektu garatzen ditu eraikitako kultura-ondarea babesteko, sendotzeko, birgaitzeko eta balioesteko: harrespilak edo menhirrak zutik jartzetik hasi (Arribiribileta, Jaizkibel,…) eta XIX. mendeko gotorlekuak balioan jarri arte (Seranteseko gotorlekua eta dorrea, Erdi Aroko Oiartzungo Beloaga gaztelua, Jaizkibelgo dorrea, Lekeitioko Garraitz irlako aztarna erlijioso eta militarrak,…). Antropologia Sailarekin, Sevillako San Fernando hilerriko Pico Rejako hobi amankomuneko giza-aztarnak biltzeko memoriala ere diseinatu zuen, adibidez.
Aranzadi Zientzia Elkartearen barruan, zenbait proiekturen zuzendaritza edo koordinazioa egin du: “Begoñako Argia” proiektuaren zuzendari-koordinatzailea izan zen (Begoñako hilerri zaharraren inguruko memoria historikoaren inguruko ikerketa, prestakuntza eta dibulgazio proiektua), Bilboko Zabalbide kaleko galeria-babesleku antiaereoari buruzko ikerketaren koordinatzailea izan zen edo Santurtziko “Serantes Natura” Lantegi Eskolako zuzendaria izan zen, besteak beste.
Bilboko Teo Arkitektura estudioko bazkide sortzailea ere bada. Era berean, Udako Euskal Unibertsitateko Arkitektura Saileko zuzendarikidea ere bada, eta arkitektura, ondarea, paisaia eta hirigintza gaien inguruko dibulgazioa egiten du irrati eta telebista saioetan.