«Banaezinak» Erakusketa ikusgai dago Zumarraganm gizakiaren eta naturaren arteko historia partekatua ezagutzeko

Arkeologia, Botanika, Etnografia, Ornitologia / Dibulgazioa

Ostirala, 2026eko azaroaren 6a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

Aranzadi Zientzia Elkarteak Jasangarritasun Departamentuarekin elkarlanean ekoitzitako erakusketa ibiltaria azaroaren 22ra arte egongo da ikusgai Zelai Arizti kultur etxean.

Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeak «Banaezinak. Natura eta gizakia: historia partekatu bat» erakusketa hartzen du azaroaren 3az geroztik. Aranzadi Zientzia Elkarteak ekoitzitako erakusketa ibiltariak gizakiak naturarekin Historiaurretik gaur egunera arte izan duen harremana aztertzen du, eta harreman horrek gure bizimoduan eta ingurunean izan duen eraginaz hausnartzera gonbidatzen ditu bisitariak.

Erakusketa azaroaren 22ra arte egongo da ikusgai Zumarragan. Haren harira, ostiral honetan, azaroaren 6an, bisita instituzionala egin da Zelai Arizti kultur etxean, erakusketaren edukiak ezagutzeko. Bertan izango dira Mikel Serrano, Zumarragako alkatea; Gloria Vázquez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Administrazioko zuzendari nagusia; eta Elena Lacunza, Aranzadi Zientzia Elkartearen ordezkaria.

Erakusketa Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmenaren baitan ekoitzi da, eta ondare naturalaren eta kulturalaren ezagutza herritarrengana hurbiltzea du helburu.

Natura eta gizakia: historia partekatu bat

Naturak bizirauteko oinarrizko baliabideak eman dizkio gizakiari, eta, horri esker, espezie gisa gaur egunera arte iritsi gara. Aldi berean, gizakiak bere beharren arabera eraldatu du ingurunea. Elikadura, babesa, sinesmenak eta gizarte-antolaketa izan dira natura ustiatzeko arrazoi nagusietako batzuk, eta prozesu horren ondorioz paisaia eta ingurunearen bilakaera baldintzatu ditugu.

Naturarekin izandako harreman estu horri esker, gizakiok ezagutza ekologiko zabala garatu dugu. Jakintza hori belaunaldiz belaunaldi transmititu da, eta denborarekin ingurumenaren behaketa zientifikoaren bidez aberastu da. Gure arbasoen biziraupenerako ezinbestekoa izan den ezagutza horrek gaur egun arte iraun du.

«Banaezinak» erakusketak ibilbide historiko hori ezagutzeko aukera eskaintzen du, eta naturarekin dugun loturari buruzko hausnarketa proposatzen du. Izan ere, gizakiaren eta naturaren arteko harremana etengabea izan bada ere, zenbaitetan naturatik urrundu edo hari bizkarra emanda bizi izan gara.

Erakusketaren helburuen artean daude ikertzaileen lan zientifikoari balioa ematea, Gipuzkoako natura- eta kultura-ondare aberatsaren berezitasunak ezagutaraztea eta zientziak gizartearen garapenean duen funtsezko eginkizuna nabarmentzea.

Horretarako, azalpen-edukiez gain, material zientifikoak eta etnografikoak ere biltzen ditu erakusketak. Besteak beste, bisitariek Mutrikuko leize batean berreskuratutako bisonte-garezur baten erreplika, mikroskopioak, historiaurreko aizkora bat eta Aranzadi Zientzia Elkartearen Etnografia eta Ondare Bildumako hainbat pieza ikusi ahal izango dituzte.

Erakusketa Zumarragara iristeak aukera ematen die herritarrei Gipuzkoako ondare natural eta kulturala gertutik ezagutzeko, zientzia-dibulgaziora hurbiltzeko eta gizakiak naturarekin duen harremanari buruz hausnartzeko.

Erakusketa bisitatzeko informazioa

«Banaezinak» erakusketa azaroaren 3tik 22ra egongo da ikusgai Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean, honako ordutegian:

  • Astelehenetik ostiralera: 9:30etik 13:30era eta 15:00etatik 20:30era.
  • Larunbatetan: 10:00etatik 13:30era.
  • Jaiegunetan itxita.