Artikulu tematikoa

Landareen liburutegien zaindariak

Donostiako Aranzadiko egoitzaren eraikin erraldoian, bigarren solairuko ezkerreko korridorearen atzealdean, egunkari zaharrez, eskuzko prentsaz eta kartoizko kuxin marroiez beteriko gela txiki bat dago, informazio baliotsua ezkutatzen da bertan. Han, izkina batean, egurrezko armairu soil bat dago.

Armairu horrek, berez, berokuntza-sistema eraginkorra du barruan, landareak gordeta izan dituzten kuxinez betea. Bero hori egonkor mantendu da gutxienez azken berrogei urtetan, eta funtsezko lana egiten du Aranzadiko Botanika Sailaren proiekturik luzeena sostengatzen. "Lehortzeko gela bat da" dio irribarretsu Michele Bogaardek. Duela bi urte baino gehiagotik ibilbide luzeko lan neketsua egiten du Saileko boluntario gisa: Informatizatu gabe dauden herbarioko landareen pleguak informatizatzen dihardu.

Ameriketako Estatu Batuetakoa da jatorriz, eta Donostian milaka ikasleri ingelesa irakatsi ondoren, Michelek bere pasio handienetako batera bueltatu nahi zuen, naturaren ikerketara, hain zuzen ere. "Nire ikasketa unibertsitarioa baliabide naturalen kudeaketan egin nuen Kalifornian, baina Euskal Herrian finkatu nintzenean ezin izan nuen nire prestakuntza baliozkotu garai hartan". Ezezkoaren aurrean, ingelesa irakastea izan zen bere aukera, baina Gipuzkoako ondare naturala bistatik galdu gabe. Hori dela eta, Fraisoro Eskolan gradu bat egitera animatu zen, eta praktika batzuen bidez iritsi zen Aranzadira.

Hasieratik, liluratuta gelditu zen natura-ondarearen ikerketan, kudeaketan eta sozializazioan egiten den lan sakonarekin. Herpetologian hasi zen arren, laster egin zuen jauzi Botanika sailera, eta berehala ikusi zuen Aranzadiko herbarioan sailkatu gabeko landareen pleguak informatizatzeko beharra.

"Milaka landare lehor dira, horietako asko duela berrogei edo berrogeita hamar urte bilduak, eta harrigarria da ikustea oraindik ere beren haziak, hostoak eta loreen jatorrizko koloreak gordetzen dituztela: horiak, laranjak, bioletak..." dio Michelek, txundituta. Izan ere, ARAN Herbarioa 1980an sortu zen, Euskal Herriko landaredia ezagutu, kudeatu eta zaintzeko helburuarekin, eta bertan landare baskularren 80.000 plegu inguru kontserbatzen dira, hala nola iratzeak, koniferak eta landare loredunak, besteak beste. Gehienak Euskal Herrian bildu ziren, baina badira Iberiar Penintsulako, Europako eta munduko beste herrialde batzuetako aleak ere. Plegurik zaharrena 1906koa da.

Plegu bat

Ba al zenekien…?

Plegu batek egitura nagusiak dituen landare lehorra gordetzen du, eta baita honako informazioa aurkitu daiteke:

Izen zientifikoa, izen arrunta, bilketaren leku zehatza, data, habitata eta biltzailearen identifikatzailearen izena.

Etengabeko lan sakona

"QGIS softwarearen bidez, herbarioaren pleguetako erregistro analogikoak informatizatu eta mapan geoespazialki koka ditzaket". Michelen lanak konstantzia, kontzentrazioa eta, batez ere, Aranzadin gordetako fitxen xehetasun guztiei erreparatzea eskatzen du. Horretarako, paper-orri bakoitzean garai batean eskuz idatzitako koordenatuak softwarean txertatzen ditu, mapan, gero, kilometro karratu bateko lauki bihurtzen direnak. Lana garrantzitsua da, besteak beste, espezieen banaketaren erregistro historikoa izateko aukera ematen duelako, eta, horrela, datu zaharren eta berrien alderaketa egin daitekeelako.

Aranzadin badago informatizatu gabeko bilduma berezi bat, eta Michelek bilduma horretako ehunka plegu berrikusi eta informatizatu ditu. "Orri gehienetan ale bakoitza jaso eta identifikatu zutenen izenak agertzen dira, eta gehien-gehienetan bi pertsona agertzen dira: Maria Salaberria eta Xabier Lizaur". Funtsezko tandema izan zen Sailaren sorreran, eta baita Euskal Herriko ikerketa botanikoan ere. Biak ala biak izan ziren Eusko Jaurlaritzak 1984an argitaratutako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Landare Katalogoa landu zuten ikerlari taldearen kide. Lan hau inflexio-puntua izan zen gure herriko natura-ondarearentzat, hiru lurralde historikoetako basa-floraren dozenaka mila erregistro eta aipamen bildu eta lehen aldiz sistematikoki kartografiatu baitzituzten. Maria eta Xabier, soinez soin, Gipuzkoako lurralde osoaz arduratu ziren.

Katalogo hori ezinbesteko oinarri zientifikoa izan zen gero ARAN Herbarioa sortzeko, eta oinarri horien gainean idatzi ziren ondoren Floraren Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoak, gune babestuak kontserbatzeko jarraibideak (hala nola parke naturalak eta KBE/Natura 2000 Sarea) eta egungo gida taxonomikoak.

Ikerketaren eta kontserbazio botanikoaren hariak elkartutako bi emakume

Aurrez aipatu moduan, Michele informatizatu gabeko bilduma batekin ari da lanean, eta orain arte bilduma horrek modu informalean “Xabier Lizaurren bilduma” izena hartzen zuen, sailaren bultzatzailearen eta bere ikerketa-ildo ospetsuenaren omenez. Salaberriaren izena, aldiz, historikoki bigarren mailan geratu da. "Garrantzitsua da Maria bezalako emakume zientzialarien lana berreskuratzea, bere lankide ikertzaileenekin batera, Gipuzkoan barrena milaka ale bildu baitzituen artxibatzeko eta aztertzeko" azpimarratzen du Michelek. Izan ere, Mariak laginketa- eta bilketa-kanpaina sakonetan parte hartu zuen laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan, eta gure herrialdean funtsezko bildumak elikatu eta finkatzen lagundu zuen, bai ARAN Herbarioa, bai erreferentziazko beste herbario batzuk, hala nola, Arabako Natur Zientzien Museoko VIT Herbarioa. Gainera, Aranzadiko Botanika Saila sortzen eta sendotzen aktiboki lagundu zuen, eta bere lan-bizitzaren zati handi bat Donostiako Udaleko parke eta lorategiei eskaini zien.

Maria Salaberria botanikoa argazkian.

Horregatik, bere oroimena berreskuratzea gaur egun herbarioaren oinarriak ezarri zituen lanari ikusgarritasuna ematea ere bada. Mariaren eskuek milaka plegu bildu eta prestatu zituzten etorkizuneko ondare gisa, eta, gaur egun, lekukoa ematen dio Euskal Herriko zientzia botanikoa egituratzen duten emakume ikertzaileen belaunaldiari. Berak ereindako haziak sail horizontal eta parte-harltzaile batean ernatu du, non emakumeak gehiengo baitiren. "Botanikako lankideak talde zoragarria dira, sailaren lidergoa txandakakoa delako, eta guztiek elkarri laguntzen diote beren lan-ildoetan eta proiektuetan", dio Michelek.

Lan egiteko modu horizontal eta kooperatibo horrek antzekotasun handia du laurogeiko hamarkadako egiteko moduekin, non dena baitzegoen egiteko eta esploratzeko. Garai hartan ilusioz eta kemenez sortutako proiektuak sortu zituzten, hala nola, ARAN Herbarioa, nahiz eta gizartea oraindik prest egon ez emakume ikerlarien papera aitortzeko. Orain da garaia emakume aitzindariak gogoratzeko, Maria, besteak beste, eta Aranzadiko korridoreen artean hamarkadetan gordetako altxor hau berraurkitzeko eta “Lizaur eta Salaberriaren bilduma” ezagutzera emateko.