Euskal Autonomia Erkidegoko anfibio, narrasti, burruntzi eta sorgin orratzen kontserbaziorako boluntariotza ekintzak

Herpetologia

Asteazkena, 2017eko otsailaren 15a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Lehenengo boluntariotza-jardunaldia, otsailaren 18an, larunbatean, ospatuko da Errenterian, Aiako Harriak Parke Naturalaren barruan. Bi putzu berri sortuko dira eta beste bat egokituko da. Otsaila eta martxoan zehar, hezeguneak sortzeko eta egokitzeko boluntariotza-jardunaldiak egingo dira Euskadiko sei udalerritan. Guztira, sei putzu berri sortuko dira, lau hezegune egokitu eta ubide bat garbituko da.

Ekintzak eremu babestuetan egingo dira batez ere, baina ez bertan bakarrik. Babesik gabeko hainbat eremutan, putzu berriak sortuko dira, horrela, ikasle eta partikularrek kaltetutako inguruneetan egindako hezeguneek ingurumenean eragin ditzaketen onurak ezagutu ditzaten, esate baterako, hirigunetik gertu dauden kokalekuetan. Parte hartu nahi duen orok aldez aurretik izena eman beharko du, bai 943466142 telefonora dei eginez zein idazkaritza@aranzadi.eus helbide elektronikora korreo bat igorriz.

Historikoki anfibio, narrasti, burruntzi eta sorgin orratzek gizakiarengan higuina eragin dute, eta batik bat bi arrazoik mantendu dute jarrera hori: ezjakintasunak eta ezagutza zientifikoan oinarritu gabe errotutako sentimenduak. Jarrera honek sustrai sakonak eduki ditu jendartean eta, soilik, igel eta dortokak izan dituzte begiko, gainontzeko espezieak ordea, bai apo, arrabio, musker, suge, burruntzi zein sorgin orratzak ez dute tratu bera jaso.

Maitatzen dena babesten da, eta ezaguna dena maitatzen da. Gizarte mailan, animalia hauen ezagutza nahiko urria da eta, orokorrean, alderatu gabeko informaziotik eratorritakoa da. Hori zabaldu nahian, Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologo eta entomologoek Euskadiko Naturaren Informazio Sistema izeneko datu basearen edukia zabaltzeko proiektuan parte hartu dute, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak kudeatuta. Anfibio eta narrastiei dagokienez, Euskadin agertzen diren 39 espezietatik 37ren 5500 zita gehitu dira. Aipatutako datu basean, ez dira uhandre piriniarraren ezta iberiar apo pintatuaren daturik gehitu. Odonatoei erreparatuz (burruntzi eta sorgin orratzei), 6500 erregistro berri erantsi dira eta Euskal Autonomia Erkidegoan, guztira, 58 espezie zitatu dira oraingoz, azken hamarkadan espezie berriak gehituz joan baitira.

Nola ezagutu eta gozatu herpeto eta odonatoetaz Euskal Autonomia Erkidegoan?

Animalia hauen behaketa euren ohitura eta berezko habitatek errazten dute. Anfibio eta odonatoak hezeguneetan biltzen dira ugalketan zehar; narrastiak behatzeko, ordea, lekurik aproposenak bide-ertzak eta harrizko horma zaharrak izaten dira. Zoritxarrez, naturatik urrundutako hiritargoak ez ditu ia animalia bakan hauek ezagutzen. Animalia hauek begiztatzeko garairik onena udaberri amaiera eta uda hasiera dela aprobetxatuz, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, anfibio, narrasti, sorgin orratz eta burruntzien identifikaziorako ikastaroak egingo dituzte maiatza eta ekaina bitartean. Ikastaroetako bi aberastasun biologiko handiko kokalekuetan egingo dira, hala nola, Bizkaiko Meatze Eremuko Biotopo babestua eta Arabar Errioxa, non aipatutako animalia taldeen jarraipena egiteko boluntario kopurua oraindik eskasa den. Apirilean zehar, Aranzadik web-gune eta komunikabideen bitartez ikastaro guztien datak eta lekuak hedatuko ditu.

DATAK

ERRENTERIA: Otsailaren 18a, 9:30, Susperregi jatetxearen aparkalekuan.

HERNANI: Martxoaren 4a, 9:30, Karabeleko ekonekazaritza etxaldean.

NAVARIDAS: Martxoaren 11a, 9:30, Navaridas-eko udaletxean.

ZIGOITIA: Martxoaren 12a, 9:30, Zigoitiko udaletxean.

HONDARRIBIA: Martxoaren 19a, 9:30, Justiz-eko merenderoan.

ORTUELLA: Martxoaren 25a, 9:30, Peñas Negras Interpretazio Zentroan.