Aranzadik eta Elkano Fundazioak nerabeei zuzendutako lehiaketa astronomikoa jarri dute abian Lurraren inguruan duten ikuspegiari buruzko gogoeta egiteko

Astronomia

Osteguna, 2020eko otsailaren 13a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Otsailaren 14an izango da Voyager 1 espazio-zundatik atera zuten Puntu urdin margul bat (Pale Blue Dot) izeneko irudi ikonikoaren 30. urteurrena. Irudi horrek Lurraren ikuspegi astronomiko paregabea erakusten du; izan ere, gure planeta espaziotik ikus daiteke eguzkiaren argia dela eta ia hauteman ezin daitekeen izpi gisa.

Argazki ezagun hartan inspiratuta, Carl Saganek, Estatu Batuetako astronomo eta zientzia arloko komunikatzaileak, Pale Blue Dot: Gizakiaren etorkizunaren ikuspegia espazioan liburua argitaratu zuen 1994an. Gizateriak Unibertso handiaren barruan betetzen duen tokiari, etorkizunari buruzko aurreikuspenei eta eguzki-sistemaren gaineko zientziari buruzko filosofia jasotzen du liburuak. Bertan, muga nazionalak desagertu egiten dira eta Lurraren hauskortasuna bistakoa da.

Irudiaren eta ondoren egindako gogoetaren urteurrena ospatzeko, Nazioarteko Batasun Astronomikoak (IAU 100) erakunde astronomiko guztiak gonbidatu ditu 2020ko otsailaren 13a eta 20a bitartean mundu mailako herritartasunaren eta ingurumen-kontzientziaren inguruko jarduerak antolatzera. Gainera, ekimenaren helburua da astronomiaren ikuspegia erabilita klima-aldaketaren inguruko informazioa ematea, bizitzeko egokia den gure bizileku bakarra Lurra dela jabe gaitezen.

Horregatik, eta Nazioarteko Batasun Astronomikoko kide den erakundea garenez, Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomiako sailak 13 eta 18 urte arteko nerabeei zuzendutako lehiaketa antolatu du. Elkano Fundazioak gainera, bat egin du ekimenarekin, munduari emandako lehen itzuliaren 500. urteurrena dela eta. Izan ere, lorpen hari esker, Lurra gizateriarentzako toki komuna zela jakin izan zuten eta Saganek gogoeta hori sakondu zuen Voyager espazio-zundatik Lurrari ateratako iruditik abiatuta.

Parte hartu nahi duten gazteek Zu eta planeta gaiaren inguruko bideoa prestatu beharko dute. Gure bizitoki den planetaren inguruan gazteek agertzen dituzten sentimendu hauen inguruko gogoeta egiteko bideoa izango da: ahultasuna, elkarrekikotasuna, txikitasuna, handitasuna, beldurra, ulermena, harridura eta jakin-mina.

Bideoa mezu pribatu bidez bidali beharko da TIKTOKeko Puntu urdin margul bat kontura edo Gmaileko kontu honetara: puntuurdinmargulbat@gmail.com

Bideoak bidaltzeko epea otsailaren 14an hasi, eta otsailaren 20an amaituko da. Egun horretatik aurrera, TIKTOK plataforman botoa emateko aukera egongo da, eta atsegin dut gehien jasotzen duen lana izango da garaile. Emaitza otsailaren 29an ezagutaraziko dute.

Atsegin dut gehien jasotzen duen bideoak Getariako Elkano Escape Room-erako lau sarrera jasoko ditu aretoaz arduratzen den eXperientziak enpresaren laguntzari esker. Escape room-a munduari emandako lehen itzulian girotuta dago.

Lehiaketa astronomiko hori abian jartzeko asmoz, Aranzadik bideoa egin du irudi ikonikoari eta Carl Saganen gogoetari buruz (euskarara itzulita).

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Elkano 500 Fundazioak elkarlanean abian jarri duten ekimen hori bi erakundeek elkarrekin bideratu dituzten beste batzuei gehitu behar zaie. Horietako batzuk dira, esate batera, izar bati eta haren exoplanetari izena emateko “Elkano – Victoria” hautagaitza eta nabigaziorako astronomiak duen garrantzia ezagutarazteko antolatutako behaketa astronomikoak edo tailerrak.

BIDEOA IKUSI