Aranzadik eta Udalak teleskopioak jarriko dituzte Urgullen mende honetako ilargi eklipserik luzeena erakusteko
Astelehena, 2018eko uztailaren 23a — CEST
Irakurketa: 2 minutu
“Odolezko ilargia” edo “suzko ilargia” izenaz ezagutzen da fenomenoa, ilargia gorri geratzen baita. 4 orduz gertatuko da ilargi eklipse hau, baina erabateko fasean ordubete eta 43 minutuko iraupena izango du. Azkenekoa (urtarrilak 31) ordubete eta 16 minutu iraun zuen fase honetan.
Eklipse hau babesik gabe ikusi daiteke baina prismatiko edo teleskopioekin begiratzea gomendagarria da xehetasunak ikusteko.
Fenomeno hau Lurra, Ilargi betea eta Eguzkia lerrokatzen direnean gertatzen da, eta Ilargiak Lurrak proiektatzen duen itzalean zeharkatzen duenean.
Aranzadiko Astronomia sailak teleskopio batzuk jarriko ditu Urgull mendian eklipse hau ikusi ahal izateko, hiritarrek goza dezaten eta bertan egongo dira azalpenak ematen.
Hitzordua uztailaren 27an izango da. Gaueko 22:00etan Zuloaga plazan eta hortik elkarrekin Urgullera (ikurriña dagoen tokira) joango gara, argi-kutsadura ekiditzeko asmoz.
Argazkia:Iñaki Lizaso.